Aurkezpena
Eskolarteko Bertsolari Txapelketa izeneko ekitaldia, 1981ean Donostian burutu zen estrainekoz, Carmelo Balda pilotalekuan hain zuzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen.
1982an, Ikastolen Elkartea arduratu zen ekimen horretaz, eta bertsolaritza irakaskuntzan txertatzeko lehen urratsak bideratu ziren. Geroztik, Euskal Herriko herrialde guztietara zabaltzearen ondorioz, milaka neska-mutilek ezagutu dute jendaurreko jarduerak duen bizipen ahanztezina.
Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartearen lankidetzari esker pauso berritzaileez heldu zaigu Eskolarteko Txapelketa, aurrerantz egiteko bokazio indartsuarekin. Irakaskuntza arloko ezagutza abiapuntu harturik eta bertso eskoletako urratsak biziberrituz, urte osoko eskaintzaren sarean ehundu dira gaur egungo eskolarteko txapelketak.
Gainera, bertsolari belaunaldi berriak plazaratzeaz gain, jarduera honen ingurune naturala osatzen lagungarri bilakatu zaigu urteroko ekimen hau; bertsozaleak, adituak, aurkezleak, gaijartzaileak, epaileak, antolatzaileak…prestatuz eta ugalduz.
Hogeita hamabost urteko ibilbide horren lekukotza aurkituko degu bilduma honetan, aldian aldiko eta tokian tokiko giroa irudikatuz.
2014ko ekainean