Ziburuko ikastola kinka larrian
Ziburuko Kaskarotenia Ikastola kinka larrian da, bai, Paueko Administrazio Auzitegiak ikastolaren eta Ziburuko Herriko Etxearen arteko auzian ikastolaren aurkako epaia eman baitu. Zazpi eguneko epea ezarri dio ikastolari, Marinela auzoko eremua uzteko. Ostiralean egin zen epaiketa. Ziburuko Herriko Etxeak Kaskarotenia Ikastolak Marinela auzoko eskola publikoaren eremua uzteko exijitu zuen epaiketan, eskola publikoan egin beharreko lanak bukatu ahal izateko aitzakiapean. Epaileak ontzat hartu du Ziburuko Herriko Etxearen argudioa eta Ikastolak zazpi egun ditu gunea uzteko. Atzeratzen den egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko duela ohartarazi dio, gainera. Ikasturte hasiera bihar Kaskarotenia Ikastolarentzat kolpe gogorra da epaia. Kontrako epaia izateaz gainera, eremua uzteko jarritako epea bera ere zorrotzegia da. Izan ere, bihar hasiko da ikasturte berria, eta leku berri baten bila hasteko ere denborarik gabe utzi ditu epaiak. Ikastolak, dena den, ateak irekiko ditu bihar, ikasle, guraso eta irakasleek sartze eguna normaltasun osoz egin ahal izateko. Dena den, epaiak ezarritako kinka larritik irteteko aukerak aztertzen ari dira, eta argi dute, alternatiba Ziburuko udalarekin elkarlanean aurkitu beharra daukatela. Hori dela-eta, bilera eskatu dute Herriko Etxearekin. Umeak Donibane edo Urruñako ikastolara joan daitezkeela dio epaileak, edota Ziburuko eskola publikoan ere ikasten has daitezkeela. Ikastolatik erantzun dute “lasai egoteko”, ikastolak Ziburun jarraituko baitu. Larunbateko Berria-k erreportaje zabal eskaini zion afera honi http://paperekoa.berria.eus/harian/2014-08-30/002/001/hitzarmena_balioga... http://paperekoa.berria.eus/harian/2014-08-30/003/001/asteartean_haurrek...