Eskola-kirola, beharrezkoa eta ezinbestekoa
Non gelditu dira gure haur eta gazteen beharrak garai hauetan?
Konfinamendu egoerak areagotu egin du lehendik ere bazegoen arrakala. Eskolak funtzio sozial berdinzale hori jokatzen duela nabarmen ikusi da, haren faltan, etxeko egoera latzenetan egon diren ikasleek atzera egin dutelako maila akademikoan, hizkuntzaren garapenean.. Izan ere, ezaguna da ikaste prozesua eta ongizate emozionalaren artean dagoen lotura estua.
Eta, zeintzuk baliabide eskaini ditzake ikastolak ikaslearen ongizate horri begira?
Behar emozionaletan arreta jartzea, norberari buruzko ezagutza, ingurune naturalarekin harremana izatea, euskarari beste leku eta erreferentzia batzuk eskaintzea, sorkuntza gaitasuna aktibatzea, mugimendua… hori guztia da aisialdiak eskaintzen diguna.
Eremu hau bigarren planoan gelditu da ikasturte honetan. Ezarri diren kontingentzia planetan ez dira haur eta gazteen behar hauek aintzat hartu. Osasunaren zaintzari begirako neurriak hartzeari buruz hitz egiten dugunean, osasunaren adiera osoa aintzat hartu behar dugu, fisikoa, psikologikoa, afektiboa, soziala.
Ikastolen Elkartetik uste dugu eremu honi ikastolaren egunerokoan lekua egin behar zaiola osasun larrialdi garaiotan ere. Egoerak eskatzen dituen neurriak ezarrita, gure haurrek gelatik kanpoko ekintzak egiteko beharra dute, aurten inoiz baino gehiago.
Aisialdiaren funtzioa derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculumak zehaztutako hezkuntza xedeak eta konpetentzia orokorrak eskuratzen laguntzea da, joko eta jolasa oinarri hartuta. Bereziki ikaslearen adimena, komunikatzeko eta harremanetarako gaitasuna, emozioak adierazteko eta kontrolatzeko gaitasuna...garatu ditzake gazteak jolasaren bidez.
Hezkuntza proiektuaren barruan espazio irekian egiten diren ekintzek, eguerditako denborek, eskolaz kanpoko ekintzek ikaslearen garapen integralean duten garrantzia agerian gelditu dira osasun larrialdiak eremu hauek mugatu dituenean.
Esaten dugunaren adibide garbia da, adibidez, eskola kirolaren jardunarekin gertatu dena. Urrian hasi zen kirol denboraldi berria ikastola askotan, gehienetan, baina aste gutxi iraun du Eskola Kirolak martxan. Izan ere, COVID-19 birusak eragindako pandemiak bertan behera utzi ditu jarduera asko; kirolekoak barne.
Eskola Kirolaren inguruan Ikastolek lan handia egin dute ikasturte hasieran neurrietara egokitzeko. Denboraldia prestatzeko mota ezberdineko lan gehigarria egin dute kirol arduradunek eta entrenatzaileek, hainbat ikastarotan ere parte hartu dute eta dokumentazio desberdina aztertu.
Ikastolek egokitu egin dute eskola kirolaren praktika kirol federazioetatik bidaltzen zitzaizkien protokoloetara eta, nola ez, hezkuntza sistemaren berezko protokoloetara, hau da, ikastola bakoitzak duen protokoloaren oinarriei jarraituta. Kasu gehienetan, gainera, ikastolako jardun arruntean ikasleek dituzten burbuilak errespetatuz, hots, bizikidetza taldeak mantenduz eta ez ohikoak diren kirol irizpideak hartuta. Eta horrela prestatu ditugu ibilbideak, seinalizazioa, aforoak, desinfekzioa, tenperatura hartzea… erantzukizun osoa hartu dugu, azken finean.
Gainera, kirol-modalitate asko aire zabalean egiten dira. Beraz, ez dago kutsatzeak areagotzeko arrazoi gehigarririk. Espazio irekietan egiten dela kontuan hartuta, arrisku gutxiago dago.
Koronabirusaren kutsatze maila kirol jardueretan %0.28 eta %0.30 bitartekoa izan da orain arte; beste arlo batzuetako kutsatzea maila baino txikiagoa. Administrazioak errepikatzen ari dira ikastetxeak leku seguruak direla; ados gaude, eta gaineratu nahi dugu eskola-kirola egiten den bitartean ere hala direla. Ikastolok badakigu egoera zein den, eta eskola orduetan ikastolak leku seguruak izan daitezen gure onena jarri dugun bezala, ardura hori eskola kirolera ere zabaldu dugu. Guk egindako azterketen arabera, eskola kiroleko saioetan kutsatzerik ez dela egon baiezta dezakegu. Beraz, jardunarekin aurrera jarraitzeko egon daitezkeen aukerak aztertuko ditugu gure komunitatean.
Pandemia hasi zenetik umeek eta nerabeek hainbat mugapen izan dituzte: udalekurik eza, kirol eta kultur jardueren etetea... eta bai, Ikasturte hasierarekin eskolara itzuli dira, baina kirola bazterrean utzi dute Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek. Are gehiago, prebentzio neurri gisa, entrenatzea debekatu dute. Ezin dute eskola-kirola egin hezkuntza-prozesu formalaren barruan kirola egin duten leku berean.
Neurri hauek umeak, nerabeak kirolarengandik aldentzea ekar dezake eta arrisku hori ezin dugu onartu. Orain arte eskolan kirola egin dutenean era seguru eta ordenatuan egin dute, protokoloak zainduz, arduraz jokatu dugu ikastoletan. Aldiz, administrazioek errazena egin dute, aintzat hartu gabe horrek zer nolako ondorioak izan ditzakeen, berriro ere etxera bidali dituzte umeak eta nerabeak.
Garapen pertsonala jokabide motorretik sustatzearen garrantziaz jabetuta gaudenez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko arduradunei dei egiten diegu eremu ez formalaren inguruko gogoeta egin eta eskola eremuko jardunean aurrera eramatea ahalbideratu dezaten, eta eskola-kirola egin ahal izateko neurriak har ditzatela eskatzen diegu, horretarako beharrezkoak diren baldintza eta neurriak ezarriz.
Ikastolok kirol jarduerak seguruak izaten jarraitzeko neurriak hartuko ditugula berresten dugu, jarduerari ekiteko beharra azpimarratuta. Eta eskolaz kanpoko eskaintzaren barruan eskola-kirolarekin jarraitzea erabaki duten ikastolei lasaitasun-mezu bat bidali nahi diegu, Ikastolen Elkartearen babes osoa baitute, bai baliabideen horniduran, bai administrazioarekiko bitartekaritzan.