Koronabirusa: ikasleek ikasketak etxetik egiteko aginduaren aurrean
Koronabirusa hedatzea moteltzeko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ikasle guztiak etxeratzeko eta ikasketak etxetik egiteko hartutako neurriaren aurrean, Ikastolen Elkartetik hau adierazi nahi dugu:
Gure lehentasuna da ikasleen ikasketa prozesuaren egunerokotasunaren etenak ahalik eta eragin gutxien izatea eta, etxean daudela, egunero ikasteko ohiturari eustea eta eskola jarduera modu ez presentzialean ahalik eta egokien egitea.
Horretarako Ikastolen Elkarteak ikastolen esku jarri ditu bere baliabideak eta azpiegitura guztiak.
Era berean, eskola orduak planifikatzeko aholkuak ere eman dizkie ikastolei, eguneko antolaketarako pautak ezarriz, erreferentzia moduan, familientzako eta ikastolentzako.
Baliabide digitalei dagokienez (ikas-material digitalak),
-Ikaselkar argitaletxearekin egindako akordioari esker, bere materialak erabiltzen dituzten ikastetxe guztiei (ikastola izan zein ez direnak) doan eskainiko zaie berak ekoitzitako material digital guztia (LH 4-5-6 mailak, eta DBH guztia).
-Hornitzaile desberdinekin egindako akordioari esker (Alexia eta Blink) material hau erabiltzeko beharrezkoak diren plataformen erabilpena ziurtatu da.
Lehen Hezkuntzako lehen mailetan lanak paper euskarrian antolatuko dira nagusiki. Ikasleen jarraipen zuzena egiteko prozedurak zehaztu dira. Irakurketaren ulermena lantzeko, ekoizpen idatzia garatzeko eta Matematikako sistematizazio ariketak egiteko aukerak lehenetsiko dira. Gainera, digitalki jarduteko koaderno digitalak eta Hatz10 programa etxetik erabili ahal izango dira.
Batxilergoaren kasuan, ikasleak ohituta daude dagoeneko online lan egiten, irakaslearekin artxiboak partekatzen eta lainoan elkarrekin lan egiten, dela Moodle bidez, dela Drive edo beste bitarteko baten bidez. Unibertsitaterako sarrera proba ate joka ari dela -hiru hilabetera izango da- Batxilergoko 2. ikasturtean ari diren ikasleentzat proba horretan sartzen diren alorrei emango zaie lehentasuna, eta lehen ikasturtean ari direnen kasuan, erronken bidezko saioak izango dira nagusi.
Ikastolen Elkartetik ahalegin berezia egingo da irakasle eta ikasleen arteko harremana ahalik eta estuena izan dadin. Horretarako, bideo tutorialak egiteko edota bideo konferentzia bidez klaseak emateko aholkularitza eskainiko zaie ikastolei, ohiko bideez gainera. Era berean, irakasleek etxetik lan egiteko aukera ahalik eta gehien zabalduko da, posible den heinean.