Elkartasuna biderkatuko du Errigoraren aurtengo ekimenak

Urriaren 24tik azaroaren 12ra bitarte izango da ERRIGORAren aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. Agerraldia egin dugu, gaur, Donostian, kanpaina honen onuradun garen elkarteek (AEK-k, Ikastolen Elkarteak eta Sortzenek), Errigorako ordezkariekin batera 2020ko edizioak izango dituen berrikuntzak ezagutarazteko, elkarlan, auzolan eta elkartasuna uztartzen dituen adierazpen handi honek berrikuntza oso esanguratsuak dakartza eta.

Prentsa agerraldian erakunde horietako honako ordezkariok hartu dugu parte:

  • AEKtik: Asier Amondik, Korrikaren arduradunak
  • Ikastolen Elkartetik: Ramuntxo Etxeberrik, Seaskako egutegiaren arduradunak.
  • Sortzenetik: Aitziber Garmendia, idazkari eta koordinatzailea
  • Errigoratik: Natxi Aranburu lehendakariak

Urriaren 24an, larunbatarekin, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 2020ko edizioa abiatuko dugu. Urteroko tankeran, azaroaren 12ra arte Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko jakiez osatutako saskiak eskainiko dira eta, auzolanari esker, hauen balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko da. Aurten, iaz bezala, hiru saski eskainiko dira: beltza, betikoa, 50€ko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa; berdea, ekologikoa, 60€ko balioa duena, produktu ekologikoz osatua eta saski zuria, berezia, 70€koa, gutiziaz osatua.

Jakina denez, auzolanak eta elkarlanak egiten dute kanpaina hau. Boluntarioen sare handi bat da Euskal Herriaren luze-zabalean, ehunka herritan, informazioa zabaltzen, eskariak jasotzen eta saskiak banatzen aritzen dena. Ezin ahaztu, era berean, AEKren, Ikastolen, Sortzenen eta Errigoraren arteko elkarlanaren emaitza dela kanpaina. Ematen duen diru-ekarpena Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei, Erriberako AEKri eta Sortzenek zonaldean dituen proiektuei bideratzen zaie.

Hortaz, elkarlanarekin batera, elkartasuna da kanpaina honen gako nagusietakoa. Eta, hain zuzen,  pandemiak eragindako nahas-mahasari elkartasun handiagoz erantzuteko proposamena egingo diogu Euskal Herriari. Tamalez, aurtengo ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izango datorren udaberrian. Beraz, ohiko saskiez gain, elkartasun-planteamendu gehigarri bat egingo dugu aurtengoan: saski beltza eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo du eskatzaileak, trukean Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru-galera arintzen laguntzeko; saski berdea eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo da, trukean Seaskaren egutegia jasotzeko eta Seaskari diru hori zuzenean bideratzeko, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko eta saski zuria eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo da, trukean D ereduaren haziak  jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.

Hortaz, aurten saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta, 12 euro eta erdiko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5 eurokoa AEKri; saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta, 15 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5 eurokoa Seaskari eta  saski zuria eta D ereduaren haziak eskatuta, 17 euro eta erdiko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5 eurokoa Sortzeni.

Euskara plazan nahi duen orori kanpaina honetan parte hartzeko deia egin nahi diogu. Sinplea da: izan dadin nahi genukeena guk geuk egiteko gonbidapena luzatzen dugu. Aurtengo kanpainarako hautatu dugun leloak dioen bezala, egiten duguna gara.

Jarraian, Errigoraren kanpainaren onuradun diren elkarteetako ordezkarien hitzak dituzue.

AEK

ERRIGORAren sorreratik, xedea izan da Nafar hegoaldeko euskalgintza laguntzea, eta, horri esker, AEK-k eremu horretan aurrera eramaten duen lanaren inbertsioa arintzen lagundu du, euskara ikastera hurbildu diren guztiei beka fondoa eskaini ahal izateaz gain. Ekarpen oparoa, urterokoa, eta, zoritxarrez, oraindik ere guztiz ezinbestekoa.

Izan ere, Euskal Herri osoan, administrazio nagusiei dagokienez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere. Azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta.

KORRIKAren sorreratik, 1980. urtean, KORRIKA antolatu zen behar nabarmen baten ondorioz, diru beharra izan zen bultzatzaile nagusia. Helburu horrek oso bizirik segitzen du, eta 2020-2021 ikasturtean, KORRIKArik ez egoteak (atzeratzeak) kalte egingo dio AEK-ko euskaltegiek Euskal Herri osoan egiten duen lan horri, zalantzarik ez.

Beraz, ERRIGORAren aurtengo bultzada berezia itzelezkoa izango da “euskararen lekukoa” geldi ez dadin.

 

Ikastolen Elkartea

Errigoraren udazkeneko kanpaina aire freskoa izan da azken urteotan Lodosa, Viana eta Tuterako ikastolentzat. Beronen bitartez lortzen diren irabazien zati bat gure hiru ikastola hauetara bideratu da urteotan, eta hegoaldeko uztarentzat euria nola, halakoxea izan da ikastolentzat laguntza hori.

Euskararen arnasguneez behin baino gehiagotan mintzatzen ari gara aspaldion. Zenbait lekutan ikastolak dira gure haurrek euskara ikas dezaten eta euskaraz mintza daitezen arnasgune bakarrak. Errigorak, beraz, arnasgune horietako batzuentzako oxigenoa punpatzen digu.

Aurtengo ekitaldian, gainera, harago doa Errigora, eta bere laguntza sarea hedatu egin du. Orain arte Errigoraren bitartez udazkeneko kanpainan saltzen diren Nafarroako laborarien produktuez osaturiko saskietan, Seaskaren egutegia ere jasoko dute erosleek, eta salmenta horren trukean dirua iritsiko zaigu Ipar Euskal Herriko ikastoletara. Modu honetan, Errigoraren kanpainaren laguntza Ebro aldetik Aturriraino hedatuko da.

Oraingo ekitaldian, beraz, Nafarroako hegoaldeko ikastolei bezala, Ipar Euskal Herriko ikastolei ere zuen arnasa iritsiko zaigu. Eta beharrezkoa zaigu. Urte gogorra izan da Seaskarentzat, bistan da, Herri Urrats ospatzerik izan ez dugunez, finantzaketa iturri handi bat itxi zaigulako. Errigoraren ekimen honen bitartez, ordea, beste iturritxo bat ireki zaigu, eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu Errigorarentzat.

Urriaren 24tik aurrera, beraz, Errigoraren saskiak erostera gonbidatu nahi zaituztegu. Nafarroako laborarien uzta dastatzeko produktuez gain, gure egutegia ere eskuratuko duzue, egunez egun, zuen sukaldeetan Erribera eta Iparraldea bat eginda ikus ditzazuen.

 

Sortzen

Ziurgabetasunez beteriko garai zailak bizitzen ari gara, etorkizun hurbilari begira ezjakintasuna nagusi, baina gu elkartasunaren izpia pizteko asmoz etorri gara hona.

Gure nortasuna, gure kultura eta gure hizkuntza babestuko dituen ekimenak elkarrekin aurrera eramanez.

Sortzen elkarteak, saski zurian euskararen haziak jarri ditu, ikasle euskaldun eleaniztunak hazten eta hezten lagunduko dituen hazia.

Sortzen, Jabe eta euskaldun!

Sortzen, sortzen gabiltzanetik. Euskararen lurretan euskal eskolaren lurra irauli, harrotu, jorratu eta erein ditugu. Haziak. Hezkuntza publiko berri baten hazietan heziak.

Euskara eta herria, euskara eta auzoa. Mintza zedin mintzatuz. Eskubideak borrokatu eta besarkatu. Euskaratik eleaniztasuna sustatuz.

Auzolanez, parte hartzez, batzarrez eta sarez haziak ureztatu, ongarritu, zaindu, maitatu, bizi!