Oier San Jurjok hartu du Elena Zabaletaren lekukoa Nafarroako Ikastoletan

Ikastolen Komunitateak gidari berri bat du Nafarroan: Oier San Jurjo. Astelehenean bildu ziren Nafarroako ikastolak lehendakaria eta NIEko Artezkaritza Kontseilu berria izendatzeko, eta lehendakariaren hautaketarekin batera, Artezkaritza osoa ere berritu zuten. 

Sanjurjo ez da pertsona ezezaguna Nafarroan, Osasuna futbol taldeko jokalari ohia baita. Haren izendapena bizitza profesionalean eta pertsonalean balio kooperatiboei begira izan duen konpromisoarekin lotu du NIEk. Ezaguna da euskara eta euskal kulturarekin duen harreman estua.

39 urte ditu Sanjurjok, eta Lizarrako Ikastolako ikaslea izan zen. Ikasle garaian, Oierrek bertatik bertara bizi izan zituen Ikastolako hezkuntza sistemaren balioak: euskara erabiltzen eta maitatzen ikasi zuen, baita kultur aniztasuna errespetatzen eta aukera berdintasuna sustatzen ere.

Gerora irakasle ikasketak egin zituen, eta gaur egun ikastolako guraso ere bada. Iruñeko San Fermin ikastolan dabiltza haren hiru semeak. San Fermin Ikastolako kooperatibista den aldetik, parte hartze aktiboa erakutsi du ikastetxearen egunerokotasunean, eta Euskara Batzordearen aitzindarietako bat izan da. Sanjurjok eta San Fermin Ikastolako beste familia talde batek batzorde hori sortu nahi izan dute euskarak ikastolan duen presentzia eta erabilera bultzatzeko, eta hizkuntzarekiko atxikimendua sustatzeko. Hura lehendakari izendatzeak berretsi egiten du euskara babesteko eta hedatzeko ikastolen konpromiso irmoa.

Talde lanerako konpromiso sendoa du Sanjurjok, futbolari gisa ere erakutsi zuen gisan. Iraunkortasunaren, apaltasunaren eta konpromisoaren eredu dela erakutsi du. Hezkuntza eta kultura ulertzeko moduan ere islatzen ditu ezaugarri horiek. Sanjurjok bere gain hartu du ikastolen arteko, eta erakunde publiko eta sozialekiko lankidetza indartzeko erronka, hezkuntza, kultura eta gizarte proiektuak bultzatzeko, eta bizitzaren esparru guztietan euskararen erabilera indartzeko.

Agurra Elena Zabaletari

Azken urteotan Nafarroako ikastolen lehendakari eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko kide izan den Elena Zabaleta ordezkatu du Sanjurjok Nafarroako Ikastolen Elkartean. Orain arte lehendakari izan denak ere lan itzela egin du Nafarroako ikastolen alde, eta berauen ahots izan da bai Nafarroan baita Ikastolen mugimenduan ere.

Langile nekaezina, lurralde guztietako  ikastolen elkarlanaren defendatzaile sutsua izan da Elena Zabaleta. Arrastoa utzi du gure mugimenduan, eguneroko  lanean, eta, bereziki, Euskal Herriko ikastolak etorkizunera begira jarri dituen iazko Zazpigarren Batzarraren prestaketan eta hura aurrera eramateko lanean funtsezko protagonistetako bat izan da.

Pauso bat atzera egin du orain, baina aurrerantzean ere, ikastolen mugimenduak alboan izango du Elena Zabaleta. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak,  ikastolen mugimenduaren izenean, aitortu eta eskertu egin nahi dizkio lehendakari ohiari,  urteotan ikastolei eskaini dizkion orduak, lidergoa, prestutasuna eta militantzia.