Axular Lizeoa, European Week for Waste Reduction Awards sarietako finalista
Donostiako Axular lizeoak sarrera berria du ikasturte honen hasieratik: ikastolara doan errepide izkinan plastikozko 50.000 botila birziklatuz egindako espaloi bat jarri dute. Garapen Iraunkorrerako Espaloia izena eman diote, hain zuzen ere, bi betebehar dituelako: alde batetik, eskolarako sarbidea erraztea, segurtasuna helburu; eta, bestetik, ikasleen eta ikastolako komunitatearen artean jasangarritasunaren balioak bultzatzea. Horrekin batera, ikastolaren sarreran bi eserleku eta bi zakarrontzi jarri dituzte, eta haiek egiteko plastikozko 3.000 tapoi erabili dituzte. Erronka ere bota diote euren buruei: espaloia, eserlekuak eta zakarrontziak egiteko erabili den plastiko kopuru bera biltzea.
Egitasmoak europar mailako aitortza jaso du. Izan ere, Garapen Iraunkorrerako Espaloiak European Week for Waste Reduction Awards izeneko sarietarako aukeratu dute 60 ekintza baino gehiagoren artean, bere ikusgarritasuna, komunikazio-ezaugarriak, edukiaren kalitatea, orijinaltasuna, eredugarritasuna, eragina eta jarraipena kontuan izanda. Ikastolaren proiektua hezkuntza-kategorian aukeratutako hiru proiektu europarretako bat izan da.
Sariak emateko ekitaldia Bruselan egingo da, ekainaren 9an.