Hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea izango dira ikastolen aurtengo erronkak
Elorrioko Arriola antzokian ospatu dute ikastolek 2017-18 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Euskal Herriko ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko ordezkari andana bildu da Elorrion, eta baita gonbidatu ugari ere. Bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana De Castro eta Elorrioko alkate Idoia Buruaga; EAJ eta EH Bilduko ordezkariak, hezkuntza eragileetako hainbat ordezkari, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak eta euskalgintza eta euskal kulturakoak.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, ikastolen aurtengo ikasturteko erronkak azaldu ditu, eta nagusiak hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea izango direla nabarmendu du.
Indartsu hasi dute ikasturtea ikastolek, Koldo Tellituk nabarmendu duenez. Bokaleko ama ikastola berriarekin, Bernat Etxepare ikastolaren zabalpenarekin, Lizeo berrian ireki dute Lanbide Heziketa ere emanez, eta kolegioa ireki dute orain arteko egoitzan. Era berean, Armentiako ikastolan Batxiler eskaintza ireki dute, bi gelarekin, eta Argantzon ikastolak lehen hezkuntza emateko proiektua ere hor dago. 110 ikastola dira, beraz, eta 56.000 ikasle inguru dituzte jada.
Gainontzeko ikastolek ere indartsu hasi dute ikasturtea. Asko dira eraikinak berritu dituztenak, berritzen ari direnak, edota berritzeko egitasmoak dituztenak. Batzuk aipatzearren, Gasteizko Armentia ikastola, Leioako Betiko ikastola, Oñatiko Txantxiku, Durangoko Kurutziaga, Tolosako Laskorain, Lekeitioko RM Azkue, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, Arizmendi ikastola, Elorrioko Txintxirri…. Espazio berritzaileak dira, eraldatzaileak, malguak, unean uneko beharretara moldagarriak... Azken batean, hezkuntza eredu eraldatzaileak espazio eraldatzaileak behar ditu. Horregatik jarri du martxan Ikastolen Elkarteak aholkularitza zerbitzu bat ikastolentzako, espazioen eraldaketa horretan laguntzeko.
Hezkuntzaren eraldaketan ikastolak egiten ari diren lana ere mintzagai izan du Tellituk. Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritzen den eredu pedagogikoaren bitartez ari dira ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hori garatzeko eta gelaratzeko ikasmaterial berriak sortu dituzte eta sortzen ari dira, EKI proiektuaren baitan.
DBHn iazko ikasturtean amaitu zen EKIren ezarpena. Aurtengo ikasturtean Lehen Hezkuntzan hasi dira eredu hori ezartzen, zehazki 6. mailan. Heldu den ikasturtean 5. mailan ezarriko dute, eta horrela jarraituko du ezarpenak.
Baina Haur Hezkuntzara ere ari dira eraldaketa eramaten, EHIko lehendakariak azpimarratu duenez. Baziren ikastola batzuk dagoeneko eraldaketa hori martxan zutela, eta haien denen esperientziak aintzat hartuta eta Ikastolen Elkartean martxan jarritako koordinazio taldearen bitartez, ikastola guztietara eraman nahi dute eraldaketa.
Eta hori guzti horrekin batera, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako proposamen berriak ere ari dira garatzen.
Hezkuntza eredu berriaren ezarpenean irakasleen prestakuntza funtsezkoa izan da eta izaten jarraitzen du, Tellituren hitzetan. Ebaluazioaren gaian prestakuntzarekin jarraitzen dute.
Gainera, orain unea iritsi da ikastolak egiten ari direna aztertzeko. Alegia, zer eta nola egin nahi duten badakite, zer helburu duten ere bai, hau da, zein den edo izan behar duen ikasleen irteera profilak. “Orain jakin nahi dute helburu horretara iristen ari diren, iritsi diren, edo zein puntutan dauden”, azaldu du Tellituk. Horretarako osatu dute aholkularitza talde bat, eta aholkulari horiek lagunduko diete ikastolei lan hori egiten. Aurtengo ikasturtean 25 ikastolatan hasiko dira. Heldu den urterako ikastola gehiagotara iritsiko gara.
Horrekin batera eskola jazarpenari aurre egiteko KiVa programak jarraipena izango du, eta ikastola gehiago sartu dira programan. Hain zuzen ere, iaz KiVa ezarri zuten 55 ikastolei beste hamar batu zaizkie aurten. Gainera, programa Lehen Hezkuntzarako prestatua dagoen arren, Bigarren Hezkuntzan ere ematen hasi dira aurtengo ikasturtean.
Ezarpena azkarra eta eraginkorra izan da. Ikastola guztiak oso gustura daude KiVaren bitartez eskola jazarpenaren aurka prebentzioan egiten ari diren lanarekin.
HEZKUNTZA AKORDIOA eta LEGEA
Halaber, Ikastolen Elkarteko lehendakariak hizpide izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza akordio baten beharra. Horren harira, errepikatu du iragan astelehenean Hezkuntza Sailarekin 33 hezkuntza eragilek egindako bilera abiapuntua izan behar dela akordiorako. Eragileekiko Hezkuntza Sailaren konpromisoa nabarmendu du Tellituk, eta kronograma bat ezarri duela azpimarratu. Lan taldeei dagokienez, erdietsi nahi den sistemaren publikotasun ereduari dagokion lan taldea erantsiko lioketela esan dute ikastolek, baina, orain, prozesua indartsu abiaraztearen garrantziaz ohartuta, aurrerago beste lan eremu batzuk zabaltzeko aukera egongo denaren ziurtasuna azaldu dute
Hezkuntza akordioaren ostean Hezkuntza Lege berri bat egon behar duela gaineratu du, eta horri begira ikastolek dokumentu bat garatu dutela adierazi du. Dena den dokumentu hori ez dela marra gorririk izango azaldu du: “Prozesu honetan modu aktiboan hartuko dugu parte, eta ikuspegi irekiarekin; aldez aurreko bermeak eta exijentziak ezarri gabe, prozesua hasi baino ez delako egin”.
“Guk eskatzen dugun legea da hezkuntza sistemako ikastetxe guztiak barne bilduko dituena, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta, eta nolabait esan, publikotasun partekatu baterantz jarriaz”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. “Baina, aldi berean, uste dugu lege horrek balio izan behar duela Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzeko, herri honentzat funtsezkoa delako gai hau, ezin dugulako Espainiako edo Frantziako lege murriztaileen pean egon, gainditu egin behar ditugulako. Kataluniako prozesuarekin ezagun egin den hitza erabiliz, hezkuntzari dagokionez, bederen, deskonexioa behar dugu”, gaineratu du.
27 IKASTOLARI OMENALDIA eta IKUSKIZUNA
Ikasturte hasiera ekitaldian omenaldiaren tartea ere izan da. Aurtengo ekitaldian, azken lau ikasturteotan mende erdira iritsi diren 27 ikastola omendu dituzte. Merezi duten esker ona adierazi diete, eta, bereziki, urteotan guztiotan erakutsi duten konpromiso sendoa aitortu. Konpromisoa euren herri eta herritarrekiko, euskara eta euskal kulturarekiko, kalitatezko euskal hezkuntza eraldatzailearekiko eta ikasle guzti eta bakoitzarekiko.
Azken batean, Ikastola Ereduarekiko erakutsitako konpromisoa aitortu nahi izan diete, eredu hori sortu, garatu eta gaur egunera arte ekarri dutelako, haien ondotik sorturiko beste ikastola guztiekin batera.
Ekitaldian dantza ikuskizuna ere egon da, Lazkaoko Oin Arin taldearen eskutik. Hiru dantza eskaini dituzte, hasierakoa, ekitaldiaren erdian, eta amaitzeko beste dantza bat eskaini dute. Ekitaldiaren aurkezpena Kike Amonarrizen eskutik joan da.