Ebaluazio metodologia berri baten premia

 

Konpetentzietan oinarritutako curriculuma aurrera eramateko irakasteko eta ikasteko metodologia aldaketaz gain, ebaluatzeko modu eta tresna berriak behar direla nabarmendu dute Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoen lehen egunean parte hartu duten bi hizlariek: Malagako Unibertsitateko Angel Perez Gomez katedradunak eta Ikastolen Elkarteko curriculum arduradun Mikele Aldasorok.

“Ikaskuntzak aro digitalean dituen ezaugarri nagusiak — norberaren zuzendaritza, ekimena, sormena, pentsamendu kritikoa, arazoak ebaztea eta auto-ebaluazioa — nekez ebalua daitezke «papera eta arkatza» baliatzen dituzten tresna merke eta masiboen bidez; esate baterako, test estandarizatuen edo kanpo-errebaliden bitartez. Aitzitik, tresna eta prozesu konplexuagoak, pluralagoak eta malguagoak behar dituzte; esate baterako, irakasle-taldeen etengabeko behaketa, ikastunen jardun, prozesu eta produktuez ohartzeko”. Planteamendu horretatik abiatuta, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak irakasleen praktikak irauli behar dituela aldarrikatu du Angel Perez Gomezek.

Konpetentzien deskribapena ere egin du: “pentsatzen, komunikatzen eta egiten jakitea eta motibazioa garatzea, oinarrizko behar izanak asetzeko eta bizi proiektua asetzeko”. Hori oinarri hartuta, “irakaslearen egitekoa ikasleei laguntzea izango da bakoitzaren bizi proiektua eraikitzeko orduan”.

Ondorioz, ebaluatzeko orduan “ebaluazio gehiago eta kalifikazio gutxiago” premisari heldu behar zaiola iritzi dio Perez Gomezek. Ebaluatzeko, ezagutzak, gaitasun edo trebetasunak, baloreak eta iaiotasunak hartu behar dira aintzat, eta hori egiteko gelan dagoen ikaslea baino pertsona egokiagorik ez dago. “Ezein kanpo ebaluaziok ezin du ordezkatu irakaslearen papera, are gutxiago «papera eta arkatza» baliatzen dituzten tresna merke eta masiboen bidez; esate baterako, test estandarizatuen edo kanpo-errebaliden bitartez”.

Aitzitik, Perez Gomezek konpetentzietan oinarritutako hezkuntza urteetan sakondu duten herrialdeei begiratzeko eskatu du, alegia, Singapur, Kanada edo Finlandiari begiratzeko, eta haien sistemen ezaugarrietan oinarritzeko: irakasleen prestakuntza eta hautaketa sendotzea, irakasleekiko konfiantza sustatzea, haien autonomia-aukerak handitzea, irakasle/ikasle ratioa zorrozki murriztea, irakaskuntza pertsonalizatua bultzatzea, aukeratzeko tarte handiak emanez, eta ikastun bakoitzaren berariazko premietatik gertu dagoen tutore-arreta bultzatzea, ikasleek pentsatzeko, sentitzeko, ikertzeko, aplikatzeko, balioesteko, diseinatzeko eta sortzeko gaitasuna gara dezaten.

Kanpo ebaluazioaren balio bakarra gizarteak bere herriko hezkuntza maila nolakoa den jakiteko dela esan du, eta inolaz ere ez errebalida moduan. Gainera, ikasleriaren lagin bati, ongi aukeratutako bati, egin behar zaiola eta ez ikasle guztiei, azken batean, horrelako ebaluazio orokor bat egiteko papera eta arkatza baliatzen dituzten proba objektibo horiek behe-mailako pentsamendu-prozesuak, datu eta informazioen erreprodukzioa eta formulen aplikazioa neurtu ohi dituztelako; aitzitik, goi-mailako adimen-prozesuak (ulermen konplexua, ikerketa, balioespena, sormena eta berrikuntza) alde batera uzten dituzte, edo ez dituzte aintzat hartzen.

IRAKASLEAREN PROFILA EGUNERATU BEHAR DA

Konpetentzien baitako hezkuntza-eredu pedagogikoa inplementatzen ari den testuinguruaren ezaugarriak direnak direlarik ere, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren kalitatearen hobekuntzan eragiten duten elementu esanguratsuenak zein diren, eta elementu horiek ikasleen errendimenduaren hobekuntzan nola elkar eragiten duten azaldu du Mikele Aldasorok jardunaldiotan.

Bere hitzaldian zehar hizpide izan ditu, besteak beste, ikaskuntzan arrakasta izateko irakaslearen jardunaren kalitateak duen garrantzia, ebaluazio hezigarria -ikasle eta irakasleen arteko komunikazioaren gako eta ikasteko bitarteko nagusi gisa- eta prestakuntza, hobekuntza helburu duen curriculum-aldaketaren eskakizunei erantzuteko giltzarria.

Ildo horretan, irakaslearen profila eguneratu egin behar dela aldarrikatu du Ikastolen Elkarteko curriculum arduradunak. Konpetentzietan oinarritutako curriculumean irakasleak berak ere konpetentzia nagusi batzuk eduki behar ditu:

-Bitarteko didaktikoak ikasleen premietara egokitzeko konpetentzia

-Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak erregulatzeko konpetentzia

-Konpetentzia digitala

-Ikasleak beraien ikaskuntza eta lanetan inplikatzeko konpetentzia

-Beste irakasleekin elkarlanean aritzeko konpetentzia.

Noski, irakasleen prestakuntza gakoa izango da haien profilaren eguneraketan. Horri dagokionez, Aldasorok azpimarratu du prestakuntza saioak foro eraikitzaileak bihurtu direla, eta haietan irakasleek dituzten zailtasunak bezala lorpenak ere partekatu dituztela. “Irakasleen arteko kooperazio kultura berreskuratzeko balio izan du”, nabarmendu du.

Hezkuntza praktikak hobetzeko oinarriak ere azaldu ditu EHIko curriculum arduradunak: “Motibazioa, konpromisoa, esfortzua eta denbora”. Errotutako pentsatzeko eta egiteko ohiturak aldatzea bide neketsua dela onartu du Aldasorok, eta aldatzeko zailena den ohitura ebaluazioarena dela. Ikastolen Elkarteko curriculum arduradunak ebaluazioaren benetako balioa zein izan behar duen ere adierazi du: “ikaskuntza indartzen eta haren kalitatea hobetzen duen jarduera izan behar du ebaluazioak. Ebaluazioaren funtzio hezigarria indartu behar da”.

Ikasleei egiten eta ekiten ikasteko bidea ireki behar dio irakasleak; bide horretan, ikasteko gaitasuna erlazionatuta dago auto-erregulatzeko gaitasunarekin. Beraz, irakasleak bidea ireki behar die ikasleei auto-erregulaziorako: ikasi behar duena azalduz, ikastekoa baliatuz egiten jakin behar duena adieraziz, ebaluazio irizpide eta lorpen adierazpenak erakutsiz.

Era berean, ikasleen motibazioa ere landu behar du irakasleak. “Bere buruarengan eta gaitasunetan konfiantza izaten, auto-estimua edukitzen eta ikasteko motibazioa pizten lagundu behar du”

Eta nola lortzen da hori?

-Ikasleari eskakizun maila lorgarria jartzen dioten ebaluazio irizpideak eta lorpen adierazleak ezarriz.

-Askotariko erregulazio tresnak proposatuz: kontrol zerrendak, orientazio oinarriak…

-Zailtasunak antzematen eta haiei berehala aurre egiteko jarrera erakutsiz.

-Ikaskideen arteko laguntzak, laguntza kooperatiboak, antolatuz.

 

Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak
Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak