Ikastolok biharko herri erronkei erantzuteko indarra erakutsi dugu, Iruñean

Iruñea, 2024ko ekainaren 22a

 

“Biharko Ikastolak behar ditugu biharko Euskal Herria eraikitzeko”. Esaldi horrekin laburbildu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak, gaur, Iruñean, Ikastolok egin dugun Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak. Besteak beste, erabaki dugu Ikastola eredua eguneratu, egonkortu, zabaldu eta aldarrikatzea, Ikastolen Elkartea indartzea, Euskal Herri osoko mugimendu-izaera indartzea, pertsonak erdigunean jartzea, ikastolen irismena handitzea, Hezkuntza Proiektua sendotzea, euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak ezartzea eta Ikastoletako hizkuntza-proiektuak eguneratzea. 

Eta hori guzti hori ez dugu bakarrik egin nahi, ezta guretzat bakarrik ere. Hezkuntza, herrigintza, kulturgintza eta euskalgintzako eragileekin, tokian tokiko erakunde eta administrazio desberdinekin egin nahi dugu. “Elkarlanean, elkarrekintzan, lankidetzan. Erronkak kolektiboak direlako, herriarenak, eta erantzunek ere halakoak izan behar dutelako”.

Ikastolen Elkartean biltzen garen 114 ikastoletako ordezkariak Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian batzartu gara, gaur, Ikastolen Zazpigarren Batzarrean. Etorkizun hurbileko erronkei erantzutea genuen xede, eta gaur amaitu den prozesua aberatsa izan da. “Eztabaida-prozesu luze, trinko eta aberats baten ondorioz, Euskal Herria eraikitzeko behar ditugun biharko Ikastolen norabidea birdefinitu dugu. Milaka lagun, ehunka ekarpen eta  dozenaka bilera egin ditugu hona iristeko”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak. Prozesuak eta emaitzak merezi izan dutela erantsi du: “Duela urte bete baino sendoago gaude”.  Aurrean diren erronkak eta zailtasunak handiak direla aitortu du, baina horiei erantzuteko ikastolen indarrak ere handiak direla gaineratu du Artolak.

Hartu diren erabakiak zerrendatu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak: 

  • “Ikastola-ereduaren aldeko hautua berretsi eta indartu dugu”.
  • “Ikastolon mugimendua indartzea erabaki dugu”.
  • “Euskal Hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpenak egiten jarraitzeko engaiamendua hartu dugu”.
  • “Euskal Herri osoari erantzuteko egitasmo nazionalak indartu eta berriak sortzea deliberatu dugu”.
  • “Euskal Herrian bizi diren ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak hartzeko konpromisoa berretsi dugu”.
  • “Ikastolon mugimendua osatzen dugun pertsona guztiak erdigunean jartzea erabaki dugu”.
  • “Hezkuntza Proiektua sendotzeko bideak zehaztu ditugu. Hasi, euskal curriculuma eguneratzetik, ikasmaterialen nolakotasunarekin jarraitu eta digitalizazioan burujabetzarako eta tresna digitalen integrazio pedagogikoaren inguruko posizioa hartuz”.
  • “Hezkuntza formaletik haratago hezkuntza ez formalean ere gure hezkuntza-proiektua garatzearen aldeko hautua indarrez berretsi dugu”.
  • “Euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak jorratu ditugu, Eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Ikastolak euskara lau haizeetara zabaltzeko sortu ginen. Eta gaur egun euskarak ikastolen beharra du, behar bada, sekula baino gehiago”.

 

“Amesten jarraitu”

Etorkizuna irudikatzeko orduan, ametsak aipatu ditu Nekane Artolak: “Amesten jarraitzen dugu. Amesten dugu izango dugula etorkizun oso hurbilean Ikastola berria Beskoitzen; euskara ofiziala izango dela  Aturritik Barbaduneraino eta Kantauritik Bardearaino; burujabe eta ausartak izango garela amesten dugu; jendarte justuago eta kohesionatuago batean biziko garela; euskararen kontrako oldarraldiarekin baino euskararen aldeko adostasun sozial eta politikoekin amesten dugu; amesten dugu desobedientzara jo beharrik izan gabe gure ikasleek euskaraz burutu ahal izango dutela beraien ikaste-prozesu osoa”.  Azkeneko esaldiari erreferentzia eginez txaloak eskatu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, “gure ikasleei Baxoko ahozko handia euskaraz pasatzea ahalbidetuko dien irakasle taldearentzako”.

Sarri, egunerokoaren kezkak eta zailtasunak gailentzen zaizkigula aitortu du Ikastolen Elkartekeo lehendakariak, “baina, zorionekoak gu” erantsi du, “talde oso bat dugu-eta bultzaka, eusten gaituen sare indartsu bat, etorkizunari baikortasunez, ilusioz eta gogo biziz begiratzen dion ameslariak gara”. 

Ikastolen komunitatea zabala eta konprometitua dela esan du Artolak, eta prest gaudela lan berriei ekiteko. “Herriarentzat eta herritarrentzat; hezkuntzatik, euskalgintzatik eta herrigintzatik. Izan zirenengatik, garenongatik, izango direnengatik… atzo, gaur eta bihar, gora Ikastolak eta gora ameslariak!”, amaitu du.

Erakunde eta eragileen babesa

Hezkuntza, herrigintza, kulturgintza eta euskalgintzako eragileekin, tokian tokiko erakunde eta administrazio desberdinekin elkarlanean jardun nahi dugula berretsi dugu ikastolok, eta arlo horietako ordezkari ugari egon dira batzarraren osteko ekitaldi sozialean. Besteak beste, erakunde eta elkarte hauetako ordezkariak izan dira: Nafarroako Parlamentua, EH Bildu, Geroa Bai, LAB, Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskarabidea, Bai Euskarari, AEK, IKA, Nafarroako Eskola Kontseilua, Elkar, Ikaselkar, Nabarralde, Bizi Poza eta Errigora. Nazioartetik, berriz, Galiziako Semente eskoletako eta Korsikako Scola Corsa-ko ordezkariak izan dira. Bi erakunde hauetako lehendakariek hitza hartu dute, Errigorako eta Bizi Pozako ordezkariek bezala. 

Ekitaldian Kukai eta Duguna dantza taldeen eta Paz de Ziganda Ikastolako Abesbatzaren emanaldiak ere izan dira, eta ikastola horretako bi ikaslek ere hartu dute parte, poema bat errezitatu du batek, eta bertso bat abestu, besteak.