Ziburuko ikastolari laguntzeko deia

Dakizuen bezala, bihar, irailaren 9a, amaituko da auzitegiak Ziburuko ikastolari egungo egoitzatik irteteko ezarritako epea. Ikastolako gurasoek argi daukate, ezarri dieten epean ezinezkoa dutela beste egoitza bat aurkitu eta prestatzea, eta, beraz, bertan jarraituko dutela, egunero ehun euroko isuna ordaindu beharko badute ere.

Hori gutxi balitz bezala, Ziburuko alkate Guy Poulou jaunak gurasoei ohartarazi die bihartik aurrera argindar eta ur hornidura moztuko diola ikastolari, bai eta eraikina inguratzen duen segurtasun hesia kendu ere.

Argi dago Ziburuko auzapeza urrunegi joan dela, epailea baino askoz urrunago, eta prest dela ikastolako haurrak arriskuan jartzeko ere, ikastola eraikin hartatik botatzeko. Ikastolako gurasoek elkarrizketara deitu dute alkatea, bai eta egindako mehatxua bertan behera uztera. Auzapezak, aldiz, ez du auzia konpontzeko inolako mugimendurik egin.

Ondorioz, epaiak ezarritako isuna ordaindu ahal izateko eta, auzapezak hornidura eteten badu, ikastolak argindarra eta ura edukitzeko egin beharreko moldaketak egiteko, eguneko berrehun eurotik gora beharko du Ziburuko ikastolak.

Gastu horiei aurre egin ahal izateko dirua behar dute gurasoek. Horregatik, ikastolaren alde izenpetu duten milaka herritarrei eta euskal gizarteari dei egin die euren ahalmenaren araberako diru laguntza eman dezaten, horretarako ireki duten kontuan dirua sartuz. Hauxe duzue zuen laguntza emateko ireki den bidea:

http://seaska.eus/eu/node/114