Ausardia eta adorea eskatu diete ikastolek Jaurlaritzari eta alderdiei, euskal hezkuntza sistema propiorako urrats sendo bat egiteko

 

 

2022-2023 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia ospatu dute gaur ikastolek, Bergarako Seminarixoa aretoan. Duela egun gutxi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitara eman duen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa izan da aipagai nagusia ekitaldian, eta ikastolek testuarekiko desengainua hartu duten arren, konfiantza adierazi dute ekarpenekin, zuzenketekin, negoziazioekin, adostasunekin, “benetan behar dugun hezkuntza lege bat” onduko dela.

Zirriborroak alde onak badituela aitortu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk: “Esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasun printzipioa eta helburua jasotzea eta nola ez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak jasota egotea”.

Desengainuaren arrazoiak azaldu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak

  • Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko diren ikastetxeek ez dituztelako eskubide eta betebehar berak edukiko, eta, beraz, publiko-pribatu dikotomiari eusten diolako. “Gainera, ikastolok ez gara identifikatuta sentitzen “itunpeko ikastetxe pribatu” titulupean agertzen diren definizioekin. Ez daude islatuta ez gure izaera herritar-komunitarioa, kooperatiboa, ezta gure antolatzeko modua ere. Ikastolok izaera publiko desberdin bat dugun sare propio bat gara, Euskal Herri osoko sarea”.
  • Derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek lortu beharreko euskararen ezagutza maila ezarri arren, ez duelako aipatzen murgiltze eredurik, edota Hezkuntza Itunean ageri zen ikasteredu orokortu inklusiborik. “Zirriborroak une oro esparru eleaniztuna jasotzen du, hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela, eta horrela euskararen protagonismoa lausoegia geratzen da. Eleaniztasuna bai, baina hezkuntza euskalduna  nahi dugu eta horretarako Euskarak eta euskal kulturak behar dituzten protagonismoa eta lehentasuna izan behar dituzte. Euskarari ezin zaio eman hizkuntza soil baten tratamendua bakarrik. Herri baten, gure herriaren, kultura eta izaeraren oinarria da, eta horrela tratatu behar dugula argi dugu”.
  • Euskal curriculuma ez delako aipatzen. “Gure ustez, Euskal curriculumak euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko luke, besteak beste, euskal kulturaren transmisioa belaunaldiz belaunaldi bideratuko dela ziurtatzeko, beti ere euskal kulturaren ezagutza bultzatuz”.
  • Euskal Herriaren aipamena falta zaiolako. “Euskal Herria euskararen herria bada ere, bada hori baino askoz gehiago ere; izaera, kultura, hizkuntza, balio eta nortasunarekin lotzen da. Horrek guztiak, nahiz eta agerikoa izan Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lantzen den lege baten inguruan ari garela, legean bere oihartzuna izan behar duela argi daukagu, eta lurraldetasunaren ikuspegitik bezala, ikuspegi soziolinguistiko, kultural eta ekonomikotik ere landu behar dela deritzogu”.
  • Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua aurrerapausoa iruditu arren, ez delako inon aipatzen nola burutuko den hori, zeintzuk izango diren hori ziurtatzeko administrazioak jarriko dituen baliabideak.
  • Segregazioaren inguruan egiten den hasierako proposamena eta helburuarekin bat etorri arren, planifikazioa eta udalen inplikazioa ikusten baitute tresna eraginkorrena jarritako helburua bideratu ahal izateko, zehaztapen falta oso handia delako.

Ikastolek Hezkuntza Lege berria, hezkuntza-sistema berri bat, Euskal Herrirako sistema propio bat sortzeko nahi dutela adierazi du Tellituk. “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatzea lortu nahi dugu, publikotasun kontzeptu berri bati ateak irekiko dizkiona, eta bertara bildu ahalko dira funts publikoekin hornituriko ikastetxeak, bakoitzaren nortasunari eutsita eta eskubide eta betebehar berekin, hezkuntza zerbitzuaren ezaugarriak beteko dutenak eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea, inolako bazterkeriarik gabe, bermatuko dutenak”.

Publikotasun berri horretan, ikastetxeei benetako autonomia aitortuko dien sistema bat aldarrikatu dute ikastolek: beren proiektuak eraginkortasunez garatu ahal izateko sistema bat, proiektu horiek aurrera eramateko baliabide materialak ziurtatuko dizkiena,  eta gardentasunez  eta autonomiaz giza baliabideak zein materialak kudeatzeko eskumena aitortuko diena.

Hezkuntza komunitateko kide guztiek erabakiak hartzerakoan parte hartzearen alde egingo duen sistema ere nahi dutela adierazi du.

Juridikoki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lege baterako oinarriak finkatzen ari diren honetan, ikastolek eskaera egin dute Euskal Herri osoa aintzat har dezaten, eta era berean Euskal Herriko ikastetxeen artean harremanak eta lankidetza sustatzeko esparruak ireki ditzatela ere eskatu dute, horretarako europar markoak eskaintzen dituen aukerak erabiliz. 

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunak eta alderdi politikoetako ordezkariak zeudela aprobetxatuta, adorea eta ausardia eskatu diete ikastolek, eta beren elkarlana eskaini ere bai, “hemendik hogei edo hogeita hamar urtera damurik izan ez dezagun, gaur egin ez dugunaz”. Hezkuntza Lege berri baterako lehen zirriborroari ekarpenak egingo dizkiotela esan dute “jarrera eraikitzailearekin eta adostasuna helburu”. Baina agintari eta hautetsiei esan diete haiei dagokiela “lege berria egin, proposatu, adostu eta bozkatzea”. Ikastolen izenean, ausardia eta adorea eskatu die berriro Tellituk, onartuko duten legea Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko “urrats erabakigarria” izan dadin. “Egungo hezkuntza sistema eraldatu eta sistema eraldatzaile bat ezartzeko urratsa izan dadin. Publikotasun berri bati bidea emango dion Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuta, ikastetxeek eskubide eta betebehar berak izanik, ikasleria erdigunean jarrita, gure etorkizuna diren haiek gure herriaren etorkizuna berma dezaten, euskaratik eta euskaraz”.

 

Hautetsien ekimena Parisen

Berriki Ipar Euskal Herriko hautetsiek Frantziako Hezkuntza Ministerioko kideekin egindako bilera ere mintzagai izan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Aurten ikasleek brebeta euskaraz egiteko aukera izateaz baikor itzuli ziren hautetsiak, eta baxoaz mintzatzeko beste hitzordu bat lotu zuten. Ikastoletan baikortasun hori zuhurtziaz hartu dute: “Badakigu zein zaila den Parisek gure hizkuntza eskubideak errespeta ditzan lortzea; badakigu zein erraz kentzen dizkiguten eskubideak, eta zenbat ahalegin egin behar ditugun haiek berreskuratzeko. Baina ez dugu etsiko, eta erantzuna nahi dugu ahalik eta lasterren; erantzun baikorra esan nahi baita”, azaldu du Tellituk.

Aretoa beteta

Euskal Herri luze zabaletik iritsitako ikastolakidez bete da gaur Seminarixoa aretoa. Gonbidatu ugari ere izan dira, agintari, hautetsi, ordezkari politiko eta sindikalak, hezkuntza, euskalgintza eta kulturgintzako ordezkariak… Horien artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Bergarako alkate Gorka Artolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek hartu dute hitza ekitaldian.

Ikuskizunak ere ez dira falta izan. Bergarako Moises Azpiazu Dantza Taldeko kideek, Aranzadi ikastolako ikasle eta ikasle ohiak egin dute ekitaldiaren hasierako agurra, eta Jaso Ikastolako ikasleek “Sutan” musikalaren zati batzuk taularatu dituzte. Musikal hau izango da, hain zuzen ere, datorren azaroan Ikastolak Herriari ekitaldian eskainiko den ikuskizuna.