Igande honetan jokatuko da Gipuzkoako Eskolartekoaren finala
Iragan otsailaren 12an abiatu zen Legazpin, eta Hernani, Lasarte, Zarautz, Ataun, Elgoibar, Aretxabaleta eta Azkoitian jokatutako bat-bateko eta papereko kanporaketen ostean, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa azken fasera heldu da. Apirilaren 17an, goizeko 11:30etatik aurrera, erabakiko dira Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako aurtengo ekitaldiko txapeldunak, bai bat-batekoan eta baita idatzizkoan ere. Eguna, biribiltzeko, berriz, bazkaria egingo dute guztiek eta arratsaldean ere jarraituko du jaiak, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ere egingo baita Eibarren, egun horretan bertan.
Urko Arregi, Gontzal Belategi, Aizpea Garmendia, Libe Goenaga, Itziar Mendia, Andoni Mujika, Beñat Mujika eta Ane Peñagarikano dira bat-bateko saioko finalera iritsi diren bertsolari gazteak. Gai-jartzaile lanetan Saroi Jauregi arituko da.
Bat-bateko txapelketaren kanporaketetan 15-18 urte arteko gazteek hartu dute parte (15 urtez beherakoak ez dira bat-batekoan lehiatu), elkarte desberdinetan bertso afari formatuan egin dituzte bat-bateko saioak. Finala, aldiz, formatu klasikoan jokatuko dute, oholtza gainean.
Idatzizko sariketa, ohi bezala egin da, ikastetxe batean herri ezberdinetako ikastetxeetako ikasleak elkartu, eta bertsoak jartzeko gaia eta denbora jakin bat eman zaie. Lanak saioetan bertan aurkeztu zituzten, eta lan hautatuak bat-bateko txapelketaren final egunean sarituko dira. Ia mila ikaslek hartu dute parte aurtengo ekitaldian.
Aipagarria da, kanporaketak jokatu diren egunetan bertan egin diren saio didaktikoak. Idatzizko lanak egin dituzten ikasle horiek elkartu dira hurbileko areto batean, eta eurentzat neurrikoa (erakargarria) izan den saio bat eskaini dute, inguruko bertso-eskoletako haurrek eta bi bertsolari ezagunek. Gai jartzaileek publikoa ere inplikatzeko ariketak jarri dituzte.
Idatzizko sariketa eta osteko saio didaktikoak Ikastolen Elkarteak antolatu ditu. Bat-bateko txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzarekin.
Ostiralean, Nafarroakoa
Bi egun lehengo, etzi, 14 eta 18 urte bitarteko hamar bertsolari gaztek hartuko dute parte Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 30. edizioan. Saioa Altsasuko Itsasi euskaltegian jokatuko da, arratsaldeko 18:30ean hasita. Sarrera doakoa da eta saioaren ondoren merendua izango da.
Hauek dira finalean lehiatuko diren bertsolari gazteak: Joanes Illarregi (Leitza), Xabat Illarregi (Leitza), Ekain Alegre (Altsasu), Idoia Granizo (Altsasu), Aitziber Grados (Altsasu), Amets Artieda (Altsasu), Aritz Goikoetxea (Altsasu) eta Bortzirietako Bertso Eskolako eta Iruñeko Bertso Eskolako hiru kide.
Maider Ansa izango da gai-jartzaileak.