Ikastolen Elkartearen agerraldia Eusko Legebiltzarrean
EH Bildu talde parlamentarioaren eskaerari erantzunez, Ikastolen Elkarteko ordezkaritza batek hezkuntza-sistema ez unibertsitarioko hizkuntza tratamenduari buruzko agerraldia egin du, gaur, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Koldo Tellitu lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak osatu dute Ikastolen Elkarteko ordezkaritza.(Bideoa, hemen) (Bigarren zatia) (Azken hitza)
Ikastolen ordezkariek argi adierazi dute egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen hizkuntza ereduen sistemak porrot egin duela, eta euskara ardatz duen eleaniztasuna bultzatzearen alde agertu dira, murgiltze eredu baten alde, baina komunikazio konpetentziaren maila egokia lortzeaz gainera, euskal kulturaren gutxieneko ezagutza barneratzeko ere balio izango duen eredu baten alde egin dute.
“Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira. XXI. mendeko euskaldunak hezi nahi baditugu, euskaldun gaurkotuak, behar berriei egokituak eta aurrerapenetan txertatuak behar ditugu, eta horretarako Euskal Curriculuma behar dugu”, azpimarratu dute.
Era berean, hizkuntza ereduan eraldaketa emateko hezkuntza lege berri baten premia ere azpimarratu dute, berau delako aukera bakarra, egungo legedian ez baitu tokirik.
Ondorengo lerroetan daude ikastolen ordezkariek gaurko agerraldian egin dituzten adierazpen nagusiak.
- “Helburuak ez dira lortu. Gaur egun gure hezkuntza sistemak ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen.”
- “Gaur egun zein da egoera?, Ikastetxe askotan zer daukagu? D eredua izenez, baina ez izanez”
- “Helburuak lortzeko zer behar dugu? Euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitza. Gizarte eredu honetan ezinezkoa da hizkuntza gutxitu bati eustea eta suspertzea hizkuntza hori gizarteko hizkuntza bakartzat hartzen bada. Euskaldunon etorkizuna eleanitza da”
- “Bide honetan, hizkuntzen trataera integratua eta integrala oinarritzat hartuz, ikasleen irteera-profileko (baita etapa bakoitzeko tarteko profilak ere) eleaniztasun-maila lortzeko helburu zehatzak, lorpen mailak, adierazi behar dira”
- “Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan, hizkuntza konpetentzia ebaluatzeko, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Bateratuen Esparrua egokiena dela pentsatzen dugu”
- “DBH amaieran B2 lortzeko modu eraginkorrena murgiltze eredua dela argi daukagu. Ebaluazio serio batek, murgiltze ereduaren orokortzea ekarri beharko luke”
- “Benetako ikuspegi komunikatiboa ezarri behar da hizkuntza-didaktikan: hizkuntzak erabiltzeko ikasten dira eta erabiliz ikasten dira, beraz, bereziki bermatu behar da ahozkoari behar besteko arreta ipintzea”
- “Halako planteamenduak lege-esparru berria behar duela azpimarratu behar dugu, egungo legedian ez baitu tokirik. Hezkuntza Lege baten aukera baino abagune hoberik egon daiteke?”
- “Dena den, datozen urteetako helburua euskararen erabilera dugu. Eta abagune honetan euskararen normalizazioari, biziberritzeari, erronka berriak agertzen zaizkio”
- “Datozen urteotan, eraikitzen jarraituko dugun herri honetan eguneroko harremanak euskaraz egiten duten herritar eleanitzez osaturiko komunikazio-esparru kolektiboa osatu nahiko genuke. Egiten den heinean, kolektiboki erabakitzeko gaitasuna izango dugu”
- “Baina murgiltze eredurik euskaldunenak ere ez du askorik balio euskaldun aktiboak sortzeko orduan. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira. XXI. mendeko euskaldunak hezi nahi baditugu, euskaldun gaurkotuak, behar dira, eta horretarako Euskal Curriculuma behar dugu”