Argitalpenak: BILDUMAK

Haur Besoetakoa

Helduen munduak The Godfather (Aitajauna) duen moduan du haurren munduak Haur Besoetakoa, litxarrerien eta bideo-jokoen merkatu klandestinoaren nagusia. Irakurleak begien aurrean duen munduan legez, handinahikeria, boterea eta ustelkeria nahasten dira haurren mundu honetan ere, non helduak ez diren ugalketarako eta zerbitzurako izaki huts besterik.

Errerentzia zinematografiko eta literarioz beteriko haurren unibertso honetatik, Haur Besoetakoak eta bere antagonista Lo-Li-Tak, errefusatu ezinezko eskaintza egingo dizute.

Gidoia: Unai Iturriaga
Irudiak: Alex Sanvi

Gidoia:
Unai Iturriaga
Irudiak:
Alex Sanvi
Argitaratze data:
2014, Urria
Orrialde kopurua:
48 orrialde
Prezioa:
12.00 €

Zebra efektua

Soldatapeko bi hiltzaile enkargu bat burutzear dira AEBetako New Orleans sargori eta umelean. Metamorfosi batek, baina, ezusteko gertaeren kateaketa bat ekarriko du. Giza Otsoa bezalako mito klasikoak literatura beltzarekin edo Quentin Tarantinoren zinemarekin elkartzen diren bidegurutzean kokatzen da Zebra efektua. Baina hori baino askoz gehiago ere bada: esklabotzarekin lotutako hari korapilatsu bezain sotilak –gaurdaino iristen direnak– agerian uzten dituen istorio biribila. Jar zaitez protagonisten larruan: nola jokatuko zenuke zuk ustekabean zeure azalaren kolorea aldatuko balitz?

Gidoia:
Harkaitz Cano
Irudiak:
Iñaki G. Holgado
Argitaratze data:
2013, Urria

Anubis 3.0

Gadu zaharra isolatuta bizi da urrutiko asteroide batean bere robota lagun bakarra duela. Ez du jendea maite. baina, halako batean, robot zintzoak tresna bitxi bat aurkituko du biltegi narras batean: ANUBIS 3.0, gizakien arimak pisatzeko tresna. Gaduk dirutza jasotzen zuen arimak pisatze truke. Negozio oparoa zen, oparoa eta ustela. Arima-ziurtagiriak modan jarri zirenean, agiri faltsuak saltzeari ekin zion. Zenbat eta gehiago ordaindu, hainbat eta arima handiago. Baina oraindik gordetzen ditu arima pisatzera joan zitzaizkion pertsonen datuak, eta makinaren neurketan eman zituzten egiazko emaitzak. Gaduk, arimarik gabeko ergel haien istorioak kontatu dizkio robotari.
Ez omen da aspertuko.

Gidoia:
Dani Fano
Irudiak:
Dani Fano
Argitaratze data:
2012, Urria
Prezioa:
12.00 €

Azken Garaipena

Euskadi Literatura Sariak 2012 - "Euskarazko haur eta gazte literatura" ataleko irabazlea
Sigrid Frisch tenienteak komikiak maite ditu. Polizia-etxeko bulegoan irakurtzen ditu, ezer egitekorik ez dagoenean. Baina gutxitan izaten du irakurketa lasai amaitzeko aukerarik. Bigarren Mundu Gerra Alemaniak nola irabazi zuen kontatzen duen komiki klasikoa irakurtzen ari dela jaso du abisua: haur batzuek hildako bat topatu dute ubide handian. Lekura heldu orduko kasuarekin arazoak izango dituztela ohartu da. Gorpuaren alboan, poliziaz gain, SSko Oberstandartenführer bat eta bere soldaduak zokomiran ari dira. Zer ari ote dira han? Ito bat besterik ez da.
Gorpuak ez du identifikaziorik, eta, eskuan, gogor helduta, paper zati bat du. Eta are harrigarriagoa: sabelean zilborra du! Erabat ezinezkoa 2052ko Germanian, Garaipenaren CVII. urtean.
Ez, ez da kasu erraza izango.

AZKEN GARAIPENA eta IBBY zerrenda
Haur eta Gazte libururako Espainiako Erakundeak, OEPLI, Azken Garaipena aukeratu du, beste zortzi obrekin batera, IBBYren Ohorezko Zerrenda osatzeko. IBBY gazte literatura sustatzeko nazioarteko erakundea da eta 76 estatu-sail ezberdinek osatzen dute. IBBY zerrenda, bi urtean behin egiten da eta bertan aukeratutako liburuek sustapen berezia izaten dute. Hasteko, erakutsiko dira Boloniako Liburu Azokan eta 2014an Mexiko Hirian egingo den IBBYko 34. Kongresuan. Informazio gehiago: OEPLIIBBY

Gidoia:
Iban Zaldua
Irudiak:
Julen Ribas
Argitaratze data:
2011, Urria
Orrialde kopurua:
48 orrialde
Prezioa:
12.00 €

TeleAtoi

Espazio-ontzia hondatu al zaizu? Zaude lasai, TeleATOIk, zure laguntza zerbitzuak, azkar eta egoki erantzuten du unibertso ezaguneko bazter urrutienean ere. TeleATOI XXII. mendeko zerbitzu moderno eta eraginkorra da. Arazoren bat izanez gero, dei iezaiezu inongo dudarik gabe. Baina laguntzaren zain zure espazio-ontziko kabinan zaudela, datorren atoiontziaren izena Dionisia 2 dela ikusten baduzu, otoitz egin fededun bazara, edota ihes egin aukera baduzu. Edozer gauza hobe izango duzu unibertsoko tripulazio moldakaitzenarekin topo egitea baino!

Gidoia:
Dani Fano
Irudiak:
Dani Fano
Argitaratze data:
2010, Maiatza
Orrialde kopurua:
56 orrialde
Prezioa:
12.00 €

Piztia Otzanak

Soto ilun batean esnatu da Travis. Harrapatuta dago, bakarrik, ezin ihes egin. Travisek ez daki nola heldu den soto horretara. Ez da ezertaz gogoratzen. Arrastorik ere ez. Bere izena Travis ote den ere, ezin ziur egon. Soto ilunean, edonori sosegua kentzeko moduko animalia disekatuen konpainia besterik ez du. Piztia otzan horien laguntzaz, bere iragana berreraikitzen saiatuko da.

Gidoia:
Harkaitz Cano
Irudiak:
Iñaki G. Holgado
Argitaratze data:
2008, Maiatza
Orrialde kopurua:
56 orrialde
Prezioa:
12.00 €

IRATIren abentura berria: Saiak

Irati erbesteratu egin dute zazpi urterako, Jainkoek zigortuta. Sorlekutik urrun, amodioa galduta, badoa basotik gizakien munduan barrena norabiderik eta itxaropenik gabe, bi munduen atean, bere buruarentzat lekurik aurkitu ezinik... Putreak kontent dira, sarraski gosea nonahi asetzen., Laster ezagutuko du gizakien ankerkeria noraino iritsi daitekeen. Hemen da Kaskazuri!

Gidoia:
Joxean Muñoz
Irudiak:
Juan Luis Landa
Argitaratze data:
2007, Azaroa
Orrialde kopurua:
48 orrialde
Prezioa:
12.00 €