Indarrez eta “garaiko erronkei” eusteko deia eginez abiatu da Kilometroak 2024

 

10:00etan abiatu da Kilometroak festa Azpeitian. Irekiera ekitaldia eta Erronkarekin hasi da, aldi berean. Aurrenekoa Ikastolan, eta bigarrena plazan.

Skapaie elektrotxarangak eman dio hasiera ekitaldiari, ‘Izpiz izpi’ aurtengo Kilometroetako abestia joz. Ikasberri ikastolako gaztetxoek lagundu diete musikariei izpiz izpi erritmoan dantzatuz. Miren Iturzaeta eta Mattin Arakistain ikasleek aurkeztu dute ekitaldia, eta Euskal Gorrak elkarteko kide den Amagoia Osinaldek zeinu hizkuntzara itzuli du ekitaldi osoa.

Igor Aranbarri Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Artezkaritza Kontseiluko kidea izan da aurrena irekiera ekitaldian hitza hartzen. Atzera ez ezik aurrera ere begiratu du, eta nabarmendu du Kilometroen urtean abiatutako lana ez dela gaur amaituko: “Aurtengo Kilometroen urtean abiatu dugun bidean jarraitzea da gure desioa. Eguzkiloreak argi egiten jarrai dezan nahi dugu. Aurrerantzean ere gure ardatzek —euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza— etenik gabeko mugimenduan jarrai dezaten. Eta horretarako, ikasturte guztian zehar erein dugun hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea da gure hurrengo erronka”.

Izan ere, urte osoa pasatu dute Ikastolan hiru ardatz horiek lantzen barrura zein kanpora begira. Kilometro txikietan, ikasle topaketetan, etapaz etapa egiten ari diren Tutera-Azpeitia ibilaldian, eta aurrera eraman dituzten beste hainbat ekimenetan.

“Hosto ezberdinez osatutako Eguzkilorea da gure irudia. Gure aniztasunaren eta elkarreraginaren irudi argia da. Lorearentzat hosto guztiak diren neurrian ezinbesteko, gara guztiok lorearen parte. Eta horretan… Izpiz izpi, mugarriz mugarri… pausoz pauso joan gara bidean aurtengo gure ardatzak elikatuz”, nabarmendu du Aranbarrik.

Nagore Alkorta Azpeitiko Alkateak eta Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak hartu dute hitza ondoren: Urte osoko jardunean egindako lana eskertu die Nagore Alkorta alkateak ikastolako kideei: “Kilometroak hitzak niri behintzat iradokitzen dit egindako bide bat, esfortzu bat. Askotan esaten da emaitzak adinako garrantzia duela bideak. Ziur nago gaurko eguna biribila aterako dela, horretan ez daukat zalantzarik, baina udalaren izenean bidean egindako lana eskertu nahi nizueke Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideoi. Euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna nahiz herrigintza izan dituzue ardatz azken urtebeteko bide honetan, eta arlo horietan eguzki izpi berri batzuk sortzeko egindako ahaleginagatik, eskerrik asko”.

Pedrosa hezkuntza sailburuak “Eguzkiloreak nola, gure hezkuntza sistemak bere eguzkilore propioa” behar duela aipatu du, eta eguzkilore horretan Ikasberri ikastolak landu dituen ardatzak ezinbestekoak direla adierazi du. “Argi izpiek kemen eta indarrra eman beharko digute ikasle eta familia guzti-guztien atxikimendua lortzeko”, eta ikastetxeetatik abiatuz herrigintza eragitea egokituko dela azpimarratu du. Horretan, euskal curriculumaren lanketa ez ezik, hizkuntza proiektu sendoak, irakasleen prestakuntza eta ikasleen aniztasuna lantzea egokitzeko beharrean sakondu du.

Bertsolarien txanda izan da, gero. Iturzaeta aurkezleak ondo adierazi bezala: “Historiaren ari muturrak batzen dituzten bi bertsolari ekarri ditugu. Imanol Lazkano: Ikastolaren sorburuan laguntzaile fin izan genuen. Eta Joanes Azpillaga: Ikasberri ikastolako ikaslea. Kimu berria”.

“Aniztasuna dela gaurkoan iparra / erakusteko ez da aitzakia txarra”. Azpillagaren azken puntuarekin borobilduz, bertsolariek ere euskarari, herrigintzari eta aniztasunari egin diote keinu.

Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun nagusiak hitz egin du ondoren. Hiru ardatzak “ezin hobeto aukeratuta” daudela nabarmendu du Mendozak ere. “Euskara integraziorako ezinbesteko tresna” dela esan du batetik, eta honakoa gaineratu du: “euskara babesten ez badugu herri gisa jai dugu”la. Aurtengo logotipoa den eguzkilorea ere hartu du ahotan, eta gogora ekarri du, eguzkilorea baserriko eta etxeetako ateetan jartzen den arren, naturatik apartatzen baldin bada “lehortu” egiten dela. Euskararekin ere gauza bera gertatu daitekeela ohartarazi du, eta euskara etxe barruan bai, baina kalera ere ateratzeko dei egin du, “ez utzi etxean”.

Mendozaren atzetik Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak hartu du hitza. Hark zorionak eta eskerrak eman dizkie Azpeitiko Ikastolako kideei: “Neurriz txikira irudikatu duzuen jaiak balio handiko ekarpena egin digu Ikastoloi”.

Ikastolek unean uneko erronkei aurre egin behar izan diela adierazi ostean, XXI. mendean hezkuntza komunitateak ez ezik “gizarte osoak” ere erronka handia duela ohartarazi du: “Oso erritmo azkarrean bizi den gizarte globalizatu eta postmodernoa gara. Kontsumo eta harreman ohitura gero eta berdinagoak ditugu, ingurune digitala gure harreman-bizitzaren alderdi indartsu bihurtu da, eta indibidualizazio prozesuek ez dute etenik”.

Egoera horretan, ikastolen egitekoa zein den ere argi du Perez de Arenazak: “Ikastolen balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitea, hain zuzen ere. Euskaratik eta euskaraz. Eta horretan garela, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu”. Eta hortxe kokatu du Ikastolen zazpigarren batzarrean onartutako bide orria: “BIHARKO IKASTOLAK BIHARKO EUSKAL HERRIA ERAIKITZEKO” bide-orria.

Hala, aurtengo kilometroen hiru ardatzak ere, egungo egoeran ondo kokatuta daudela narmendu du: “Hosto ezberdinez osatutako Eguzkilorea gure aniztasunaren eta elkarreraginaren irudi argia da. Lorearentzat hosto guztiak diren neurrian ezinbesteko, gara guztiok lorearen parte”.

Gainera, Lopez de Arenazaren esanetan, Azpeitia euskararentzat “arnasgune handia” izanda, “toki horretatik, euskararen idarberritzearentzat erreferentzia handia da eskualdean, baita Euskal Herrian ere. Euskaraz lan eta bizi nahi dugun guztiontzako ipar nagusiak baitzarete arnasguneak”. Horregatik, Azpeitiak eta bertako ikastolak ere XXI. mendeko erronkei erantzuteko eginahalak egin behar dituela narbarmendu du: “Euskaratik kulturarteko hezkuntza eta harremanak eraikitzea ezinbesteko erronka bihurtu zaigu. Azpeitian eta eskualdean, kultur eta jatorri desberdinetako jendea bizi zarete, eta non gauden ahaztu gabe, eta euskaraz, baina inor bidean utzi gabe, elkarri entzunez, lagunduz eta elkarrekiko errespetua landuz eraldatuko dugu gizartea. Berdin, aniztasunarekin ere. Ezberdinon arteko harremanak aitortu eta sustatuz berrituko gara”.

Hasitako bidean jarraitzeko dei eginez amaitu du hizketaldia Perez de Arenazak.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia

Jakina zen Azpeitiko Ikastolak omenaldia egingo ziela Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, haien jardunak bete-betean bat egiten duelako Kilometroen urtean landu dituzten hiru ardatzekin: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna, eta herrigintza.

Ekitaldiaren une hunkigarrienetako bat izan da Mari Azkue Ikastolako zuzendariak haientzako prestatutako hitzak irakurri dituena. (Ondorengoa testuaren zati bat da).

“Aurtengo gure eguzkilorearen hiru ardatzak zuen sentipen eta ekintzetan sumatzen ditugu behin eta berriz. Irri-irrika. Euskara, kulturtatekotasuna eta aniztasuna. Eta herrigintza. Hirurak Borobilean, hirurak borobilduta. Eguzkilorearen muin-muinean. Euskara da zuen bihotz taupada. Euskaraz zatozte guztiongana. Euskaraz kontatu eta kantatzen dizkiguzue guztionak diren istorioak. Inor ere atzean utzi gabe, aniztasuna maitatuz… irria oparitzen duzue guztiontzat. Irriaren hizkuntza delako bihotzarena, buruarena eta eskuarena. Ekinean, ekin etengabean. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da zuen mezua. Herriz herri, herrigintzan ari eta ari den horrengandik hurbil, beti eskura, beti gertu. Eta guk horixe da, bihotz-bihotzez, eskertu nahi dizueguna. Urteak bete, abenturak bizi. Zer litzateke gure haurtzaroa, gure guraso aroa Pirritx, Porrotx eta Marimotots gabe? Ezinezkoa zaigu halakorik irudikatzea”.

Eskertuta agertu dira pailazoak ere. “Eskerrik asko, guk ere ilargiraino eta buelta maite zaituztegu”, esan dute. Aurretik izandako hitz hartzeei erreferentzia eginez eta hiru ardatzak ahotan dituztela, irriz eta dantzan jarri dituzte ekitaldian zeudenak. Ekitaldian parte hartu dutenak eskutik eutsita dantzan, ‘Epo itai-tai eee’... “Denok eskutik helduta egin behar dugu bidea, “aniztasunean, kulturartekotasunean eta guretik emanda”. Eta geroago, gaineratu dute: “Pedrosa andereak esan duen bezala, gu lehen lerroan gaude, baina denon erantzukizuna da”.

Hiru pailazoek Txapasi itzuli diete, nolabait ere, Ikastolak beraiei egindako omenaldia. 78 urte ditu Txapasek, eta pailazoek goretsi dutenez, oraindik ere ostiralero joaten da Zarauzko Ikastolara “Iritsi da ostirala” kantatzera. Pirritxek esan du, bera Aiora Zulaika denean, Anoetako Herri Ikastolako irakaslea dela, eta askotan deitzen diola Txapasi laguntza eskatzeko. “Izan zirelako garelako, eta garelako izango direlako”. Kilometroekin duten lotura emozionala ere nabarmendu dute. Hala esan du Pirritxek: “Nik begiak ixten ditudanean Gabonak eta Kilometroak etortzen zaizkit burura”.

Eta halaxe, elkarri txokolatezko muxuak eman, eta salto eta algara, plazarako bidea hartu dute.

 Lekukoa Elgoibar ikastolari

Kalejiran egin dute Ikastolatik Azoka plazarainoko bidea Pailazoek, Ikastolako kideek, gerturatu diren agintariek, eta batu nahi izan duen herritar orok. Skapaie elektrotxaranga ez ezik, bidean lagun izan dituzte Musika Eskolako ikasleak eta Musika Bandakoak ere.

Azoka plazan, Kilometroetako zapi koloretsuekin osatutako pasilloan zehar egin dute aurrera Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Eta han, Aurreskua dantzatu diete, beraiena den Katu bi abestiarekin.

Igor Aranbarri Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko lehendakariak hartu du lekukoa, eta baita hitza ere. “Eta… Izpiz, izpi… urratsez urrats… ospakizun egun honetan, Elgoibarko Ikastolari lekukoa ematea dagokigu orain. Hona, lekukoa. Gure bidelagun eta zaintzaile indartsua. Edozertarako, bide-lagun izango zaituztegu. Kilometroak urte gozagarri eta emankorra izan dadin opa dizuegu”.

Jon Lizarralde Muriamendiaraz Elgoibar Ikastolako Lehendakaria oso eskertuta azaldu da lekukoa jaso duenean, eta denak gonbidatu ditu datorren urtean izango den jaira.

Elgoibarren antolatuko dituzten bigarren Kilometroak izango dira, eta ilusioz daudela esan du. Herrigintza, euskara, eta barne komunitatea sendotzea izango dituzte helburu.

Egitaraua martxan

Esku aldatze ekitaldia egiterako, kolorez eta euskalkiz beteta zegoen Azpeitiko herria. Gune guztietako egitaraua martxan da, eta gogotsu eta pozik, lanean dira 1.000 boluntario baino gehiago. Nabarmentzekoa da lau gunetatik hirutan puntu morea prestatu dutela antolatzaileek, Kilometroetan ez delako inolako eraso matxista, LGTBIfobiko eta arrazistarik onartzen.Mezu hori, gainera, dagoeneko entzun da bozgorailuetatik ere.

Horrez gain, aurtengo Kilometroetan bereziki zaindu da aniztasun funtzionala duten pertsonen erosotasuna. Behar bereziak dituztenek pase azkarra dute eskura, eta lasai egoteko guneak egokitu dituzte Loiolako eta plazako guneetan.

Oraindik luzea da eguna, eta egitarau oparoa dago. Beraz, antolatzaileek festara batzeko deia egin dute.