Udazkenean ospatuko dira ikastolen udaberriko jaiak

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira egingo udaberri honetan. Covid-19 koronabirusaren krisi handi honek eragotzi egiten du data horietarako ikastolen jai handiak egitea. Ofizialki debekurik jaso ez dugun arren, erabaki gogor hau hartzera behartu gaitu egoerak. Hiru jai hauek atzeratu egin baditugu ere, aurten egin egingo dira. Hori da Euskal Herriko ikastolen  nahia, eta asmo horri eusten ahaleginduko gara.

Horren guztiaren berri emateko prentsaurreko bat eskaini dugu gaur, bideokonferentzia bitartez. Lerroon azpian dauzkazue, Ikastolen Elkarteko eta Seaskako lehendakariek egin dituzten adierazpenak.

Koldo Tellituren hitzak

Egun on guztioi, eta mila esker bideokonferentzia bitartez gurekin bat egin duzuen guztioi. Gaurko deialdia berezia dugu. Ikastolen Elkartetik dei egin dizuegu, ikastolen jai guztien izenean, eta Seaskako eta Herri Urratseko arduradunak ere hemen daude, beraiek antolatzen baitute, kronologikoki, egutegian ageri den ikastolen lehenbiziko jaia.

Pentsatuko zenuten moduan, ez gatoz ikastolen udaberriko jaiak aurkeztera. Kilometroen eredu berriari jarraiki aste hauetarako antolatuta genituen Milimetroak jaiak bertan behera utzi behar izan genituen iragarritako datetan. Modu berean, ezin izango ditugu udaberriko jaiak ere ospatu iragarritako datetan. Alegia, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian ospatuko.

Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea.

Uneotan beste lehentasun handi batzuk ditugu, gizateria eta gizarte mailakoak, eta larrialdi egoera global hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik.

Udaberrian, beraz, ez ditugu gure jaiak ospatuko. Baina ez dira bertan behera geratuko. Guretzako jai hauek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu.

Ikastolen Elkartearen baitan, beraz, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileekin batera, aztertzen ari gara Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak beste data batzuetara eramatea. Konplikatua da, udazkena bitartera baikoaz, eta orduan ere beste bi jai baitauzkagu ikastolok. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu.

Uneotan, lehen esan bezala, beste lehentasun handi batzuk ditugu. Baina, era berean, ezin ditugu ahaztu, hiru jai hauek udaberrian ospatu zitezen lanean buru belarri aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesleak. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udaberriko jai hauek beste data batzuetara, eta, akaso, beste formatu batzuetara eramaten ditugunean.

Konfinamendua amaitzen denean, pixkanaka normaltasunera bidean jartzen garenean, urratsez urrats hartuko dira neurriak, eta esperantza dugu gozatzerik izango ez dugun udaberri honen amaieran arnasa hartu eta berriro ere kaleez, plazez, mendiez, basoez, hondartzez, itsasoaz gozatzeko aukera izango dugula libertate osoan. Gure kasuan, desiratzen gaude, askatasun berri horretan gure poza zuekin partekatzeko, gure jaiak zuei eskaintzeko, elkar ikusi eta besarkatzeko.

Eskerrik asko.

 

Peio Jorajuriaren hitzak

Herri Urrats festa bat baino gehiago da. Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko hainbat biztanlerendako euskara eta euskal kulturarako sarbidea da. Herri Urrats, frantses elebakarrez ari den jendartean, ugarte bat da. Herri Urrats, Euskal Herria osoa batzen duen une bakarretarikoa da. Herri Urrats, euskararen berreskurapen bidean agintariek ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko aldarrikapena da. Herri Urrats ikastolek eta euskarak bizirik irauteko dugun arnasgailua da.

Herri Urrats ez da maiatzean eginen, baina irailean eginen da, bai ala bai. Herri Urratsek proiektu berriak laguntzen baititu, baina bereziki jadanik eginak ditugun zorrak estaltzen laguntzen baikaitu. Herri Urratsek Arbona-Ahetze, Angelu, Baiona, Itsasu, Kanbo, Uztaritze, Senpere, Basusarri, Donibane Lohizune, Bokale, Biriatu, Baigorri, Aloze, Hiriburu, Lekorne eta Beskoitzeko alokairuak ordaintzen ditu. Herri Urratsek Sohüta, Urruña, Angelu, Bidarte eta Arberoako maileguak ordaintzen laguntzen digu. Herri Urratsek Xalbador, Manex Erdozaintzi Etxart, Piarres Larzabal, Estitxu Robles Arangiz eta Bernat Etxepareko mailegu eta lanak estaltzen laguntzen digu. Gibelatuko dugu, baina segur izan ahaleginak eta bi eginen ditugula ahal bezain fite antolatzeko. Ez baita hautu bat, beharra baizik.