Brebeta euskaraz egin zuten ikasleen azterketak ebaluatu egin dituzte

Poz handiarekin jakin berri dugu Brebetako zientzietako azterketak (Biologia eta Fisika) euskaraz egin dituzten ikasleen lanak zuzenduak eta ebaluatuak izan direla.

Debekuen gainetik, Brebeta pasa behar zuten Seaskako Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart hiru kolegioetako 157 ikasleetatik kasik %100ak azterketak euskaraz egin dituzte. Eta ez da erabaki erraza izan, Brebetarik gabe gelditzeko arriskuaz gain, azterketa egunean berean zenbait ikaslek presioak jasan baitzituzten azterketa zentroetan, frantsesez egin zezaten.

Beraz, gure zorionik beroenak euskararen alde urrats garrantzitsua egin duten ikasleei eta familiei. Ausardia erakusteaz gain, belaunaldien arteko elkartasun ekintza paregabea egin dute, haien borrokari esker ondoko belaunaldiek Brebeta euskaraz egiten ahalko baitute.

Azken unean eta mobilizazioaren ondorioz izan bada ere, baikorki baloratzen dugu Bordeleko Akademiaren eta Pariseko Ministerioko zerbitzuen jarrera aldaketa. Zientziak euskaraz irakasten dituzten irakasle zuzentzaileak konbokatuz, gure ikasleen azterketak berme osoz zuzenduak izatea ahalbidetu dute.

Joan den maiatzean Herri Urratsen Ipar Euskal Herria hizkuntzaren berreskurapenerako esperimentazio lurralde izendatzea galdegin genion Parisi. Euskarazko Brebeta, esperimentazio horren lehen urrats gisa ulertzen dugu, euskara frantsesaren hein berean ezarririk. Agintari ezberdinak bide horretan elkarrekin aitzina segitzera gonbidatzen ditugu. Besteak beste, gaurdanik has gaitezen lanean Baxoa ere euskaraz izateko urratsak egiteko.

 

Seaska