Ikastolen Elkarteak azken hiru urteetako matrikulazio prozesuen balorazio oso kritikoa egiten du
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzeko azkeneko dekretuak, duela hiru urtekoak, ez du balio izan segregazioa bukatzeko. Aitzitik albo kalteak eragin ditu. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan eman. Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua. Ikastolei kalte egin die dekretuak, haien matrikulazio kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere. Horiek dira, laburbilduz, azken hiru urteetan egin den matrikulazioaren kudeaketaren gainean egin duten balorazioaren puntu nagusiak.
Horrekin batera, hainbat neurri proposatu dituzte:
- Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea
- Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea
- Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea
- Matrikula bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin.
- Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea.
- Familien hautuaren askatasuna errespetatzea
Proposamen hauek, hezkuntza-sistema inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin planteatu dituzte.
Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte, eta zein neurri hartuko dituzten azaldu dute:
- Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dute ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko.
- Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea proposatu dute. Egingo ez balitz, euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute ikastolek, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat.
- Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.
Ikastolek berretsi egin dute euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo eta konprometituak izateko asmoa. Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela gogorarazi dute: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak dira.
Jarraian duzue, gaurko agerraldian ikastolek egin duten adierazpena.
—-------------------------
Ikastolen mugimenduak historikoki Euskal Herriaren beharrei erantzuna eman die bere ekarpenaren bidez. Euskararen eta euskalturaren transmisioa oinarri, proiektu pedagogiko sendoa eta hezkuntza eredua ulertzeko modu desberdin bat eskaini dizkie Euskal Herrian ditugun hezkuntza sistema desberdinei.
Egun Euskal Herriak dituen erronkak ez dira nolanahikoak: euskararen eta euskal kulturaren egoerak kezkatzen gaitu, nazio ikuspegiak izan duen galerak, globalizazioaren ajeek, etorri berrien harrerak eta hauek euskal herriratzeko ditugun zailtasunek besteak beste.
Euskal Herriak dituen erronka linguistiko, identitario, sozial eta kulturalei parez pare begiratu eta gure ekarpena egiten dugu Euskal Herritik eta Euskal Herrirako. Hezkuntza lege berriaren eztabaidan egin genituen ekarpenak ildo horretan joan ziren, nahiz eta emaitza ez zenizan espero genuena.
Gaurkoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hiru urteotako matrikulazio prozesuaren balorazioa plazaratuko dugu, balorazio kritikoa. Baina ez gara mugatuko kritikara, proposamenak plazaratzea dugu helburu.
Izan ere, hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia eta ikastolen sareak ematen digun indarra eta elkartasuna baliatuko ditugu proposamen hauek garatzeko eta hezkuntza sistemari gure ekarpena egiten jarraitzeko.
Hezkuntza Sailaren Dekretu Berria:
Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzaren 30ean onartu zuen matrikulazio prozedura arautzen duen azkeneko dekretua. Dekretu horren bidez, Hezkuntza Sisteman matrikulatzeko prozedura berria ezarri zen, eta horrek hainbat aldaketa ekarri zituen ikasleen esleipenean.
Dekretuaren helburuetako bat eskolaratze inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea izan zen. Horrek esan nahi du ikasle guztiek matrikulatzeko garaian aukera berdinak izan ditzaten bermatzea.
Helburu hori Ikastolen Elkartea osatzen dugun ikastolen helburua ere bada eta lanean gogor dihardugu ikasle zaurgarriak ikastoletara ere etor daitezen.
Ikastolen Elkarteak eta berau osatzen duten ikastolek balorazio kritikoa egiten dugu bai onarpen-dekretuari, bai haren aplikazioari dagokienez.
! Aginduak eta bertan segregazioari aurre egiteko jasotzen diren neurriek, ez diote modu eraginkorrean helburu horri erantzuten eta horregatik neurri hauen balorazio sakona eta partekatua behar dela uste dugu. Lortutako emaitzak eta sortutako albo-kalteak baloratuko dituena.
! Honez gain, matrikulazio agindu berriaren ondorioz eta legez inon ez bada aipatzen ere, ikastoletan matrikulatzeko ikasle kopurua mugatu egin du Hezkuntza Sailak, geletan plaza libreak egonda ere. Urtetik urtera Hezkuntza Saila matrikulazio mugak jaisten ari da. Zenbaitetan gela kopurua ere mugatu dutela esan dezakegu, alde bakarrez hartutako erabakien bidez eta Hezkuntza Sailaren aldetik inolako argudio sendorik eman gabe. Guzti honen ondorioz Ikastolen matrikulazio gaitasuna kaltetuta atera da.
- ! Zaurgarritasun-indizeak kalkulatzeko erabiltzen ari den formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horien oinarria familiek borondatez betetzen duten galdetegia da, eta galdetegi horrek ez dizkigu datu fidagarriak ematen. Beraz, zaurgarritasun-indizea kalkulatzeko adierazle zehatzak, neurgarriak eta errealak ezarri behar dira. Hala nola, familiaren errenta, ondasunak, lanbidea ziurtatua duen edo ez…
Hortaz, neurketa sistema honek ez du bermatzen zaurgarritasunaren benetako irudikapena, eta, ondorioz, esleipen politikak ez dira zuzenak. Premiazkoa da sistema zehatzago, egiaztagarri eta bidezkoago bat garatzea.
! Zaurgarritasun-indizean oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan ematen.
Zaurgarritasun-indizean oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira, eta ematen diren mugimenduak ez dira nahikoa sareen artean oreka lortzeko. Sareen artean izandako ikasle-mugimenduen datuek erakusten dute adaketak txikiak izan direla, eta horrek eragin urria duela zaurgarritasunean oreka lortzeko.
! Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua eta kopuruz gehiago dira matrikulazio arruntean daudenak baino:
Hiru urte hauetan ikusi ahal izan dugu segregazioari aurre egiteko neurri eraginkorrena dela ikasturtean zehar matrikulatzen diren ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea.
Esan beharra daukagu eskolatze batzordeetatik bideratzen den matrikula biziaren banaketa egokiagoa egiten ari direla orain, eta nabarmen igo dela ikasturtean zehar ikastoletan matrikulatzen ari den atzerritar jatorriko nahiz zaurgarriak diren ikasleen kopurua.
Baina halere, ez da nahikoa. Matrikulazio bizian heltzen diren atzerriko jatorria duten edo zaurgarriak diren ikasleen banaketa ez da orekatua, eta, gainera hauek, kopuruz gehiago dira matrikulazio arruntean etortzen direnekin alderatuta. Prozesu arruntetik kanpo eskolatzen diren ikasleen kasuan, zaurgarritasunaren banaketa ez da sare guztietan modu orekatuan gertatzen. Eta badirudi ez dagoela ez irizpide argirik banaketa hori gidatzeko, ezta ekitatearen aldeko borondate argi eta sendorik ere. Gainera uste dugu banaketa hau modu intentzionatu batean egiten dela, eta ikastoletara ez dela bideratzen dagokigun kopurutan.
! Familien hautatzeko eskubidea urratzen da eta zonifikazioak segregazioa areagotzen du:
Familiek hezkuntza-zentroa aukeratzeko duten eskubidea ez da guztiz bermatzen gaur egungo sisteman. Matrikulazio prozesuak eta zonifikazioaren aplikazioak aukera hori mugatu egiten dute zenbait kasutan, eta horrek aukera berdintasunaren urraketa dakar.
ETA AZKENIK, mahai gainean ere jarri nahi dugu prozesu honek ez duela asetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema osatzen dugun sare desberdinetako beharrak. Izan ere, prozesuak ez ditu modu egokian kudeatzen sare bakoitzaren beharrak eta egitura, eta, ondorioz, ez ditu oreka eta justizia bermatzen hezkuntza sistemaren barruan.
Matrikulazio prozesuaren balorazio kritikoan jorratutako arazoak eta egon daitezkeen hutsuneak ikusita, Ikastolen Elkartetik hainbat proposamen aurkezten ditugu. Helburua da, batetik,euskal hezkuntza sistema inklusibo eta orekatuago bat lortzea, eta, bestetik, prozedura hobetzea. Proposamen hauek hezkuntza sistemaren hobekuntzaren eta inklusioaren aldeko apustua egiten jarraitzeko dugun konpromisoaren isla dira.
Proposamenak:
- Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea. Indize hori osatzeko, familiek borondatez emandako datuez harago joan behar da. Datu eta adierazle objektiboetan eta egiaztagarrietan oinarritutako formula bateratua behar da, zaurgarritasunaren neurketa erreal eta fidagarria bermatzeko. Horrek, esleipen prozesuak zuzenagoak izatea ahalbidetuko luke.
- Herrietako eragin-eremuen diseinua berrikustea: Eragin-eremuen definizioa ez da neutroa: hirigintzak, auzoen banaketak eta hiri-antolaketak berak ere segregazioan duten eragina ezin da gutxietsi. Eremu horien konfigurazioak, askotan, familien jatorri sozioekonomikoaren araberako banaketa indartzen du, eta, ondorioz, ikastetxe jakin batzuetan ikasle zaurgarrien pilaketa gertatzen da.
Horregatik, eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea proposatzen dugu, eskola sare desberdinetako zentroak kontuan hartuta eta familia guztiek aukera berdinak izan ditzaten euren seme-alaben hezkuntza aukeratzerakoan. Honek lagunduko luke hezkuntza-eskaintza eta esleipena hiriaren egitura sozial eta geografikoarekin koherenteago egiten.
- Udal matrikulazio bulegoak sortzea: Matrikulazio prozesuan informazioaren gardentasuna eta berdintasuna bermatzeko, udal matrikulazio-bulego neutroak sortzea proposatzen dugu. Bulego horien helburua izango litzateke familiek erabaki informatua hartzea: sare guztietako ikastetxeek eskaintzen dutenaren berri modu parekatuan, objektiboan eta eskuragarrian jasoko lukete.
Horrela, orientazio argia eta fidagarria jasoko lukete familiengandik gertuen dauden bulegoetan, eta aukera berdintasunean oinarritutako hautaketa sustatuko litzateke, sare guztien aukerak baldintza berdinetan eskainiz. Horrek matrikulazioaren inguruko informazio desoreka eta sareen arteko lehiakortasun ez-orekatuak saihestuko lituzke.
- Matrikula bizia egoki baliatzea. Hezkuntza sistemaren oreka eta justizia bermatzeko, ezinbestekoa da matrikulazio bizia modu koordinatu eta orekatuan berrantolatzea. Matrikulazio bizia ez da salbuespeneko atal bat, hezkuntza-sistemaren oreka bermatzeko tresna nagusietako bat baizik, bertan sartzen diren ikasle kopurua oso handia baita. Gure ustez premiazkoa da matrikulazio bizia modu gardenago, orekatuago eta bidezkoago batean arautzea.
- Ikastola-eredua aukera bat: Ikastola-eredua aukera bat: Ikastolak hezkuntza proiektu eta eskaintza moduan, tresna bat dira Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean. Beraz, Euskal Herriko edozein familiak izan behar du ikastoletako kide izateko aukera. Horretarako, Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea aldarrikatzen dugu, eskaintza eskabideen arabera egokituz eta kasu honetan ikastoletako matrikulazio-gaitasuna kaltetu gabe.
Proposamen hauek, hezkuntza-sistema inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin planteatzen ditugu. Guretzat funtsezkoa da denok hezkuntza sistema eraginkorrago bat lortzeko lanean aritzea.
Eta ikastolok, zer egingo dugu guk? Hezkuntza sailak neurriak hartzen dituen bitartean, ikastolok hezkuntzarekin eta herriarekin dugun konpromisoa sendotzeko lanean jarraituko dugu.
Hori egin ahal izateko hauek dira Ikastolok hartuko ditugun neurriak:
- Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dugu ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko.
Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dugu, ikasle guztiek, haien egoera sozioekonomikoa edo bestelako baldintzak edozein direla ere, gure proiektuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Sarbide unibertsala ez da printzipio teoriko bat: gure komunitatearen elkartasunaren bidez egikaritzen dugun eskubide bat da.
Gaur egun hainbat ikastolak beren beka edo kuoten malgutasun sistemak dituzte martxan, baina ez da nahikoa. Horregatik, irailetik aurrera, ikastola guztietan beka-sistema propio eta koordinatua ezarriko dugu. Horrela, inor ez da kanpoan geratuko, eta ikastolen komunitateak elkartasun mekanismo sendo baten bidez bermatuko du aukera berdintasuna.
- Euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dugu, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat. Euskara etxeko hizkuntza ez duten ikasleen euskalduntzea beti izan da gure lehentasunetako bat, eta gaur egun ere, ikastola guztiek murgiltze planak dituzte martxan. Hala ere, egoera berriek eta aniztasun handiagoak urrats bat gehiago egitea eskatzen dute.
Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea proposatzen dugu. Administrazioen inplikazioa ezinbestekoa duen proiektu hau garatuta dugu Ikastolen Elkartean. Herri mailan garatzeko baldintzak ematen ez direnean Ikastoletan abiatuko dugu murgiltze gida Etxetik euskara ez dakarten ikasleek euskara eta euskal kulturan murgiltzea du helburu egitasmo honek, ondoren ibilbide akademikoa baldintza linguistiko duinetan egin ahal izan dezaten.
- Ikastola hautatu duten familia guztiek gurean jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. Gure konpromisoa argia da eta horretarako, ikastolei laguntza eta babes osoa emango diegu behar duten guztian.
Amaitzeko, gure mezua argia da:
Etorkizunaren eraikuntza hezkuntzatik egiten da, eta ikastolak bertan gara.
Ikastolen Elkartea eta ikastolak ez gara kanpoan egon, ez eta egongo ere. Euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo eta konprometituak gara, eta hala izaten jarraituko dugu. Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa da: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak dira.
Hezkuntzatik, euskaratik eta komunitatetik, biharko Herria eraikitzen jarraituko dugu.