Ikastolen Elkarteko Udako AISIALDI eskaintza 2019
Euskal Herri luze zabalean hainbat udaleku gauzatu dira. Baionatik Lapuebla de Labarkara eta Sopelatik Iruñeara, guztira 1300 haur inguruk hartu du parte, udaleku irekietan zein itxietan.
Kostaldean ingeles udalekuak izan dira nagusi, Sopelan, Ondarrun eta Bermeon. Ondo pasatuz, ingelesa ikasten; eta, aldi berean, Euskal Herriko herri eta inguru horiek eskaintzen dituzten aukerekin gozatuz.
Surf eta itsaso, edo kultura udalekuak ere gauzatu ditugu kostaldean. Aurten Sopela izan da Surf udalekuen egoitza eta surf-az gain, surf kulturarekin loturiko ekintza desberdinak burutu dituzte neska mutilek. Lekeition, berriz, itsasoa eta kultura udalekuan euskaldunok itsasoarekin dugun harremana eta gure kultur adierazpenetan duen eragina aldarrikatuz ere gozatu dugu.
Ikus-entzunezkoek ere lekua izan dute gurean. Lekeition hau ere. “Ataun of death”, “Joxean’s hil eben” eta “Napardeath” fantasia filmetako egileak izan ditugu gure artean. Fantasia, Euskal Herriko historia eta euskara film batean jaso daitezkeela ohartuz eta gazteen artean sormenerako gogoa sustatuz bizitu dute.
Iparralde eta Hegoaldeko topaketa izan da Baionan gauzatu dugun udalekua. Iparraldeko Uda-Leku elkartearekin batera antolatutako udalekuan, iparraldeko eta hegoaldeko haurren elkar ezagutza sustatzea izan dugu helburu: muga guztien gainetik izanik nazio bereko herritarrak garela eta gure artean komunikatzeko euskara dugula ardatz. Zirkoa izan dugu aurtengoan gozatzeko aitzakia. Iparraldeko zirko elkarte bati esker, haurrek astebetez ondo pasatzeko aukera izan dute.
Ebro ertzean ere ibili dira gure haurrak udaz gozatzen. Eusk(h)ara Mugara, eta Mendia eta Pilota udalekuak izan dira Lapuebla de Labarkako Assa Ikastolan antolatu ditugun udalekuak. Euskal Herriko txoko guztietako haurrek hartu dute parte, eta urtez urte arrakasta handiagoa duen udalekuko txanda guztiak topera bete dira.
Udaleku Irekiak ere hainbat ikastolatan gauzatu dira, haur txikienei ere aisialdia euskaraz bizitzeko aukera eskainiz. Bilbo, Laudio, Gasteiz, Iruñea eta Lapuebla de Labarkan antolatu dira, ikastolan bertan.
Txikienek ere ingelesaz gozatu ahal izan dute. Urtero bezala hainbat ikastoletan Enjoy English udaleku irekia antolatu dugu. Jatorrizko ingeles hiztunek gidaturik, lau astez ingelesean murgildu ahal izan dira 5-11 urte bitarteko haurrak. Ikastolen Elkarteak sortutako proiektu desberdinen bitartez ingelesaren komunikazio gaitasuna lantzea izan dugu helburu.
Eta nola ez, aurten ere Irlandan egon gara. Cork izan da aurten aukeratu dugun hiria. 20 gazte joan dira bertako familietan bizitzera eta Irlandar kultura ezagutzearekin batera ingelesa modu intentsiboan ikastera.
Uztaila bukatzearekin batera, udalekuek pertsiana jaitsiko dute, baina Ikastolen Elkarteko Aisialdi taldeak ez du atsedenik hartuko. Izan ere, 2019-2020 ikasturtean zehar ikastolentzako eskaintza zabala prestatu dugulako, eta irailean Pulunpa! Euskararen murgiltze astea programa berrituarekin hasiko garelako; ahantzi gabe Alloko aterpetxeko eta Zuhatzako egonaldiekin bueltatuko garela!
Ondo pasa oporrak!