Zubi bat gehiago Bidasoan
Mauleko auzapez Mixel Etxebest Ikastolen Etxean izan da, gaur, Ikastolen Elkartearekin haurren aisialdirako proiektu bat hitzartzeko. Asmoa da Bidasoaren bi aldeetako haurrek elkar ezagutu eta elkarrekin udako egun batzuk igarotzeko aisialdi programa bat Aurrera eramatea, Maulen. Zuberoako hiriburuko herriko etxeak bi aterpetxe dauzka, Agerri eta Iribarne, eta azpiegitura horiek erabiltzeko aukera eskaini dio Ikastolen Elkarteari.
Aukera hori profitatuta, Ikastolen Elkarteko Aisialdi taldeak egitasmo bat garatu du, Udaleku Elkartearekin elkarlanean. Astebeteko bi egonaldi lantzen ari dira, uztailaren hirugarren eta laugarren asterako. Bidasoaren alde bietako haurrentzat da eskaintza. Aste bakoitzeko taldea ere ipar eta hegoaldeko haur kopuru berarekin osatuko da; hezitzaile taldea ere Bidasoaren bi aldeetako begiraleek osatuko dute.
Euskal Herriko haur guztien artean harreman zubiak eraikitzea du helburu ekimenak, harreman horiek estutu, elkar ezagutu eta elkarrekin uda pasa gozatzea. Inguruko eragileekin ere harremanetan jarri dira eskaintza programa bat osatzeko.
Gaurko bileran, Mauleko auzapeza, Udalbiltzako ordezkari Agus Herran, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Ikastolen Elkarteko Aisialdiko arduradun Nagore Amondarain egon dira.
Agus Herran, Koldo Tellitu eta Mixel Etxebest