Ikastoletako ikasleek hainbat sari jaso dituzte RM Azkue Literatura Lehiaketan

Joan den ostiralean banatu zituzten RM Azkue Literatura Sariak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Adinaren araberako bi multzotan banatuta, narrazioa eta poesia alorreko seina  sari (atal bakoitzean lehena, bigarrena  eta  hirugarrena) ziren, eta ikastoletako ikasleak horietako askotan nagusitu ziren: Haurtzaro ikastolako, Harriet Mitxelena, Liher Larrea eta Intza Mitxelena, Balmasedako Zubi Zaharra ikastolako Arhane Martinez, eta Zarauzko Oteitza Lizeoko Elaia Garcia. Azken honek, gainera, hiru sari  jaso zituen 14-17 urte bitartekoen multzoan: narrazioko bigarrena eta poesiako bigarren eta  hirugarren sariak. Haurtzaro ikastolak, gainera, beste sari bat jaso  zuen, lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea izateagatik.

Orotara, 374 lan aurkeztu ziren RM Azkue Literatura Sarietara. Euskaltzaindiak antolatzen ditu 1991. urtetik, BBKren laguntzaz, eta idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute  helburu.

Hauexek izan ziren saritutako lanak eta egileak:

A MAILAKO SARIAK (10-13 urte bitarteko ikasleentzat)

Narrazioaren alorrean:

  • Lehen saria: Horma. Egilea: Harriet Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun).
  • Bigarren saria: Erantzun baten bila. Egilea: Arhane Martinez (Zubi Zaharra ikastola, Balmaseda).
  • Hirugarren saria: Izpien dantzaldia. Egilea: Aitor Collado (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria).

Poesiaren alorrean:

  • Lehen saria: Hiria neguan. Egilea: Ibai Maquibar (Herri arte eskola, Errenteria).
  • Bigarren saria: Maindire kuttuna. Egilea: Liher Larrea (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Ispilu. Egilea: Intza Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).

 

B MAILAKO SARIAK (14-17 urte bitarteko ikasleentzat)

Narrazioaren alorrean:

  • Lehen saria: Itaxura. Egilea: Josu Arrieta (Lekaroz BHI, Lekaroz).
  • Bigarren saria: Hotzikara. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz).
  • Hirugarren saria: Askatasun zorabioa. Egilea: Eneko Garcia (J.M. Iparragirre BHI, Urretxu).

Poesiaren alorra:

  • Lehen saria: Garbiketa sakona. Egilea: Naiara Gutierrez (Minas BHI, Barakaldo – Bizkaia).
  • Bigarren saria: Biluzten nauzunean. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz).
  • Hirugarren saria: Aske. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz).

Andres Urrutiak irabazleak zoriondu zituen Bilboko Plaza Barrian izan zen agerpenean eta euskarazko literaturaren mesedetan jarduteko eskatu zien: “Zuek zarete euskal literaturaren etorkizuna eta, ondorioz, euskararena be bai. Eutsi hizkuntzari eta sormenari”.

Urtero lez, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Ondokoak izan dira epaimahaikideak:

A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.

B mailan: Amaia Jauregizar, Castillo Suárez eta Patxi Zubizarreta.

Epaileen iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dituzte ikasleek, eta azpimarratu zuten saritutako idatzietan gai originalak jorratzen dituztela gazteek, gogoeta sakonak eta interesgarriak proposatuta. Gainera, aitortu zuten testu landuak eta erritmo bizikoak irakurri dituztela.