Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoa, abian

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako eta EGKF Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakariak eta  Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak izenpetu dute bi erakundeen arteko hitzarmena, gaur, Oiartzungo Haurtzaro ikastolan egindako ekitaldian. Bertan izan dira, baita ere, Oiartzungo alkatea, Zazpiak Bat elkarteko ordezkariak, eta Haurtzaro, Basabürü eta Eperra ikastoletako ordezkariak.

Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du:

“Euskal Herriaren etorkizunean berebiziko garrantzia du lurralde osoan hezkuntza kalitatezkoa eta euskalduna bermatzeak eta ikastolen arteko harremana indartzeak. Horregatik gure poztasuna agertu nahi dut Udalbiltza eta Ikastolen elkartearen arteko elkarlana posible egingo duen lankidetza hitzarmenagatik.”

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu pozik azaldu da hitzarmenarekin, eta lurraldeak euskaraz lotzeko zubiak egitera gonbitea luzatu die ikastolei:

“Gaur ikasle diren gure haurrek eraikiko dute, eraikitzekotan, etorkizuneko Euskal Herri euskalduna. Gure egitekoa da etorkizuneko haien egiteko hori erraztea, eta zer hoberik beraien arteko ezagutza eta hartu emanak orain bertan ereiten hastea baino. Ziur gaude Elkarrekilan Euskal Herria proiektuak Elkarrekilan Zuberoan proiektuaren adinako arrakasta izango duela. Eperra, Basabürü eta Haurtzaro ikastolak ditugu lehenak. Sohüta, Aloze eta Oiartzun. Gaurtik bertatik, ikastola guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, harremanak eraikitzera, lurraldeak euskaraz lotzeko zubiak egitera”.

Akordioan esaten den moduan, Hitzarmen honen xedea Udalbiltzaren Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren eta Ikastolen Elkarteaaren arteko elkarlan marko bat finkatzea da.

Hartu dituzten konpromisoak hauexek dira:

  • Alde biek Euskal Herriko administrazio ezberdinen pean dauden  ikastolen arteko lankidetza sustatuko dute. Lankidetza hori Elkarrekilan Euskal Herria lelopean emango da Euskal Herriko lurralde guztietako ikastolen  artean.
  • Alde biek lurralde ezberdinetan kokaturik dauden ikastolen arteko  kohesioa, barne ezagutza eta elkartasuna bultzatuko dute.  Horretarako, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko trukaketak sustatuko dituzte, hala nola, giza harremanak indartzeko, euskararen  eta euskalkien alde, kirola, teknologia berriak, elikadura burujabetza  edota alde biek landu nahiko luketen beste edozein gai lantzeko.
  • Hitzarmen honek, parte hartu nahi duen ikastola ororentzako balio du, eta iraupen mugagabea dauka.
  • IKASTOLEN ELKARTEAK hitzarmena hedatu eta sustatuko du bere baitan biltzen dituen ikastolen artean, parte hartzera animatu daitezen.
  • EGKF-k Udalbiltzako kide diren alkate eta zinegotzien sarean hitzarmena jakinarazi eta sustatuko du. Horrez gain, behar izanez gero antolaketa eta kudeaketarako laguntza eskainiko die ikastola zein udalei, beti ere egitasmoa gauzatu dadin.
  • EGKF-k lurraldearen batasunerako egiten duen eguneroko lanaren baitan txertatuko du programa hau. Hala, Udalbiltza Partzuergoko zein EGKF-ko teknikariek gainontzeko agenteekin dituzten harremanetan  programa honen berri emango dute, egunetik egunera geroz eta gehiago indartzeko asmoarekin.

Egitasmoaren lehen esperientzia

Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoaren hitzarmena Haurtzaro ikastolan izenpetu da. Ez da ausaz aukeratutako lekua izan. Izan ere, Alozeko Basabürü ikastolako haurrak bertan dira, egitasmo honen baitan eginiko lehen esperientziaren barruan. Esperientzia horretan Sohütako Eperra ikastolako ikasleek ere hartuko dute parte.

Hala, hiru ikastola hauen arteko hitzarmena ere izenpetu dute gaur. Hitzarmenaren helburua da hiru ikastoletako ikasle, irakasle eta gurasoen artean harremanak indartzea. Honela, Zuberoako eta Oarsoaldeko eremu euskalduna osatzen duten pertsonen arteko harremanak indartu nahi dira.

Ekintzak hauexek izango dira:

  • Hiru ikastoletako ikasleen artean trukaketak antolatzea. 2014-2015 ikasturtean, Haurtzaro ikastolak, Basaburua ikastolako ikasleei eginen die harrera lehen esperientzia gisa. Hitzarmena sinatu den unean, Zuberoako 22 ikasle bertan dira hain zuzen ere.
  • Hiru ikastoletako irakasleen artean, trukaketak antolatzea.
  • Hiru ikastolen arteko gurasoen trukaketak antolatzea. Hau adibidez, Mauleko besten karietara antolatu daiteke, haur eta gurasoen arteko egun bat martxan jarriz.
  • Hiru ikastolen artean, bi lurraldeetako geografia, historia, kultura, produktu lokalak… ezagutaraztea. Hau adibidez, Haurtzaro ikastolan, Zuberoako produktuak ezagutarazteko egun berezi bat antolatuz gauzatu daiteke.
  • Hiru ikastoleen artean kirol arloko txapelketak antolatzea.

Oarsoaldeko gainontzeko ikastolak bertan txertatzeko nahia du hitzarmen honek.

 

Oiartzungo alkatea, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Udalbiltzakoa, Haurtzaroko lehendakaria eta zuzendaria eta Eperra eta Basabürü ikastoletako ordezkariak
Koldo Tellitu eta Mertxe Aizpurua hitzarmena sinatzen
Haurtzaroko eta Basabürü ikastoletako ordezkariak hitzarmena izenpetzen
Oiartzungo alkatea, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Udalbiltzakoa, Haurtzaroko lehendakaria eta zuzendaria eta Eperra eta Basabürü ikastoletako ordezkariak
Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoa. Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Udalbiltzakoak eta Haurtzaro, Basabürü eta Eperra ikastoletakoak, Oiartzun eta Alozeko ikasleekin