Eman egun bateko bizitza Ziburuko ikastolari
Ziburuko ikastolari egungo eraikina uzteko epaileek ezarri epea agortuta, bertan geratzen den egun bakoitzeko ehun euroko isuna ordaindu beharko duela jakinik, EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ‘Eman egun bateko bizitza Ziburuko ikastolari’ kanpaina abiarazi du gaur.
Kaskarotenea ikastolan izan dira gaur EHIko lehendakari Koldo Tellitu eta zuzendari nagusi Imanol Igeregi, eta Kaskaroteneko lehendakari Laida Mujikarekin eta Seaskako lehendakari Paxkal Indo eta zuzendari Hur Gorostiagarekin bildu dira, ikastolaren egun hauetako jarduna bertatik bertara ezagutzeko eta Euskal Herriko ikastola guztien babesa eta elkartasuna adierazteko.
Bileraren ostean eman du ekimenaren berri EHIko lehendakariak. ‘Eman egun bateko bizitza Ziburuko ikastolari’ kanpainan Euskal Herriko ikastola guztiek parte hartuko dutela aurreratu du Tellituk, eta, era berean, elkarte, erakunde eta herritar orori dei egin die beraiek ere parte har dezaten ekimenean, egun bakoitzeko isunak ordaindu ahal izateko.
Hauxe da ireki den kontu korronte zenbakia
Euskadiko Kutxa ES37 3035 0059 88 0590731027
Paxkal Indok eta Laida Mujikak biziki eskertu dute ekimena abian jarri izana, eta, era berean, eskerrak eman dizkie dagoeneko dirua jarri dutenei eta baita elkartasun mezu, argazki eta marrazkiak bidali dizkieten guztiei ere. Herritar guztien babesa sentitzen ari direla esan dute, eta indarra ematen diela horrek aurrera egiteko, Ziburun ikasatolak jarrai dezan lanean jarraitzeko.
Indok eta Mujikak adierazi dute Ziburuko alkate Guy Poulouk, oraingoz, ez duela iragan asteko mehatxua bete, eta, beraz, ur eta argindar hornidura ez dietela eten, ezta babes hesiak kendu ere. Era berean, gaineratu dute oraindik epaileak ez duela inor igorri ikastolara isunen ezartzera, hori edozein unetan gerta daitekeela jakin badakiten arren , baina hori ere auzapezaren esku dagoela gogorarazi dute.
Egunotan behin eta berriz auzapezari elkarrizketara deitu ostean, Poulourekin ostiral honetan, 14:30ean, batzartuko direla ere adierazi dute Indok eta Mujikak. Bileran, Kaskarotenea lekuz aldatzeko eta behin-behinean beste lekuren batean kokatzeko aukerak mahai gainean jarriko dizkie ikastolaren ordezkariek auzazpezari.