Boiseko ikastolako ordezkari bat hartu dugu Ikastolen Etxean

Bisita berezi  bat izan dugu, gaur, Ikastolen Etxean. Boiseko ikastolaren sortzaileetako bat etorri zaigu, Janice Mainvil. Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarraren ibilbidearen berri eman digu Mainvilek. Azaldu digunez, amets bati jarraitu nahian, asmo tinko batekin eta musu-truke eskainitako ordu zenbatezin askoren ondorioz, Boiseko Ikastolak 1998ko urrian ireki zituen ateak. Guraso talde eta hezitzaile batzuk Euskal ondareez harro eta euren umeei eta euren ondorengoei euskara ikasteko aukera eskaini nahian, amets hori errealitate bihurtu zuten ikerketa ordu askoren ondorioz.

Hogeita bost urtetik gora  igaro  dira ordutik, eta gaur egun, proiektu sendoa  da Boiseko ikastola; 3-5 urteko haurrentzako zerbitzua ematen du, haurrek etxetik euskara eraman edo ez.

Ikastolen Elkarteko lehendakariarekin, zuzendariarekin, Hezkuntza arduradunarekin eta Haur eta Lehen Hezkuntzako taldekideekin elkartu da Mainvil, eta Ikastolen Elkartean eta Euskal Herriko ikastoletan egiten dugun lana azaldu diogu.

Elkarlanerako bideak urratzen hasteko lehen bilera ere  izan da,  eta etorkizunean ikastolen mugimenduko 115. ikastola izateko bideak ere aztertzekotan geratu gara.