Hezkuntza Marko Orokor berria abiarazi dute ikastolek, ikasturtearekin batera

 

Pertsonan zentratutako hezkuntzara salto egitera doaz ikastolak, Hezkuntza Marko Orokor berriarekin. Azken hiru ikasturteotan landutako proposamena da, eta ikasturtearekin batera abiarazi dute. Gaur aurkeztu dute, Vianako Kultur Etxean egin duten 2023-24 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian. Ikasturtearen amaierari begira ere jarri dira, orduan egingo baitute Ikastolen VII. Batzarra, hurrengo urteetan Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabakitzeko.

 

Hezkuntza Marko Orokorrak, ekitaldian azpimarratu denez, “ikastolentzako zoru komuna izan nahi du, ikuspegi pedagogiko komun bat ikastola guztientzat”, gerora, ikastola bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta bere errealitatera egokituta berea garatu dezan. “Orain hasiko dugu, beraz, Marko Orokorraren zabalkundea eta ezarpena, eta horrek eskatuko digu aldaketa sakon batzuk egitea hainbat alorretan”.

Liburu batean jaso dute Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria. “Bazatoz?” izenburua eman diote, eta Amaia Anterok, Amaia Artolazabalek, Esther Garaialdek eta Zigor Ibarzabalek idatzi dute. “Marko honek jauzi bat proposatzen digu: Pertsonan zentratutako hezkuntzara salto egitea. Azken urteotan egin eta ikasi duguna jaso, eta egungo testuinguru eta errealitateari erantzuteko proposamena da. Horrek garamatza irakaskuntza pertsonalizatuago batera”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak.

Ikastolen Elkarteko lehendakari gisa ikastolen aurrean egindako lehenbiziko ekitaldia izan du gaurkoa Nekane Artolak, eta azaldu du ikasturte honetan bera eta Artezkaritza Kontseilu berritua “ilusioarekin batera, erantzukizunarekin eta ardurarekin” arituko direla: “Hezkuntza Sistema osatzen dugun erakundeen aniztasuna kontuan hartuz, baina gure izaera ardazten duten ezaugarriei jarraiki, Euskal Hezkuntza sistema hobeago eta aurrerakoiago bat osatzeko lan egingo dugu ikasturte honetan zehar”.

Ikasturte hasierako ekitaldian ikasturte amaierari begira ere jarri dira ikastolak. Izan ere, hurrengo udan ospatuko dute VII. Batzarra, Artolak esan duen moduan, ikastolak hurrengo urteetarako prestatzeko xedez, “biharko ikastolak” irudikatzeko xedez. “Ikastolen mugimendua osatzen dugunok gogoeta egin behar dugu XXI. mende honen hirugarren hamarkadako euskal gizartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu; hots, Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Gizartean ematen ari diren aldaketa azkarren aurreran “aukerak zabaltzen zaizkigu berriro ere gure baitako kokapen bat abiatzeko” erantsi du: “Ikastolen mugimenduak beti izan du, bere nortasunari eutsiz, garai berrietara moldatzeko gaitasuna. Eta orain ere badagokigu egokitzapen hori egitea”. Aldaketek ematen dituzten aukerak baliatu, eta ikastolen eskaintza egokitzea dagokiela azaldu du, “eta eskainiko dugun hori orain arte bezala, ez da ikastolei zuzendutakoa bakarrik izango, oro har, gizarteari egingo diogu ekarpena, gure izaeraren oinarri diren ezaugarrietan ardaztuta”.

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du Euskal Herri osoan, eta Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio bat ere bai. Ikastolen beharrezkotasuna azpimarratu du, lehen bezala orain, “euskara eta euskal kultura Sistemaren erdigunean jartzeko”, eta mugimenduaren sendotasuna nabarmendu du, aurten ateak ireki dituen Senpereko Kattalin Elizalde Kolegioa, 114. Ikastola, martxan jarri izanak frogatzen duen moduan.

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Vianako Hezkuntza zinegotzi Aitana Duquek ere hitza hartu dute Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldian. Herriko Erentzun ikastolako ikasleek jarri diote kolorea ikastolen ekitaldiari, bi dantzarekin agurtu dituztenean Kultur Etxeko ikuskizun aretora hurbildu diren agintari, ordezkari politiko, sindikal, kooperatibista eta euskara eta kultur munduko ordezkariak eta ikastolakideak. Ainhoa Egizabal dantzari eta dantza irakasleak ere hartu du parte ekitaldian. Lizarrako ikastolako ikasle ohiak ikuskizun ederra eskaini du oholtza gainean.