Curriculum Dekretuen gaineko iritzia

 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Hezkuntzako eragileak deitu gaitu, gaur, curriculum dekretuak aurkezteko bilerara. Bilera egin ondotik, Ikastolen Elkarteak hauxe adierazi nahi du:

Hezkuntza Sailak aurkeztu dizkigun Curriculum Dekretuek aldaketa esanguratsuak dakartzate aurretik aurkeztu zizkiguten zirriborroekin alderatuz, eta guk Hezkuntza Sailak egindako ahalegina baloratzen dugu, bai hezkuntza eragileek egin ditugun ekarpenak kontutan hartu dituelako eta baita LOMCEk ezartzen dituen parametroetatik urruntzen ahalegindu delako ere. Hala ere, esan behar dugu urruntze hau zenbait arlotan, hein handi batean LOMCEren lege organiko izaerak baldintzatuta dagoela, eta, ondorioz, ez duela eremu guztietan bere aplikazioa geldiarazteko adinako indarrik.

Departamenduaren ahalegina baloratzen dugun  arren, argi utzi nahi dugu ere dekretu hauek ez direla ikastolok diseinatuko genituzkeenak, gure hezkuntza ereduak bere oinarria eta ardatza euskal curriculumean dituelako.

Dagoeneko HEZIBERRIren bigarren fasea bukatuta dago, eta gure herriarentzako hezkuntza sistema propio baterako bidea egiteko tresna izango den hezkuntza legearen inguruko eztabaida hasteko garaia da. Guk behin eta berriz azpimarratu izan dugu HEZIBERRIk bere osotasunean duela balioa eta beronen faserik garrantzitsuena hirugarrena dela, Legeari dagokiona. Beraz, iritsi da garaia guztion artean Euskal Hezkuntza Sistema erregulatuko duen legea lantzen hasteko.

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria