Ikasmaterialgintza (webguneak)
URTXINTXA PROIEKTUA
Urtxintxa 3- 4- 5 urte - Gida didaktikoen webgunea
Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze prozesuan ere. Etapa honetan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratze eta harremanetarako hastapenak. Beraz hezkuntza arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian hezkuntza komunitatearen etengabeko ikerketa eta hobekuntza prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak honakoak lirateke: hezkuntz proiektua hobetzea curriculum diseinuaren ulermen maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.
TXANELA PROIEKTUA
Txanela IKT baliabideak
Txanela proiektua derrigorrezko Lehen Hezkuntzako ikasmateriala da. Haur Hezkuntzan Urtxintxa proiektuarekin hasitako ibilbidearen jarraipen modura aurkezten den proiektu honek, bi etapen arteko zubi lana batetik eta Lehen Hezkuntzaren oinarriak finkatzen laguntzearena bestetik ditu helburu. Lehen Hezkuntza etapa zabala den heinean (6-12urte), eta ziklo bakoitzak bere zeregina duenez hezkuntza prozesuan, hauen arteko eta beste etapekiko loturak zainduaz curriculum eskaintza koherente, bateratu eta egokia eskaintzeko asmotan sortua.
Lehen Hezkuntzako proiektuak, TXANELA proiektuak alegia, Haur Hezkuntzako URTXINTXA proiektuak biltzen dituen hainbat ezaugarri gordeaz, haurren garapena sustatzeko elementu berriak ere eskaintzen ditu, IKT konpetentziak horien artean.
Webgune honetan, Txanela proiektua osatzen duten unitate guztien ohiko jarduerei dagozkien fitxekin batera, IKT konpetentziak garatu ahal izateko hainbat IKT jarduera proposatzen ditugu. Ohiko jarduerak ertz urdina duten laukietan erakutsiko dira eta IKT jarduerak berriz, ertz berdea duten laukietan.
Ez dugu jarduera guztiak IKTen bitartez lantzeko asmorik. Kasu batzuetan, paper euskarrikoa ordezkatzeko izango da eta, gehienetan, ohiko jardueraren osagarria.
OSTADAR PROIEKTUA
Ostadar Proiektuko webgunea
Ostadar proiektua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza etapako curriculumaren kudeaketarako diseinaturiko proiektua da. Ikasleentzako eta irakasleentzako hainbat ikasmaterialek osatzen dute euskarri desberdinetan: paper euskarrian, ikus-entzunezkoak, multimedia eta baita internet bitartezkoak ere. Ostadar Webgune honetako Giden bitartez, proiektuaren material curricularrak erabiltzeko eta antolatzeko tresna berri bat eskaini nahi zaie irakasleei. Bestetik, bertako Ostadar Guneen bitartez, ikasleekin zuzenean landu ahal izateko internet bitartezko jarduerak aurkeztuko dira etorkizunean, beti ere Ostadar materialen sekuentzietan txertatuta, eta unitate didaktikoetako metodologia aberasteko asmoz.
Gidetan, irakasleentzako edukien artean honakoak topa daitezke, besteak beste:
* Bigarren zehaztapen-maila curricularraren atalean, arloaren aurkezpena, helburuak, edukien sekuentziazioa eta irizpideak, metodologiari dagozkion kapituluak eta ebaluazioari buruzko hainbat zehaztasun.
* Hirugarren zehaztapen-mailan, unitate didaktiko bakoitzaren xehetasunak.
Gida digitalizatu hauen bitartez irakasleari zuzenduriko eduki horiek guztiak modu pertsonalizatuan kudea daitezke, ikastetxeko proiektu curricularra garatzeko orduan egin beharreko lanak arintzeko tresna bilakatzen delarik.