Amazonen 'un click para el cole' kanpainaren inguruan

Asteotan bolo-bolo dabil Amazon multinazionalak Hego Euskal Herrian bultzatutako “un click para el cole” kanpaina. Kanpainak bezeroei aukera ematen die erosketen balioaren %2,5a nahi duten ikastetxera bideratzeko. Bezeroek kreditu hori zein ikastetxeri eman aukera dezakete, beti ere ikastetxea kanpainara atxiki bada.

Gure harridurarako Amazonek argitaratutako ikastetxeen zerrendan Hego Euskal Herriko Ikastola gehienak azaltzen direla ikusi dugu. Zerrenda Amazonek berak osatu du, auskalo zein datu basetatik ateratako informaziotik. Baina horrek ez du esan nahi ikastetxe eta ikastola horiek kanpainari atxiki zaienik, ikastetxeak eman behar baitu horretarako baimena. Ikastetxeak ez badu zerrenda horretan azaldu nahi, berriz, Amazonekin harremanetan jarri behar du hortik ezaba dezan.

Amazon salatzea aztertzen ari gara, bat egiten ez dugun kanpaina komertzial batean ikastolen izenak eta datuak bidegabe eta baimenik gabe erabiltzeagatik. Ondorioz, Amazoni exijitzen diogu ikastola guztien izenak kanpainatik kentzeko, “un click para el cole” izeneko programan ez agertzeko inola ere.

Eta Amazonek ikastolen izenak ezabatu arte, Ikastolen Elkartetik zerrenda horretan agertzen zareten Ikastolei Amazonekin harremanetan jarri eta zerrenda horretatik ezabatu zaitzaten eskatzen dizuegu.

Zergatik?

  • Ez delako bidezkoa helburu komertzial hutsa duten dohaintza horiek Ikastolek jasotzea.
  • Kanpainak, plataforma horretan erosketak sustatzeko helburua izanik, gure herrietako komertzioei zuzenean eragiten dielako eta, ondorioz, baita herri eta auzoetako bizimoduari ere.
  • Horrelako kanpainak zein plataformak Ikastolen izaeraren aurkako mehatxu direlako.
  • Ikastolok herrigintza dugulako helburu eta herri zein auzoetako eragileekin lanean jardutea eta elkar zaintzea bultzatzen dugulako.
  • Gure komunitatea osatzen duten ikasle, familia eta langileentzat gertuko erreferenteak behar ditugulako: helburu komunitarioa bultzatuko duten ekimenak, euskaraz bizitzeko aukerak emango dizkigutenak, interkooperazioa bultzatzen dutenak... Eta Amazonek eta antzeko plataformek kontrako norabidean garamatzatelako.

Zentzu berean Administrazioei ere eskatu nahi diegu, horrelako kanpainen aurrean ere neurriak har ditzaten. Hasteko, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu Amazoni exijitu diezaiotela datu horiek erabiltzeari utz diezaion.

Komunitate bezala, hausnartu beharko dugu teknologiarekin izan nahi dugun harremanak nolakoa eta zertarako behar duen, burujabetza teknologikoaren bidean urratsak egin ahal izateko.