2014-15 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia
Larunbat honetan, irailaren 27an, eta goizeko 11:00etan izango da Ikastolen 2014-15 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kultur Gunean egingo dugu ekitaldia. Aurten, ehun urte bete dira lehenbiziko ikastola sortu zela, Miguel Muñoak Donostian 1914an irekitako Euskal Ikastetxea izan baitzen, gaur egun ikastolatzat har genezakeen aurrenekoa. Mendeurrenaren ospakizuna izango da, beraz, aurtengo Ikasturte Hasierako Ekitaldia.
Miguel Muñoa eta Euskal Ikastetxea
Ehun urte bete dira aurten Euskal Herriko lehenbiziko ikastola sortu zela. Miguel Muñoak (Donostia, 1868 – Donibane Lohizune, 1953) ireki zuen, Donostian, 1914. Urtean. Aitzindari izateaz gainera, Euskal Ikastetxea mugarri izan zen euskarazko irakaskuntzan.
Muñoa ez zegoen zuzenean lotuta hezkuntza munduarekin. Ameriketan aberastutako Bidaniako (Gipuzkoa) familia batekoa zen. Enpresa eta negozio gaiez arduratzen ziren neba-arrebak. Baina abertzale eta euskaltzale ere bazen Muñoa. Garai hartan abertzale eta euskaltzaleen kezkarik nagusiena zen euskararen galera eta eskolak galera horretan jokatzen zuen paper nagusia. Hori dela-eta, eta Azkuek eta beste zenbaitek Bilbon egindako saioek porrot egin bazuten ere, euskaraz irakatsiko zuen eskola bat irekitzea erabaki zuen. 1914. urtean Juan de Bilbao edo Ikatz kale deritzonean ireki zuen Euskal Ikastetxea, gerora Koruko Andra Mari ikastetxea izan zena.
Garai hartarako ezaugarri bereziak zituen: Donostiako familia xehetako haur euskaldunentzako zen. Doakoa zen, Muñoak bere patrikatik ordaintzen zituen gastu guztiak.. Euskara hutsez ematen ziren eskolak. Euskarazko testu-liburuak ekoitzi zituen. Aisialdiari ere garrantzia ematen zion, eta horretarako azpiegiturak ere egin zituen. Gau eskolak ere eman zituen, lanean zihardutenentzat. Euskaltzaleen elkarteentzat irekiak izan zituen ateak bilerak egin zitzaten…
Muñoaren eskolak harrera oso ona eduki zuen hasieratik. Txiki geratu zen berehala, eta 1916an Kanpandegi kaleko eraikin oso bat erosi zuen, eta Ikatz kalekoari eutsi zion haur hezkuntzarako. Kanpandegikoa lehen hezkuntza osoko ikastetxea zen, baina mutilentzat bakarrik. Neskentzat, berriz, Konstituzio plazan erositako bi etxetan ireki zuen ikastola.
Garai hartan nahikoa irakasle euskaldun ez zegoenez, Muñoak karmeldarren gidaritzapean utzi zuen ikastola 1916an. 1920an, berriz, klaretarren gidaritzapean. Baina 1924tik aurrera, Muñoak berak zuzendu zuen ikastola.
Testu-liburugintzan ere aitzindari izan zen Euskal Ikastetxea. Bertako irakasle zen Joseba Zabala-Arana klaretar idazleak hartu zuen eginkizun hori bere gain, eta lan horren emaitza izan zen ikasleentzako prestatutako euskarazko lehen liburuak: Edesti Deuna, Euzko lutelesti txikia, Daneurtiztia, Zenbakiztia, Aste Gurena …
Ikasturte bakarrean berrehundik gora ikasle izatera ere iritsi zen; batzuek 300 ere izan zirela diote. Hasieran, Donostiako haur euskaldunentzat sortua izan bazen ere, gerora, Donostiara barazkiak saltzera joaten ziren baserritarren haurrak ere hartu zituen.
Frankismo garaian ikastolak berpizteko pertsona klabea izan zen Elbira Zipitriak ere Euskal Ikastetxean hasi zituen andereño lanak. 1926an hasi zen, eta 1936ko gerra bitartean jardun zuen bertan.
Euskal Ikastetxeak oihartzun handia izan zuen euskaltzaleen artean. Eusko Ikaskuntzaren lehen eta bigarren kongresuetan (1918an eta 1920an) goraipatu egin zuten egitasmoa. Horren harira, eredua hedatzen hasi zen. 1922an Tolosan, Muñoaren pareko ikastola sortu zen. Hamarraldi horretan eta II. Errepublika garaian ikastola ugari ireki ziren: Errenterian, Soraluzen, Bergaran, Iruñean, Lizarran, Gasteizen, Oñatin, Seguran, Iruran, Andoainen…
Bizkaian beste modu batera ireki zitzaizkion eskoletako ateak euskarari. Foru Aldundiak auzo-eskolak sortu zituen. Baina hasierako egitasmoak berehala zapuztu ziren, eta Eusko Ikaskuntzak berak salatu zuen euskararen behin betiko suntsiketaren bitarteko eraginkorrenak bihurtu zirela auzo-eskolak. Horren harira, eta II. Errepublikak eskoletan laizismoa bultzatu zuelako, Eusko Ikastola Batza sortu zen Bizkaian, "Euskal Eskolaren egintza“ burutzeko helburua zuen federazioa.
Eskola bakoitzak bere berezitasun eta xehetasunak zituen, baina esan liteke 1936rako euskarazko irakaskuntza eta ikastolak definituta eta sendotuta zirela. Urte horretan Espainian piztu zen gerrak, ordea, ikastolak desagerrarazi zituen.
Donostian erreketeak sartu zirenean, Muñoaren Euskal Ikastetxea itxiarazi zuten, eta Kanpandegi kaleko eraikina Frente de Juventudes frankistaren egoitza bilakatu zuten. Muñoak ihes egin beharra izan zuen, baita Elbira Zipitriak ere. Donibane Lohizunen hartu zuten babes, eta gerora “Frantzia liberatuan”.
Muñoa itzuli zen Euskal Herrira, baina ezin izan zuen Donostiara itzuli. Donibane Lohizunen hil zen 1953. urtean. Zipitria, aldiz, itzuli zen Donostiara, eta han hasi zituen gerora ikastola bilakatuko ziren ikastola klandestinoak.
1950eko hamarraldi amaieran eta 1960ko hamarraldian loratu ziren berriro ikastolak; gaur egun ezagutzen ditugun lehenbizikoak orduan sortu ziren. Geroztik haziz joan da mugimendua, eta elkarren arteko erakundetzea ere. Euskal Herri osoan herritik eta herriarentzat sortutako 105 ikastola daude gaur egun, 52.000 ikasletik gora, eta 4.500 irakasle inguru. Egun Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban batzen dira ikastolak.