Ikastolok elkarretaratzera deitu dugu, Bilbon, Frantziako Gobernuaren erasoei erantzuteko
Ikastolok elkarretaratzera deitu dugu, Bilbon,Frantziako Kontsuletxearen aurrean, Seaskako ikastolak jasaten ari diren Frantziako Gobernuaren erasoei erantzuteko. Larunbat honetan izango da, uztailaren 14an, Frantziako Estatuaren ospakizun egunean, 12:00etan.
Urteotan guztiotan Seaskaren hazkundea eragozteko era bateko edo besteko ekimenak egin dituzten arren (udal mailan ez direnean suprefet eta prefeten ekimenez), aspaldi Gobernu batek ikastolen aurka hain eraso zuzenik ez zuen egin. Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioa dugu gaurko erasoen iturburua.
Datorren ikasturterako behar ditugun 25 irakasle lanpostu gehigarriak ukatzearekin batera, hamalau urteko ikasleek Brebetaren Zientzietako proba euskaraz egin izana zigortu du Hezkuntza Ministerioak.
Frantziako Gobernuaren bi ekimen horiek argi adierazten dute hartu duen bidea. Jokabide kolonialista da erakusten duena; hizkuntza, frantsesa, asimilazio tresna gisa erabiltzen ari da, euskaraz bizi nahi dugunon aurka. Gainera, ez du elkarrizketarako aterik ireki nahi.
Ikastolok, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, kalitatezko hezkuntza eskaintzen diegu gure ikasleei, haiek baitira gure etorkizuna. Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, buru askeak eta buru askiak. Orain, ikusten ari gara, euskararen militanteak ere badirela, tituluak arriskuan jarriz, euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak. Gu denon babesa behar dute, gu denon babesa behar duten bezala euskaraz hezteko hautua egin duten ikasle eta haien guraso guztiek ere.
Ikastolok dei egiten diegu ikastolazale eta euskaltzale guztiei bat egin dezaten elkarretaratzearekin.
PRENTSAURREKOAREN HITZAK
Hitzar hartu dute:
- Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk
- Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak
- Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak
Egun on, eta eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik.
Hedabideok deitzen zaituztegunean, gure nahia izaten da berri on bat zabaltzea,dela euskal hezkuntzari ekarpen bat egin diogulako, dela jairen bat iragarri behar dugulako, dela akordioren bat dugulako. Gaurkoan, ez da horrelakorik. Gaurkoan deitu zaituztegu zuen laguntza ere behar d ugulako Frantziako Gobernutik ikastolen aurka ekin dioten erasoari aurre egin ahal izateko.
Izan ere, eta urteotan guztiotan Seaskaren hazkundea eragozteko era bateko edo besteko ekimenak egin dituzten arren (udal mailan ez direnean suprefet eta prefeten ekimenez), aspaldi Gobernu batek ikastolen aurka hain eraso zuzenik ez zuen egin. Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioa dugu gaurko erasoen iturburua.
Seaskak, urteetako lanari esker, eta pedagogia alorrean eginiko urrats handiei esker, berebiziko hazkundea bizi du azken ikasturteotan. Jaiotza tasek behera egin duten arren, Seaskako ikastolen matrikulazioek gora egin dute. Azken urteotan ikastola gehiago ireki ditugu. Ikasturte honetan Baionan ireki dugun Lizeoa oso epe laburrean txiki geratuko zaigu, atzetik ikasle gehiago datozkigulako.
Pozteko datuak dira, gaur egun, Iparraldean, ikastolak baikara ikasleak euskaldundu ahal ditugun ikastetxe bakarrak, murgiltze ereduari esker. Euskaraz bizi nahi dugun guztiontzat berri pozgarria da gero eta haur gehiago egotea ikastoletan, eta gero eta familia gehiago izatea ikastolen aldeko apustua egiten dutenak, eta horietarik asko ez dira euskaldunak.
Baina guretzat pozgarria dena, Frantziako Gobernuarentzat kezkagarria ei da. Frantziako Estatuko hizkuntza bakarra frantsesa denaren ikuspegi jakobino eta kolonialistak itsuturik, gogor ekin dio gure aurka.
Udaberritik ari zaizkigu Ministeriotik trabak ezartzen. Heldu den ikasturterako behar ditugun 25 irakasle postu gehiagoren ukazioarekin hasi zitzaizkigun. Lehenbizi deus gehiago ez genuela izango esan zitzaigun; ostean, kalean eginiko presioari eta Iparraldeko hautetsi eta hainbat diputatu eta senatariren bitartekaritzari esker, bost postu eta erdi hitz eman dizkigute. Ez dira inolaz ere nahikoa, eta borrokan segi beharra daukagu guztiak lortu arte.
Brebetaren auziak ere erakutsi digu Frantziako Gobernua noraino iristeko prest dagoen ikastolen eta euskararen aurkako politikan. Iaz, hamalau urteko gure ikasleek, titulua galtzeko arriskuari aurre egin, eta beste ikasgai batzuetan aukera bazutela ikusita, euskaraz egin zuten Zientzien ikasgaiaren proba ere. Mehatxuak jaso zituzten ez zizkietela probak zuzenduko eta zero bat jasoko zutela. Gure ikasleek, eta gurasoek ere, tinko eutsi zioten, eta azkenean lortu zuten euskaraz egitea, eta irakasle euskaldunek zuzendu zizkieten probak.
Aurten ere erabaki horri eutsi diete hurrengoek ere. Oraingoan, ordea, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du iazko ikasturteko aurrekaria aintzat hartu, eta proba horiek, hasiera batean bahitu, eta ondoren, euskara ez dakiten inspektoreen esku utzi ditu haiek zuzendu ditzaten. Atzo jakin genuen, Zientzietan bataz beste 10na puntu lortu dutela, 50etik. Hori horrela izanik ere, gure ikasle guzti-guztiek gainditu dute Brebeta, eta nota oso onekin gainera! Argi ikusten da, beraz, Zientzietan nola jarri dieten nota, probak zuzendu gabe!
Frantziako Gobernuaren bi ekimen horiek argi adierazten dute hartu duen bidea. Jokabide kolonialista da erakusten duena; hizkuntza, frantsesa, asimilazio tresna gisa erabiltzen ari da, euskaraz bizi nahi dugunon aurka. Gainera, ez du elkarrizketarako aterik ireki nahi.
Horren aurrean zer? Ikastolok argi dugu ez dugula amore emango. Baina, era berean, ikastolak bakarrik egoera iraultzea ia ezinezkoa da. Baionan manifestazio handi bat egin genuen duela aste batzuk, behar ditugun 25 irakasle postuak galdegiteko. Brebetaren aferarekin ere, gure ikasleek Euskal Herritik harago eraman dute protesta.
Guk mugarik gabe ikusten dugu Euskal Herri osoa; ekialdetik mendebaldera, eta iparraldetik hegoaldera. Estatuek, ordea, marraztatuta dute muga handi bat. Horregatik, haiek marraztutako mugatik honako euskaldunok ere parte hartu beharra daukagu Seaskako ikastolen aldarrikapenen alde; parte hartu beharra daukagu Frantziako Gobernuaren erasoari aurre egiteko.
Horregatik, larunbat honetan, uztailaren 14an,Frantziako Estatuaren ospakizun egunean, elkarretaratze bat antolatu dugu, Bilbon, Frantziaren kontsulatuaren atariaren aurrean, Iparragirre kaleko 26. zenbakian. Eguerdian izango da, 12:00etan.
Ikastolok, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, kalitatezko hezkuntza eskaintzen diegu gure ikasleei, haiek baitira gure etorkizuna. Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, buru askeak eta buru askiak. Orain, ikusten ari gara, euskararen militanteak ere badirela, tituluak arriskuan jarriz, euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak. Gu denon babesa behar dute, gu denon babesa behar duten bezala euskaraz hezteko hautua egin duten ikasle eta haien guraso guztiek ere.
Ikastolok dei egiten diegu ikastolazale eta euskaltzale guztiei bat egin dezaten elkarretaratzearekin.
Mila esker