Kanbotik Bilbora, ingelesa praktikatzera
Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeak Bilbo Bizi egitasmoa prestatu dio Kanboko Xalbador Kolegioari. Astebeteko ingeles egonaldia da Bilbo Bizi. Aurreneko urtea eta aurreneko esperientzia da Aisialdi Taldeak Ipar Euskal Herriko ikastola bat ingelesa lantzera hego Euskal Herrira eraman duena. Horretarako, bertako eta ingeles jatorriko hezitzaileak jarri dituzte astebetez gidari.
Kanboko ikasleek ingelesa lantzea du xede Bilbo Bizi egitasmoak, baina planteamendu berezi batetik. Izan ere, egitasmoak euskara hartzen du ardaztzat .
Eta gauzak nola diren, Lutxo Egia idazlea Transitoak performance-a egiten ari den unean iritsi dira Kanboko ikasleak Bilbora. Hilabete batez, gaztelania jakingo ez balu moduan bizitzen ari da Egia, eta eguneroko bere bizipenen berri ematen ari Berria egunkariaren webgunean ireki duen blogean.
Iragan asteartean bildu ziren Egiarekin Kanboko ikasleak. Euskara eta ingelesa izan ziren harreman hizkuntza, bai Egiaren aurkezpenean, zein Egiak ikasleei jarritako frogan ere. Mixel Labegerie kalea aurkitu behar zuten ikasleek, bidean topo egiten zuten bilbotarrei galdetuz. Hori bai, euskaraz edo ingelesez mintzatu behar zuten, Transitoak performance-an Egia egiten ari den gisan.
Lutxo Egiak berak, Xalbador Kolegioko ikasleekin bizitako esperientziaren berri eman zuen Berria-n asteazkenean publikatu zioten kronikan.