Dena prest KMK 14rako!

Gaur goizean aurkeztu da 2014ko Kilometroak Jaia-ERRIA TXIKOTA! eguna Ikastolen Etxean. Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari  Arantza Manterolak, Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariak, Gemma  Etxabe Orioko Herri Ikastolako lehendakariak; eta Eñaut Telleria eta Joseba  Orella Kilometroak Jaiaren koordinatzaileek azaldu dituzte egunaren nondik  norakoak prentsa agerraldian. Egun handia iristear, “dena prest, gogotsu eta  irrikatan” daudela nabarmendu dute.

Beste behin ere Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaiaren edizio berri  baten bezperetan, Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko  Lehendakariak, pozez, “hezkuntza komunitate sendo batek, elkarlanean eta  auzolanean Ikastolen proiektuari bultzada bat ematen jarraitzea” goraipatu nahi  izan du. Urte osoan zehar egindako lanaren ondoren, “oriotarrei fruituak  jasotzeko unea” iritsi zaiela adierazi du eta “etorkizuneko erronkak betetzeko hazi  berria” ere badela urriaren 5eko egun handia.

Oriotik, jai jasangarri bat eraikiz  

Aurtengo ibilbideak 5.632 metro ditu orotara. Ibilbidean zehar 5 gune nagusi  izango dira, formatu txikiko eskaintza kultural ederra izango den Abaromendi  guneaz gain.

“Jaia Oriora ekartzeaz haratago, Oriotik eraikitzearen ideia” azpimarratu nahi  izan du Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek. “Bertako eta inguruko  taldeei eman nahi izan diegu lehentasuna; nabarmena da egitarauari erreparatuz  gero”, azaldu du Saizarrek. Izan ere, lehen guneko (IKASTOLA GUNEA)  eskaintza kultural guztia herritik eraiki da eta gainontzeko guneetan ere  gutxienez emanaldiren bat bertakoa izango da. Hala, egitarauaren 2/3  eskualdekoa, “auzotik sortua” izan da. Oholtza gainekoaz gain, ibilbidean zehar  eskaintza ibiltaria ere bereziki indartu da: “guneetara mugatu gabe, herri guztira  zabaldu nahi baita festa” adierazi du Saizarrek.

Egitarauaz haratago, Orioko Herri Ikastolako zuzendariak “jaia ahalik eta modurik jasangarrienean garatzeko ahalegina” goraipatu du. Urteak badira ere Kilometrotan edalontzi berrerabilgarrien aldeko apustua egin zela, aurten beste urrats bat aurrera egin nahi izan dela azaldu du Saizarrek. Urtero galtzen diren basoen galera ekiditeko, edalontziak etxetik ekartzeko deia egin nahi izan du.

Azaldu du, batetik, AUKERAN GARBIAN EDAN aldarri hartuta, diru-truke postu guztietan eta irteerakoan, 1€ edo aipatu aldarria daraman txapa baten truke edalontziak itzultzeko aukera emango dela; eta bestetik, herriko tabernari “gehienek” edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko proposamenarekin bat egin dutela. Edalontziez gain, egunean banatuko den jaki oro ontzi konpostagarrietan emango da, mahai tresneria barne.

Hastapenei keinu eginez

Irekiera ekitaldiaren eta omenaldiaren inguruko xehetasunak Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako Lehendakariak eskaini ditu. Hastapenei keinu egin nahi  izan zaio, Etxabek argi eta garbi azaldu duen bezalaxe: “Ikastolen sorreran gure  aurreko belaunaldiek erakutsi zuten ausardiari keinu egin nahi izan diegu mimo bereziz”.

Irekiera ekitaldian Kilometroak jaiaren sortzaile Josu Erguin eta Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehendabiziko Lehendakariak hartuko dute parte. Eguerdi partean, berriz, Ikastolako lehen belaunaldiko ikasleen gurasoei eta AnjelLertxundiri egingo zaie omenaldia.

Aurrera egiteko atzera-begirakoarekin jarraituz, herriko adinekoen eskutik ibilbideari begirada bat eskaintzen dion Kilometroak lagunkoia proiektua ere azaldu du Gemma Etxabek: “Ibilbidea indartuz, ahalik eta bisitari gehienek zirkuitua egin dezaten lortze bidean, herriko adinekoen eskutik ibilbideari begirada bat eskaini nahi izan diogu proiektu honekin.”

Orioko adineko pertsonen eskutik herriko istorio, esamolde eta anekdotak jaso eta bildutako bizipenekin ibilbidean zehar ikusgai izango diren bederatzi informazio panel osatu dira. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak sustatzen duen EUSKADI LAGUNKOIA SUTRAIETATIK ekimenarekin bat egin, eta Matia Institutuarekin elkarlanean garatutako proiektua da.

Jarraibideak

Eñaut Telleria eta Joseba Orella koordinatzaileek hainbat jarraibide, ohar eta informazio praktiko eskaini dute agerraldian. Oriora iristeko garraio publikoa erabiltzeko eskaera luzatu du Telleriak eta autobus eta tren zerbitzuak maiztasun handiagoarekin ibiliko direla azaldu ostean, Oriora etortzeko ahal dela kotxerik ez hartzeko gomendioa egin du.

Oriora kotxez sartzerik ez da izango: Usurbildik Zarautza bitartean N-634 errepidea itxita egongo da, eta herrira sartzeko, baita autopistako irteera ere (08:30-20:30). Hala ere, beste aukerarik ezean eta kotxez gerturatu nahi dutenentzat URBIL, BELARTZA eta ZARAUZKO aparkalekuak prest daudela azaldu da. Aparkaleku hauetatik, etengabeko autobus zerbitzua izango da egun osoan zehar Oriora iristeko.

Jarraian, jan-edan-zerbitzuen inguruko hainbat informazio eskaini da eta ERRONKA ekimenaren bigarren edizioan Gipuzkoako 20 Ikastolek hartuko dutela parte aurreratu da.

Orioko herriak urte osoan egindako herri-lana txalotuz, eta euskaltzale eta Ikastolazale guztiei urriaren 5ean Oriora joateko gonbita eginez amaitu da agerraldia.

Informazio guztia Kilometroen webgunean da eskuragarri.

KMK 14ren aurkezpena