Lur eta Ametsen hiru ipuin gehiago aurkeztu dituzte
Gaur goizean aurkeztu dira Donostian, Lur eta Amets Euskal Herriko Historia bildumako azken hiru ipuinak. Uxue Alberdik idatzi ditu eta Patxi Pelaezek ilustratu hiruak, eta azken 130 ureotako historiaren pasarte bana biltzen dute: ‘Lur eta Amets. Zazpi Kaleetako eskola’, hemeretzigarren mendearen amaierako Bilbon kokatua, abertzaletasuna eta gizarte eta langile mugimenduen pizkundearen momentuan; ‘Lur eta Amets. Ikastola armairu barruan’, 1960ko hamarkadaren hasieran, Donostian, frankismo garaiko lehen ikastolen sorreraren garaian kokatua, eta Elbira Zipitriaren bizitzan oinarritua; eta ‘Lur eta Amets. Martxa eta borroka!’, 1980ko hamarraldiaren hasieran, musikaren, gazte mugimenduen eta gaztetxeen leherketaren garaian kokatua.
Aurkezpenean parte hartu dute Uxue Alberdik berak, Lur eta Amets proiektuaren koordinatzaile Antxine Mendizabal editoreak, eta Kontxita Beitia andereñoak. Andereño historikoetakoa da Beitia, eta Alberdik haien figuran oinarrituta eraikitako istorioaren benetakotasunaren fede emaile gisa ere jokatu du.
Lur eta Amets Euskal Herriaren Historia, Ikastolen Elkarteak, Elkar argitaletxeak eta Katxiporretak elkarlanean egindako proiektu bat da. Ipuin liburu hauek, bildumaren zazpi, zortzi eta bederatzigarren zenbakiak dira.
Zazpi Kaleetako eskola
XIX. mendearen amaieran bizi-bizi dago Bilbo eta, Atxuriko eskolarako bidean, kaleko harrabotsak Lur eta Ametsen jakin-mina areagotu egin du. Aspaldi honetan ohartuta daude amona Anderek arazoak dituela tabako-fabrikan; piper egin eta amonari laguntzera joatea erabaki dute. Langileriaren bizimodua eta garaiko bidegabekeriak gertutik ezagutuko dituzte bertan.
Ikastola armairu barruan
Amona Anderek Donostiara itzultzea erabaki du Lur eta Ametsekin, Francoren diktaduraren ondorioz, urteak Saran igaro ondoren. Ihes egin aurretiko bizimodua berreskuratu nahi du. Andereñoa zen Donostian, haurrei eskola ematen zien. Donostiara itzultzean zenbait trikimailu asmatu beharko dute ikastola martxan jartzeko.
Martxa eta borroka!
Felixek, Lur eta Ametsen lehengusuak, soldaduskara joateko gutuna jaso du. Haserre dago. Protesta egiteko asmoz irtengo da kalera Lur eta Ametsekin. Ustekabean, ordea, sekulako euri-zaparrada hasiko da, uholde bihurtuko dena. Herriko gaztetxea ere urak hartuko du. Musika, halere, ez da faltako.