Transmisioa gure esku dago
Euskaltegi Sareak eta Hezkuntzako eragileek euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratu zuten atzo,Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuten agerraldian. Agerraldi berezia izan zen, han izan baitziren euskaltegi nagusietako ordezkariak (AEK, IKA, Batuaz, Bai&By, Elkarlan, Duestuko euskal ikaslegoa, Aurten bai, Maizpide eta Udal euskaltegietakoak), Hezkuntzako eragileak (Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta EHIGE), HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkizia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura sailburuorde Arantza Aurrekoetxea.
Ama-hizkuntza guk aukeratzen duguna dela aipatu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Korrika 18an Amets Arzallusen mezua gogora ekarrita. “Eguneroko harremanetarako aukeratzen duguna, eta ez jaiotzen egokitu zaiguna”. Edonork har dezake euskara bere ama-hizkuntzatzat, motibazioa badu.
Izan ere, milaka ikasle aritzen dira euskaltegietan eta motibazioak ere askotarikoak eta desberdinak izaten dira. Eskolan euskaraz ikasten ari diren seme-alabekin euskaraz komunikatzeko gogoa izaten da motibazio horietako bat.
Normalizazioan, ikastea-ezagutzea-erabiltzea da bidea eta bide honetan, transmisioa faktore erabakigarria da. Umeak euskaraz hezi behar ditugu: euskaraz hezteko ereduak daude, alabaina, dakiten gurasoek seme-alabei euskaraz mintzatu behar diete eta ez dakitenek, ordea, prestakuntza jaso beharko lukete.
Hori dela eta, euskaltegi sareak, ohiko ikastaro eta moduluez gain, gurasoei bereziki zuzendutako eskolak eskaintzen ditu, gurasoen behar komunikatibo nagusietara eta ordutegietara egokitutakoak. Agerraldian, Joseba Erkiziak azken hiru urteetan guraso taldeek euskaltegietan izan duten hazkundea nabarmendu zuen.
Arantza Aurrekoetxeak transmisioaren bidea jarrera kontua ere badela aipatu zuen. “Lehen hitza ez ezik, azken hitza ere euskaraz egin behar dugu etxean. Horrela, nahiz eta umeek gaztelaniaz erantzun, etorriko da eguna euskaraz erantzungo dutena”.
Gurasoak, zuek ere animatu eta etorri euskaltegira!