EMBRYO proiektua martxan da dagoeneko
EMBRYO proiektua abian jarri da Ikastolen Elkartearen laguntzarekin. Bere helburua da gazteak manufakturaren mundura hurbiltzea. Horretarako, EMBRYO proiektua DBHko 4. mailako ikasleekin burutuko da, eta bertan parte hartuko dute bi ikastolatako DBHko irakasleek, Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek.
Hasteko, ikasleek prestakuntza saioak jasoko dituzte programazioaren, sentsoreen eta metalen konformazioaren inguruan, eta, jarraian, mahai prentsa bat fabrikatu eta programatuko dute. Bigarren fasean, ikasleek proiektu bat garatuko dute eta egindako prentsa horrekin metalezko hainbat pieza fabrikatuko dituzte. Teoria jaso eta praktikak egiteaz gain, ikasle parte-hartzaileek bisitak ere egingo dituzte enpresetako instalazioetara, esate baterako DANOBAT taldeko GOITIra.
Orain abian jarri den proiektua 2020 osoan burutuko da, eta lehen proba pilotuan Orioko Herri ikastolak eta Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak hartuko dute parte. Lehen esperientzia honekin prozedura zehaztu eta hobekuntzak proposatu nahi dira, izan ere 2021etik aurrera espero baita proiektua Euskal Herriko ikastetxe gehiagotara eramatea, baita Europako hainbat herrialdetara ere.
Lankidetzan sektorearen etorkizunerantz
Ekimenaren helburu garrantzitsuena gazteek manufakturarekiko duten irudia aldatzea da, lan zikina dela uste baitute, eta STEAM gaiak (Zientzia, Teknologia, Ingenieritza, Artea eta Matematika, ingeleseko sigletan) Euskal Herriko gazteen artean zabaltzea, bereziki nesken artean. Proiektua Europako EIT Manufacturing izenekoak sustatzen du, eta proiektu europar horretan biltzen dira 17 herrialdetako 50 bazkide, tartean dela Mondragon Korporazioa. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gidatzen du EMBRYO proiektua eta Europako bazkide garrantzitsuek parte hartzen dute, hala nola Arduinok eta PtU Darmstadtek..