Gipuzkoako Bertso Idatzien Eskolartekoa 2025

 

Martxoaren 11n, Azpeitian, hasiko da aurtengo Gipuzkoako Bertso Idatzien Eskolartekoa. Herrialdea zortzi eskualdetan banatuta, zortzi saio izango dira guztira, martxoaren 28an, Usurbilen, Urola Kosta eskualdeari dagokionarekin amaitzeko. 

Adinari dagokionez, atal bitan banatuta antolatu dugu aurtengo Idatzizkoa: Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta DBHko 2. mailara artekoa era presentzialean egingo da, hau da, ikasleak eskualdeka antolatuko diren saioetara joan egingo dira bertan bertsoak idaztera. Eta DBH 3. mailatik Batxilergoaren 2.erakoak, berriz, online egingo dute euren lana, martxoaren 20ra bitarteko epean. 

Ekitaldi guztiak goizez izango dira. 9:30ean hasiko dira parte-hartzaileak bertsoak idazten, eta ordu bete izango dute lana burutzeko. Ondoren, bertso saioa izango da, horretarako deituko ditugun bertsolari gazteen eskutik, eta entzuleen konplizitatez jarritako gaien inguruan. 

Ekitaldia amaitzeko sari-banaketa ekitaldia izango da. Bertan izendatuko dira adin tarte bakoitzean diren saridunak. 

 

Honako hau da egutegia saioz saio: 

 

Martxoaren 11n, UROLA eskualdea, Azpeitiko Basazabal jauregian

Martxoaren 13an, DEBABARRENA eskualdea, Elgoibarko Herri Antzokian

Martxoaren 14an, DEBAGOIENA eskualdea, Eskoriatzako Almen ikastolan

Martxoaren 20an, TOLOSALDEA eskualdea, Villabonako Gurea aretoan

Martxoaren 21ean, OARSOALDEA-BIDASOA eskualdea, Orereta ikastolan

Martxoaren 25ean, GOIERRI eskualdea, Zumarragako Zelai-Arizti aretoan

Martxoaren 27an, BURUNTZALDEA-DONOSTIALDEA eskualdea, Hernaniko Biteri aretoan

Martxoaren 28an, UROLA KOSTA eskualdea, Usurbilgo Oiardo kiroldegian