Euskara erdira ekarriz ari dira ospatzen Ibilaldia
Goizeko hamarretan abiatu da Ibilaldia, Galdakaon. Euskara erdira ekarriz, abiatu dute, eta halaxe ari dira ospatzen Bizkaiko ikastolen gaurko jai handia. Euskara bezala, eguzkia ere erdira ekarri du gaurko egunak, eta jendeak eta egitarauko askotariko eskaintzak sortutako giro onari batu zaio eguraldia. Milaka lagun heldu dira Galdakaora, gazte zein heldu, eta, bereziki familia gazteak. Guztiek dute zer ikusi, zer entzun eta ederki pasatzeko osagai guztiak, Ibilaldiak antolatu duen egun beteko jai egun honetan.
Pepeto gunean egin da Ibilaldiaren hasiera ekitaldia, eta bertaratutakoek gozatu ahal izan dute Eguzkibegi ikastolaren baso-eremua, Argitxo iratxoaren baimenarekin.
Argitxo izan baita hasiera ekitaldia gidatu duen pertsona. Berak aurkeztu ditu, ikastolako ikasleen laguntzarekin, oholtzara hitzaldiak egitera igo diren ikastoletako ordezkariak eta erakundeetako agintariak. Ikastolako lehendakariak eta Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakariak, Galdakaoko alkateak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak hartu dute hitza. Ikastolako haurrek aurtengo abestiarekin dantzatu dute. Eguzkibegi ikastolako iraganeko familiak, gaur egungoak eta heldu den ikasturtean komunitatean sartuko direnak ere omendu dituzte, garai bakoitzetik familia bana oholtzara igoarazita. Amaitzeko, Ibilaldiaren lekukoa ere eman diete 2026an Bizkaiko ikastolen jaia antolatuko duen ikastolako ordezkariei.
Pepeto guneko ekitaldiak markatu du Ibilaldiaren hasiera, eta ordutik milaka ikastolazale eta euskaltzale ari dira egunaz gozatzen Ibilaldiak antolatu dituen hamaika ikuskizunekin.
Ikastolen proposamena
Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko kide den Josu Telleriak hartu du hitza ikastolen izenean. “Euskal Herriak dauzkan erronka linguistiko, identitario, sozial eta kulturalei, aurrez aurre begiratu, eta geure ekarpena egiten dugu Euskal Herritik eta Euskal Herrirako”, azpimarratu du Telleriak. Eta EAEko Hezkuntza Legea eztabaidatu zenean horri begirako proposamenak egin zituztela, nahiz eta ia denak ez ziren aintzat hartu.
“Buru-gogorrak gara, ordea”, esan du, eta aurreratu du laster proposamen gehiago aurkeztuko dituztela ikastolek, ikasleen euskalduntzerako, euskal curriculuma berritu eta garatzeko, eremu pedagogikoan eta burujabetzan sakontzeko, lurraldetasuna zein aniztasuna lantzeko.
Hezkuntza proiektua garatzeko ikastolen autonomia, eta Ikastolen sareak ematen dien indarra erabiliko dute horretarako, “hezkuntza sistemari geure ekarpenak egiten jarraitzeko”.
Kezka ere bai
Ikastolak sortu zirenetik hona euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi handia eman den arren, Telleriak ohartarazi du “akats handia” egingo genukeela “geure Hizkuntza, geure Kultura eta geure Herria arriskutik kanpo daudela pentsatuko bagenu”.
“Euskara larrialdi egoeran dago”, esan du eta buelta eman eta “indarraldia” gorpuzten hasi beharra dagoela:“Euskarak eta euskal kulturak bizi duten egoerak kezkatzen gaituelako, dagokigun arduraz ibiliko gara aurrerantzean ere ikasle euskaldun eta euskarazaleak hezten. Ardura osoz, geure balioetan ardazten den hezkuntza proiektuaren barruan, ume eta gazte kritikoak hezten, hausnarketarako gaitasuna daukatenak, elkarlanean eta kooperazioan ikasten dutenak, euskaratik eta euskal herritik begiratzen diotenak munduari, aniztasunean, elkartasunean…”.
2026ko Ibilaldia, Bilbon
Kirikiño ikastolak antolatuko du datorren urteko Ibilaldia, eta gaur jaso dute lekukoa Eguzkibegiren eta Ibalaldia Kultur Elkartearen ordezkarien eskuetatik. Bilbon ospatuko da, beraz, 2026ko Ibilaldia. Kirikiño ikastolaren komunitateak ilusio handiz hartu du egiteko hori.