Giro paregabea, Zangozan, Nafarroa Oinezen ospakizunean
Oso giro ona, paregabea, dago Zangozako karriketan, Nafarroa Oinezen ibilbidean eta guneetan. Herritarrek erruz erantzun diote Nafarroako ikastolen deiari, eta milaka ikastolazale eta euskaltzale iritsi dira Zangozara, ikastolen eta euskararen jaia ospatzera. Goizeko hamarretako ekitaldiarekin eman diote hasiera Nafarroa Oinezi. Ordutik aurrera, Zangozara etorri diren milaka herritar egun ederraz eta askotariko ikuskizunez gozatzen ari dira.
Irekiera ekitaldian, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Elena Zabaletak Nafarroako Gobernuari dei egin dio ikasleen behar berezi eta guztiak finantzatzera. "Ikastolak ameslariz beteta daude, baina ameslaria izatea ez da bakarrik zerbait desiratzea, amets horiek lortzeko lan egitea ere bada. Eta bide hori ez dugu ikusten guk bakarrik egitea, administrazioa ere lagun izan behar dugu eta elkarlanean jardun behar dugu. Jakin ikaslea erdigunean jarri dugula, ikaslea da garrantzitsua. Ikasleak dituen behar berezi eta guztiei erantzuteko prest gaude ikastoletan, eta horretarako finantziazioa ezinbestekoa da. Guk gure lana eta eskarmentua jarriko ditugu; administrazioak finantzazioa. Adosterik badugu?", adierazi du Zabaletak.
Zonifikazioaren aurka
Euskararen zonifikazioa ere salatu du Nafarroako Ikastolen lehendakariak. "Logikaz kanpo dagoen arrazoi batengatik 3 hizkuntza eremutan banatua dago Nafarroa. Oraintxe bertan, oker izendatutako euskaldun ez den eremu batean gaude, eta guk eremu osoa nahi dugu euskaldun, ez dugu zatiketa hori onartzen", esan du eta gogorarazi du Europako Kontseiluak ere, hizkuntza gutxituen egoerari buruzko seigarren txostenean, kritika egin ziela erakunde publikoek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan aplikatutako hizkuntza politikei "Nafarroan oraindik egoera okerragoa da, ez dira eskubide hoiek bermatzen. Beraz, behin eta berriro, aldarrikatzen jarraituko dugu: euskera ofiziala Nafarroan, euskera ofiziala Euskal Herri osoan", gehitu du Elena Zabaletak.
Bukatzeko, euskaraz mintzatzera animatu ditu entzule guztiak: "Ez utzi euskera solasteari, ez utzi euskera maitatzeari. Ikastoletan temati lanean jarraituko dugu hori hala izan dadin".
Zangozako ikastolak eskualdea euskalduntzeko egiten duen lana goraipatu dute ikastoletako ordezkariek eta hitza hartu duten guztiek, eta denek izan duten hizpide, baita ere, Zangozak eta eskualdeak bizi duten despopulazioa.
Omenaldi bikoitza eta lekuko aldaketa
Zangozako ikastolan urteetan lanean aritu diren eta erretiroa hartu duten irakasle bat eta langile bat omendu dituzte hasiera ekitaldian, eta ondorengo ekitaldian, berriz, Zangoza ikastola 1978an sortu zuten guraso aitzindariak izan dira omenduak.
Bigarren ekitaldi horretan lekuko aldaketa ere izan da, eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak hartu du 2025eko Nafarroa Oinez antolatzeko ardura.