Gaur abiatuko da, Gernika-Lumon, Eskolatik Plazara ekimena
Ekainean izan behar zuen Eskolarteko azken hitzorduak, Euskal Herrikoak; gero, azaroan; baina saiakera bat zein bestea ezin izan ziren gauzatu, osasun egoeraren bilakaera tarteko. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren.
Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie: horretarako antolatu dugu Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, Eskolatik Plazara, Eskolartekoko parte-hartzaileak egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena.
Saio hauetarako sarrera doakoa izango da, baina www.bertsozale.eus webgunean izen-emate orriak bete beharko dira aretoan lekua gordetzeko.
Gernika-Lumon, lehenengoa
Eskolartekoa antolatzen dugun Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu Eskolatik Plazara. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen.
Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie ahalegin berri honekin, Eskolartekoaren egitekoetako bat hori izanda: bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten da datozen urteetako plazei begira.
Gaur, urtarrilaren 29an, Gernika-Lumon egingo da lehena: 18:00etik aurrera, Astran izango da saioa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak gidatuko du.
Otsailaren 5ean, berriz, Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde. Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. Hirugarren saioaren xehetasunak aletuko ditugu laster.
Ezinbestekoa izango da indarrean dauden neurriak betetzea eta une oro antolatzaileen argibideak jarraitzea.