Ongi etorri Euskaltzaindia

Zangozako herrira eta ikastolara!

Urteak dira Euskaltzaindiak bere babesa eskaintzen diela Nafarroako ikastolei, Nafarroa Oinez-ari hain zuzen ere, modu berezian: jaia antolatzen den herrian bere hilabeteko Osoko bilkura egiten baitu, iraileko azken astean izaten da, eta egun handi bihurtzen da ikastolarentzat.

Horrela izan da aurten ere, aurtengoa Zangozan. Goizeko 10:00etan udaletxean, Angel Navallas Zangozako alkateak ongi etorria eman die euskaltzainei, txistulariek alkate soinua jotzen zuten bitartean. “Laurogeita hamasei urte behar izan ditugu Euskaltzaindiari ateak zabaltzeko gure herrian, izan zaitezte ongietorriak gure etxera, gure udalera, ohorea da guretzat zuek hemen izatea, zuen Osoko bilera udal honetako Areto Nagusian egitea. Eskerrik asko etorri izanagatik”. Udalaren izenean, alkateak "Zangozako Udalak Euskaltzaindiari, Zangozako Udaletxean ospatutako bileraren oroimenez. 2014/9/26" dioen oroigarria eskaini dio Andres Urrutia euskaltzainburuari, eta trukean euskal liburuak jaso ditu.

Euskaltzaindia Zangozako ikastolara abiatu da bere Osoko bilkura amaitutakoan. Ikasleek sorpresaz bete dituzte euskaltzainak: txikienak kantatuz; helduagoak bertsoak eginez; DBHkoek euskararen inguruko antzerkia antzeztuz. Marrazkiak, liburuak eta beste elkar trukatu dituzte, baina gauzarik interesgarriena izan da aurreikusi gabeko solasaldiak: ikasleek euskaltzainak “harrapatu” dituztenean eta hamaika galdera egin dietenean “Zer da Euskaltzaindia; zertan lagundu ahal diguzue hemen Zangozan euskara gehiago egiten; zer da EGA; zertarako balio du; zergatik da hain zaila; uste duzue hemen egiten ari garena garrantzitsua dela?; zein maila beharko genuke gure buruaz konfiantza handiagoa sentitzeko …” Ikasleek ez dute ez ahaztekoa une magiko hori, euren zalantzak eta kezkak Euskaltzaindiari transmititu dietenekoa!

Ikastolako guraso ohiek prestatutako potxa goxoak jan ondoren, arratsaldean, Zangoza herria  bisitatu dute Juan Cruz Labeaga historialariaren gidaritzapean, tartetxo bat hartuz Nicolas Navallas eskulanetan iaioa den Zangozako enbaxadoaren tailerra bisitatzeko. Zangoza eta Euskaltzaindiaren arteko lotura egina dago, eta oroimena bizirik.