Jaurlaritzaren bilera Hezkuntza Eragileekin
Gaur goizean Hezkuntza Eragileak bildu ditu Eusko Jaurlaritzak Lakuan, Heziberri 2020 plangintzaren barruan aurreikusitako curriculum dekretuen zirriborroak aztertzeko. Bi ordu eta erdiko bilera izan da, eta hura amaitu ondoren, prentsa ohar hau igorri die Ikastolen Elkarteak hedabideei:
Gasteizen, 2014ko urriaren 27an
PRENTSA OHARRA
Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Eragileen bilera
Hezkuntza Eragileok bilera izan dugu gaur Eusko Jaurlaritzarekin, Lakuan. Bertan curriculum dekretuen zirriborroak aurkeztu dizkigute, gure balorazioak egin eta haiei ekarpenak egin diezazkiegun.
Ikastolen Elkartean hurrengo egunetan sakon aztertuko ditugu gaur aurkeztu dizkiguten zirriborroak; alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Eragileei eskatu dizkigun ekarpenak egiteko, eta, bestetik, baloratzeko zirriborroek Marko Pedagogikoaren ildo nagusiak, hots, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma sustatu eta garatzen ote duten eta euskaraz ardaztutako eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ote duten, edo LOMCEren baitan onartutako curriculum dekretuei jarraipena egiten dieten ala ez.
Espero dugu Hezkuntza komunitateak eta, oro har, euskal gizarteak ulertzea gaur aurkeztu diren dekretu zirriborroek Euskal Hezkuntza Sisteman izango duten garrantzia, eta guk egingo dugun moduan, zirriborroen azterketa zehatza egitea, gaur ireki den prozesuaren baitan beharrezko ekarpenak egite aldera, arinkeriak edo azaleko balorazio eta kalifikazioak alde batera utzita.
Eusko Jaurlaritzari, berriz, eskatzen diogu Hezkuntza Komunitateak egingo dituen ekarpenak jarrera ireki eta eraikitzailean hartzeko, guztion artean Hezkuntza Sistema propioa eraiki dezagun. Era berean, Euskal Hezkuntza Sistema osoa erregulatuko duen Legea lantzen hasteko pausoak ematen hasteko ere eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
Bukatzeko, Jaurlaritzari eskertzen diogu bere garaian aurkeztutako egutegia bete eta curriculum dekretuen zirriborroak iragarritako epeen barruan aurkeztu izana.
Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Imanol Igeregi
Ikastolen Elkarteko zuzendaria