Hezkuntza berrikuntzaz eta lidergoaz jardun dugu Eusko Legebiltzarrean
Ikastolen Elkarteko ordezkaritza bat Eusko Legebiltzarrean izan da, gaur, hezkuntza berrikuntzaz eta lidergoaz ikastolen ikuspuntua azaltzera. Nekane Artolak eta Zigor Ibarzabalek, hurrenez hurren Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak eta Hezkuntza arduradunak, hartu dute parte Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza ponentzian.
Ikastolek Hezkuntza berrikuntza hezkuntzaren xedearen baitan eta hezkuntza proiektuari bideratutako gogoeta bezala ulertzen dugula, azaldu dute Artolak eta Ibarzabalek: “Eguneroko praxiaren gaineko gogoeta egitean datza, eta gure antolaketaren eta esku-hartzearen zertarakoan fokua jartzera garamatza”. Berrikuntza alorrean inguruari bezala munduari ere begiratu behar zaiola esan dute, eta eraldaketarako bide orri zehaztu bat ez dagoen arren, argi dagoela beste eredu batzuk aztertu eta gure errealitatera doitu behar direla, eta ondorioz, Euskal Herriko egoera sozioekonomiko eta soziolinguistikora egokitu behar ditugula.
Hezkuntza eraldaketarako palankak zehaztu dituzte ikastolen ordezkariek Eusko Legebiltzarrean. Honakoak lirateke:
Eskola autonomia: Autonomia horri oinarri sendoak jarri behar zaizkio eta bere hezurdura hezkuntza proiektuaren baitan eraiki behar da.
Pertsona eredua: edo ikaslearen irteera profila. Pertsona eredua zehazterakoan, ikaslean ez ezik, hezkuntza komunitatean eta, oro har, gizartean jartzen dugu arreta. Komunitate hori osatuko duten pertsonekin landu eta partekatzen ditugun ezaugarriak zehazten eta lantzen dira. Ezaugarri horien garapenera bideratzen da eguneroko praxia eta gogoeta.
Curriculum proiektua/Euskal curricululuma: Tokiko gaiak eta errealitateak jaso behar dira, eta hezkuntza proiektuan jasotako oinarri pedagogiko edota psikopedagogikoei erantzun behar die. Euskal curriculumak tokiko curriculum horren ezinbesteko osagai izan behar du, bertan jasotzen den kosmobisio propioarekin. Kultur transmisiorako giltzarria da eta baliatuko diren ikasmaterialetan isla izan behar du.
Prestakuntza plana: hezkuntza komunitate osoari begirakoa izan behar du eta profesionalen eta familien ahalduntzea izan behar du helburu. Komunitate kohesionatuago bat eta parte-hartzaileago bat sustatzeko gakoa da hori.
Irakasleen ahalduntzea: Hezitzaileen rol ezberdinetan sakondu behar da; ikerketan jardun, esperimentatu, ebaluatu eta erabaki. Lidergo partekatua gauzatu behar da eta talde indartsu eta kohesionatua lortu.
Eskola antolaketa: Bilera sistematika eraginkorra antolatu eta lan prozesuan sistematizazioa bilatzea. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzeko foroak sortu eta ekintzak antolatzea bilatu behar da.
Lidergoa eta iraunkortasuna: Zuzendaritza taldeen lidergoa eta iraunkortasuna gako nagusiak dira. Eskola funtzionamendura, elkarbizitzara eta elkarlanera bideratuta egon behar du. Berdinen arteko ikaskuntzarako kultura sustatu behar du, pedagogiaren mesedetan.
Administrazioaren rola: Antolaketa eredu desberdinak ezagutu eta hausnartu behar dira (Berritzeguneak, Ikastolen Elkartea, eta bestelako antolaketa eta saretze ezberdinak. Hori guztia jakintza da). Gertuko akonpainamendua egin behar da, aholkularitza, prestakuntza, jarraipena eta baliabideak eskaintzeko. Eskola aniztasuna adostutako kontratu programen bidez kudeatu behar da.