Guztiontzako eta askotariko eskaintza izango du aurtengo Ibilaldiak
Guztira 4,2 kilometro eta lau gune izango ditu Bizkaiko ikastolen 40. jaiak. Seigarrenez egingo da Bilbon, eta hirugarrenez antolatuko du Abusu ikastolak. Antolatzaileek adierazi dutenez, «herritarra, parekidea eta parte hartzailea» den egitarau bat landu dute. Itziarren Semeak, Afrika Bibang, STR eta Kai Nakai izango dira eguneko kontzertuetako batzuk, eta Aiko, Bolintxu dantza taldea eta Disko Txantxa dantzaren arloko ikuskizun eta tailerrak. Umeentzat ipuin kontalaria, magoa eta zirku tailerra ere egongo dira, besteak beste, eta arratsaldean, Go!azen.
Abusuko ikastola 1977an sortu zen, eta bi bider antolatu du Ibilaldia orain arte. Gaur egun, 700 ikasletik gora dauzka ikastolak, eta 500 familiak eta 60 langilek osatzen dute kooperatiba elkartea. Hainbat gauza adierazi nahi izan dituzte leloarekin. Erro «sustraiak zaintzen» ari direlako, harri «harria bezain gogor jardungo dutelako» euskararen eta ikastolen alde, eta har, «harrera herria» izan nahi dutelako, «herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik».
Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak sortu du aurtengo Ibilaldiaren abestia, eta bideoklipean «euskal hezkuntzako eredu kooperatiboa» goraipatu nahi izan dutela adierazi dute, ikasleei eta gurasoei protagonismoa emanez. Revolta Permanenteko eta STRko Iker Villak, La Basuk eta Afrika Bibangek abestu dute kanta.