Araba Euskaraz; etenik gabeko jaia

Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado parkea Araba Euskaraz jaia ospatzera etorritako ikastolazalez eta euskaltzalez bete dira, eta egun  biribila ari dira pasatzen Gasteizko inguruotan. Egitarauan aurreikusitako guztia ari dira betetzen, Arabako zortzi ikastolen eta ehunka boluntarioren auzolanari eta elkarlanari esker.

Azken orduan Olarizutik hirigunera eraman behar izan badute ere, dena aurrera doa, eragozpenik gabe, eta Gasteizera etorri diren ikastolazale eta euskaltzaleak gozatzen ari dira. Familia giroko jaia da Araba Euskaraz, eta horixe da aurtengo ezaugarria ere, izan ere familian etorri dira Gasteizera, lagun talde eta kuadrillak ere  falta ez diren arren; ikastoletako taldeak eta bestelakoak ere hemen dira. Gaurko jaian bildutako dira Arabar Errioxako Bastida ikastola laguntzeko izango da.

Egun lanpetuak izan dira azkenak Araba Euskaraz jaia prestatzeko. Eta lortu da elkarlanari eta auzolanari esker. Lan hori guztia eskertu du Arabako ikastolen izenean, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek, hasiera ekitaldian. “Aitortu nahi dizuet, jaia hirira ekarri eta bere osotasunean aurrera ateratzen laguntzeko norbanako, eragile zein erakundeen prestutasunak eta erantzun azkarrak hunkitu egin gaituela Arabako zortzi ikastolok”, esan du.

Bastida ikastola eta Arabar Errioxako beste bi ikastolak euskarazko hezkuntza integraziorako are tresna eraginkorragoa izateko egiten ari diren lana goraipatu du Mendizabalek. “Duela 45 urte ateak ireki zituenetik Bastida ikastola etengabe jardun izan da eskualdeko haurrengan hizkuntza eta lurraldearekiko lotura estutzen eta mundua ikusteko betaurreko propioak eskaintzen”, azpimarratu du Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak.

Euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean elkarlanaren alde mintzatu da: “Bide hau berresten dugu Arabako zortzi ikastolok, ezeren monopolioa aldarrikatzetik urrun, erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta jarrai dezagun bidea egiten, guztion inplikazio eta eskuzabaltasunarekin, bakarrik ezin delako eta urrun goazelako, eskuz-esku”

Omenaldia Karmele Jaiori

Araba Euskarazek Karmele Jaio Eiguren idazle gasteiztarra omendu nahi izan du gaurko ekitaldian. Euskarari eta euskal kulturari, euskal letrei, egin dizkien ekarpenak aitortu nahi izan diote Jaiori, “euskararen eta euskal kulturaren alde erakutsitako militantzia hori. Euskararen su-txikiari eusten dion eta zaintzen duenetariko bat da bera”.

Jaiok hitza hartu du, eta egin dioten aitortza Araban euskararen alde egunero diharduten guztiekin partekatu nahi izan du. Era berean, espazioak eskatu ditu euskararentzako, espazio fisikoak, espazio sinbolikoak, zibikoak eta kultur espazioak, euskaraz bizi ahal izateko. Era berean euskararen transmisioa azpimarratu du, baina ez soilik euskara irakastea, harago joan da: euskaren historia, euskararen testuingurua, gorabeherak ere transmititzearen alde mintzatu da, “euskara dugun zerbait baino, garen zerbait baita”

2026koa Aresketa ikastolaren alde

Araba Euskarazen lekukoaren aldaketa ere egin dute goizeko saioan. Amurriko Aresketa ikastolaren aldeko Araba Euskaraz izango da datorren urtekoa. Ikastolako ordezkariek azpimarratu dute, dena den, azkeneko lau ekitaldiak bezala, 2026koa ere Arabako zortzi ikastolen artean antolatuko dutela.