Dena prest daukate Zangozan Nafarroa Oinez-erako
Euskarari eta euskal kulturari bultzada ematea izango du helburu nagusia aurtengo Nafarroa Oinezek, Zangozan egingo baita, Nafarroako Gobernuak “eremu ez euskalduna” izendatutako lurraldean. Horrekin batera, proiektuaren iraunkortasuna eta hezkuntzaren kalitatea bermatzeko diru baliabideak lortzea ere izango dute xedetzat aurtengo ekitaldian.
Gaur aurkeztu dute Iruñean aurtengo Oinez-a. Bertan izan dira Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Mikel Belasco, Zangozako ikastolako zuzendari Leire Rebole eta Zangozako Ikastolako Jardueren batzordeko kide Eneko Alkorta. Hiruek eman dituzte urriaren 19ko jaiaren xehetasunak.
Ohi bezala zirkuitua eta guneak erabakita dituzte, baita haietan egongo diren ikuskizunak ere. Aurten lau gune izango dira, eta haietan adin guztientzako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: umeentzako ikuskizunak, magia emanaldiak, Altxatu, Zarako K, Leihotikan, Esne Beltza, Gose, Glaukoma, Willis Drummond, Balerdi Balerdi eta beste zenbait talderen kontzertuak, dantza emanaldiak eta beste.
13-16 urte bitarteko nerabe eta gazteentzako Erronka ere izango dute. Iazko Kilometroetan abiatutako ikastolen arteko lehiaketa jai guztietara hedatzeko asmoa bete egingo da, beraz.
Txikiak handi Nafarroako ikastolek abiarazitako egitasmoak ere segida izango du Nafarroa Oinez-en. Hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzea eta haien arteko zubiak eraikitzea du helburu egitasmo horrek, eta aurtengo jaialdian kitxua eta Saharako hassania hizkuntzak izango dituzte bereziki gogoan.
Hemen duzue Nafarroa Oinez-en aurtengo bideoklipa