Berdinen arteko irakas-ikaskuntzaz eta irakasleen eta haurren eta familien arteko harremanez sakondu dute Ikastolen Jardunaldietan
Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoetako bigarren saioa egin da, gaur, Hernaniko Orona Ideo aretoan, berrehun irakasle, arduradun pedagogiko eta zuzendariren parte hartzearekin. Gaurko saioan, berdinen arteko irakas-ikaskuntzaz eta irakasleen eta ikasleen eta familien arteko harremanez sakontzeko aukera izan dute, Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik iritsi diren bi adituren esktutik: David Duran eta Carles Parellada
David Duran, Psikologia doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hezkuntza Piskologiako Departamenduko irakaslea da. Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan ere aritua da eta berdinen arteko ikaskuntzaren eta eskola inklusiboaren gaineko formazioa ere eman die irakasleei. Gaurko saioan ikaskuntza kooperatiboaz, berdinen arteko irakas-ikaskuntzaz eta binakako tutoretzaz aritu da, eta horiek arrakastaz aurrera eramateko gako nagusiak eta estrategiak azaldu ditu. Ikaskuntza kooperatiboan jasotzen duenak bakarrik ikasten duela diotenen aurrean, Duranek defenditu du ematen duenak, irakasten duenak, berdin ikasten duela eta, askotan, jasotzen duenak baino gehiago. Irakas-ikaskuntza kontzeptua azaldu du, hau da, irakastearen bitartez nola ikasten den. Horretarako, hainbat ikerketa eta esperientziatan oinarritu da, eta, hein handiago batean, bere esperientzian. Eta gako nagusi bat azaldu du arrakastaren bidean: interakzioa; ematen eta jasotzen dutenen artean zenbat eta interakzio handiagoa eman, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira, bai emailearentzat eta baita jasotzen duenarentzat. Egiteko honetan irakasleak hartu behar duen bideaz ere mintzatu da aditu katalana.
Duranek tailer txiki bat ere eman die jardunaldiotako entzuleei, berdinen arteko tutoretzaren estrategiak lantzeko.
Carles Parellada, berriz, irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanez eta harreman horiek egokiak eta jarioak izan daitezen egin beharreko urratsez mintzatu da. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasleen Formaziorako taldeko kidea da Parellada, eta Pedagogia Sistemikoaren Diplomaturako koordinatzailea. Adierazi du, gaur egun guraso direnen belaunaldia (1975-84an jaiotakoa), oso inplikatua dagoela beren haurren heziketan, eta horrek irakasleek belaunaldi horretako gurasoekin dituzten harremanetan eragina duela. Parelladak azaldu du irakasle-guraso harremanek konfiantzan oinarritu behar dutela, biek bilatzen dutelako helburu bera, haurraren/ikaslearen garapenik handiena. Baina argi eduki behar dute bi aldeek batek ezin duela bestearen eremuan sartu, askotan tentazioa eduki arren. “Gurasoek eta irakasleek ahal dugun hobeen egiten dugu. Horrek ez gaitu zuritzen, baina gerturatu egiten gaitu”. Era berean, haurraren heziketa ezin da bakarka egin, elkarrekin egin behar dute gurasoek eta irakasleek.
Ikastetxeak jakintza eta kultura sortuko dituen espazio bat izan behar duela defenditu du Parelladak, zentzua izango duten elkarrizketak sortuko dituena, eta kontzientzia sortzeko balio izango duen espazioa.
Izango diren harremanetan aurreiritziak alboratu eta konfiantza esparruak eraiki behar direla azaldu du, haurrak eskolan etapa luze bat egingo duelako, prozesu luze bat izango delako. Harreman horietan, izan irakasle-ikasle, edota irakasle-guraso, azkenean, umoreari, alaitasunari, eskertzari, elkarri begi onez begiratzeari eta bihotzetik jokatzeari atea irekitzearen beharra ere azpimarratu du Parelladak.
Ikastolen ekarpenak
Kataluniako bi adituen saioekin batera, gaurko ekitaldian Arizmendi eta Uzturpe ikastoletako esperientziak ere ezagutzeko aukera izan dute, gaur, Orona Ideo aretoan elkartu diren irakasle eta arduradun pedagogikoek. Amaia Anterok eta Uxue Sukiak “begiradaren eraberritzearen” bitartez praktikan bizitako elkarreraginaren agerpen esperientzia ezberdinak azaldu dituzte.