Jardunaldien bigarren saioa: interesgarri eta mamitsua
Jardun interesgarri eta luzea izan da gaurkoa, joan den ostiralekoa izan zen bezalaxe. Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen 25. ekitaldiak urteurrenaren tamainako egitaraua eduki du. Jendearen parte-hartzea ere halakoxea izan da: lehen egunean 160 irakasle eta hezitzaile agertu ziren; gaur, berriz, berrehun.
“Práctica reflexiva” edo praktika gogoetatsuaz hitzaldi tailerra eskaini zuten iragan ostiralean Angels Domingok eta Federico Malpicak, eta irakasleen jarduna hobetzeko hainbat gako eskaini zituzten lan saio mamitsu eta sakonean.
Gaur, berriz, Aritz Anasagasti emozioez eta haien kudeaketaz, hezkuntza emozionalaz mintzatu da jardunaldietan. Emotional Network erakundeko zuzendaria da Anasagasti, psikologo eta psikoterapeuta, irakasle eta prestatzailea. Bere taldean landu duten VEC Lotura Emozional Kontzientearen eredua aurkeztu du, eta eredu horrek irakasleari nola lagun diezaiokeen azaldu du.
Jardunaldion bigarren saioa nor bera izatetik abiatu bada, lanbideaz jardun da bigarren hizlaria, Francesc Imbernon. Irakasle ofizioaz eta bokazioaz aritu da; egiteko zail baina atseginaz. Didaktika eta Hezkuntza Antolaketako katedraduna da Imbernon, Bartzelonako Unibertsitatean, eta urteak eman ditu bere jardunean. Irakaslearen gaur egungo eginkizuna hizpide hartuta, entzuleria konkistatu du bere jardunarekin.
Azkenik, etorkizuneko irakaslea marraztu dute Arantza Ozaetak eta Begoña Pedrosak. HUHEZI fakultatean etorkizunean irakasle izango diren ikasleekin zer eta nola lantzen ari diren aurkeztu dute fakultateko dekanoak eta Graduondo eta Etengabeko Prestakuntza arduradunak
EHIko lehendakari Koldo Tellituk guztiei eskertu die, Ikastolen Elkartearen izenean, euren presentzia eta egin dituzten ekarpenak. Eta aditu horien hitzei arreta osoz entzuten aritu diren guztiei ere eskerrak eman dizkie, eta animatu ere bai, bi egun mamitsu horietan jaso dutena beren geletara eramatera, eta, orain arte bezala, lanbide zail baina atsegin honetan gogotsu eta ilusioz jardun dezaten opa die.
Jardunaldien irekiera saioan Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarik azaldu ez bazen ere, gaur bai, gaur agertu da, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea buru zuela. Tellituk ongietorria egin die eta eskerrak ere eman dizkie, eta duela zortzi egun agertu ez izanak sorturiko kezkak uxatu zaizkiela ere azaldu du.
Bigarren saioarekin amaitu dira Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoak. Heldu den urtean ere izango dira!