Hezkuntza Legearen premiazkotasuna azpimarratu dute Ikastolek, Eusko Legebiltzarrean
Ia hogeita bost urte iragan dira euskal hezkuntza eremua azkenekoz arautua izan zenez geroztik, 1992ko hezkuntza hitzarmenerako akordio politikoa oinarritzat hartuz. Geroztik asko aldatu da euskal gizartearen testuingurua eta euskal gizarte bera. EAEko Eskola araupetzen duen legedi orokorra eta araudia, aldiz, ez dira aldatu, ez dira egokitu euskal gizarteak behar duen heinean garai berrietara, ez dira bihurtu aldaketarako, behar berriei eta gizarte-erronkei erantzuteko tresna edo baliabide egokirik. Hala azaldu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, gaur, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldian.
Hezkuntza Lege baten premiazkotasuna azpimarratzeko arrazoietako bat izan da hori. Beste batzuk ere eman ditu:
- Une honetan, EAEko sistemako ikastetxe erdiek (publikoek) baino ez daukatelako euskal Administrazioak berariaz sorturiko lege baten babesa.
- Euskal gizartearen egituraketak Euskal Herri mailako proiektu baten bidean Hezkuntza Lege baten beharra eskatzen duelako.
- LOMCEk eta Lege honen ezarpenak agerian utzi duelako berariazko Hezkuntza Lege baten beharra.
Tellituk gogorarazi du, azkeneko legealdia abiatu zenean hiru alderdi nagusien hauteskunde egitasmoetan Hezkuntza Lege baten beharra adierazten zela eta zenbait hezkuntza eragilek ere aukera hori hobetsi zutela. Ondoren Hezkuntza Sailaren Heziberri 2020 Planaren 3.egitasmo gisa “Hezkuntza Legerantz urratsak egiteko” konpromisoa agertu zela ere gaineratu du.
Legealdia bukatzear dagoela, baina, EHIko lehendakariak deitoratu du atal horretan ez dutela aipatu urrats esanguratsurik ikusi.
“Ez gatoz inori konturik eskatzera”, esan du, dena den. “Neurri eta maila berean ez izan arren erantzukizuna kolektiboa delakoan gaude. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin batera, inplikatuta daude hasieratik Legearen aukera egin zuten alderdiak eta hezkuntza eragileak; geu besteak beste, ez baitugu jakin arduradun zuzenen edo zuen borondatea irabazten edo gure jarrera uste osoaz adierazten”, azaldu du Tellituk.
Horregatik, berriz ere Hezkuntzan aukera galdu baten aurrean egon gaitezkeenaren kezka agertu du, euskal gizartea Hezkuntza Lege berri bat eskatzen ari den unean, gainera, ETBk berriki argitara eman duen inkestan agertzen zen bezala (lau herritarretatik hiruk aldarrikatu dute Hezkuntzarako Euskal Lege bat abian jartzea, hots, % 75-k, eta bakarrik hamarretik bat agertzen da aurka, % 10 alegia).
Beraz, gizarte gisa, abagune honetan ezin dela huts egin, azpimarratu du. Halaber, azken bolada honetan eragile batzuk, Hezkuntza Lege baten egikerak barnebiltzen duen eragozpenaz jabeturik, akordio txikiak, partzialak hobesten hasi badira ere, ikastolen aldetik, berriz ere, akordio orokorrari, Hezkuntza Lege osoari ematen diotela erabateko lehentasuna, gaineratu du Tellituk.
Ikastolen Elkarteko zuzendari Imanol Igeregik, berriz, Hezkuntza legeak izan beharko lituzkeen ezaugarriak aipatu ditu. Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatzea proposatu du, euskal gizartearen eta hiritarren prestakuntza eta kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko lanabesa delako Hezkuntza. “Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa publiko-herritar ikuspegian kokatzen dugu, hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu”
Ikastolen ustez, finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek, titularitatea gorabehera, izan behar dute Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaideak, eta guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan beharko lituzkete. Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko finantzaketa ekitatiboago bat eskatu dute ikastolek, eta, ikastetxeak era demokratiko batean kudeatu beharra azpimarratu dute, eta ikastetxeen autonomia aldarrikatu.
Hezkuntza edukiei buruz, euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitza, konpetentzia digitalaren garapena, hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen ebaluazio sistema propioa eta irakasleen prestakuntzan sakondu du Igeregik, abiapuntua konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumaren garapena izanik.
Hezkuntza Legerantz abiatzeko, bi puntu nabarmendu ditu Koldo Tellituk: eztabaidagune nagusiak, gai gakoak, definitu behar direla eta solaskideak ere zehaztu beharko direla, alegia hezkuntza eragileak ere aintzat hartu behar direla. Bi horiei hirugarren gogoeta bat ere erantsi die: “EAEko esparru administratiboan ibilbide luzeko ikastetxeak eta ikastetxe-taldeak daude. Aldaketa orokorretan, bereziki aldaketen garapenean, ezinbestean, ikastetxe eta ikastetxe-taldeekin kontatu behar da. Beraz, honetaz ere erantzukizun partekatua eta konfiantza behar dira”
Legegintzaldi honetan Hezkuntza Legerik ez dela egingo argi egon arren, hurrengo legegintzaldia gai honetan zerotik abiatu ez dadin Hezkuntza Sailari azken hilabeteetan egin duen lana bilduz eta gizarteratuz Legearen aurreko lehen txostena, Oinarrizko Txostena lantzeko eskatuz amaitu du Tellituk.