Oinez Basoa egitasmoa balioan jarri du NUPek
Oinez Basoa, Nafarroako ikastolen jaiek sortzen duten lorratz ekologikoari erantzun positibo bat emateko sortutako ekimena balioan jartzen duen azterketa egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Aztarna ekologikoari erantzuteko duen eraginaz gain, hezkuntzan ere duen garrantzia azpimarratu dute. Guztia bideo honetan ikus dezakezue.
Proiektua 2008an sortu zen, Nafarroa Oinez Festaren aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz. Festa hartzen duen tokian ingurumenaren kalitatea hobetzeko testigantza egonkorra da Oinez Basoa eta iraunkortasunari lotutako ekimena.
Bederatzi baso sortu dituzte Nafarroako ikastolek, Oinez Basoa abiarazi zutenetik: Arbizun, Zangozan, Tafallan, Baztanen, Lesakan, Andosilla-Sartagudan (Lodosako ikastolak egina) eta Altsasun bana, eta bi Tuteran.11 urteetan zehar egin duen ibilbidearen baitan, 47.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa guztian barna, Nafarroa Oinezek uzten duen elkartasun aztarna eraginez. Sortutako basoak, urtetik urtera, garatzen doaz, aberasten eta ikastolen hezkuntza jarduerari lotutako baliabide pedagogiko bilakatzen. Horren adibide garbia Arbizuko basoan sortutako baltsa, non hegazti migratzaileek eta igelek bizitoki egin duten. Tafallan, NUPren laguntzaz, ikerketa-lan bat gauzatu dute, airearen karbonoaren bahiketa eta Oinez Basoak naturan sortzen dituen onurak aztertzeko.
2017-2018 ikasturtean hitzarmen bat izenpetu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Oinez Basoen sarearen garapen pedagogikoaren inguruan. Hitzarmen horretan hainbat ekimen biltzen dira.
Alde batetik, ingurumenaren alorreko parametroen eta proposamen parte-hartzaileen monitorizazioa, ingurumen hezkuntza lantzeko Tafallako Oinez Basoan. Iñigo Virto -ingeniari doktore agronomoa- eta Bosco Imbert -biologiako doktorea- irakasleek parte hartu dute bertan.
Beste alde batetik, Oinez Basoen sareaz baliatuko den zientzia proiektu herritar bat garatu nahi da. Ekimen horren bitartez, ikasleak zein familiak parte hartzen ari dira tresna horren garapenean, eta, horrela, espezieak identifikatu eta konparatzen ari dira, izen arruntak sartzen hainbat hizkuntzatan, eta erreferentziazko oinarri bat sortzen hasi dira, alderaketak eta jarraipenak egin ahal izateko, bai sare barruan bai plataformako beste ekimen batzuetan. Biologiako doktore den Javier Peralta irakaslea ari da laguntzen.